Eroritako azken samuraia

Ekai Lersundi gazte transari buruzko 'Mi gran pequeño samurai' dokumentalarekin hasiko da 17. Zinegoak, astelehenean. Hainbat film, dokumental eta saio berezi egongo dira martxoaren 8ra arte

Zinegoak jaialdian Mi pequeño samurai dokumental laburraren aurkezpen prentsaurrekoa, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Bilbo
2020ko otsailaren 19a
00:00
Entzun

Ekai Lersundi Ondarroako (Bizkaia) trans gazteak bere buruaz beste egin zuen duela bi urte. Gertakari horri buruzko Mi gran pequeño samurai (Nire samurai txiki handia) dokumental laburrarekin hasiko dute 17. Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdia, astelehenean, Arriaga antzokian. «Film labur honen helburu nagusia da jendea laguntzea», adierazi du Arantza Ibarra dokumentalaren zuzendariak. Eta arduradunek ere errealitate hori azaleratzeko helburuarekin programatu dute filma hasierako ekitaldian: LGTBI mugimenduko kideen artean dauden suizidioei ikusgarritasuna emateko. Hala azaldu du filma Pau Guillen Zinegoakeko zuzendariak: «Ez du bilatu morboa eta ez du atzera begiratzen. Etorkizuna du helburu».

Asteburu batean grabatu zuten film osoa. Lekukotzak dira nagusi dokumentalak irauten duen hogei minutuan: gaztearen gurasoena, lagun batena, irakasle batena eta Naizen elkarteko bi kiderena. Parte hartu duten guztiei egin die erreferentzia zuzendariak, filmaren azken esaldian: «Haiek Ekaigatik jarraituko dute borrokatzen, bera izan dadila jausitako azken samuraia». Gaztearen gurasoak egindako diru bilketa baten bidez finantzatu dute proiektua, inongo laguntza publikorik gabe. «Honekin pertsona bakar bat laguntzea lortzen badugu, ondo ordainduta egongo da», azaldu du Elexar Lersundi gaztearen aitak.

Bereziki sexualitateari eta identitate aniztasunari ikusgarritasuna ematea da aurtengo Zinegoak festibalaren helburu nagusia. «Lehenengo planoan egon ohi ez diren sexu aniztasunaren elementuak» ekarri nahi dituzte argitara, eta Hamaika modu izateko, sentitzeko, maitatzeko, bizitzeko leloa jarri diote. Astelehenean egingo duten hasiera ekitaldian, Pepa San Martin zuzendari eta gidoilari txiletarraren ibilbidea omenduko dute, Zinegoak 2020 Ohorezko Saria hari emanez. Martxoaren 7an izango da amaiera ekitaldia, eta hurrengo egunean jakinaraziko dute saridunen zerrenda.

Bi asteko epean erakutsiko dituzte ikus-entzunezko pieza guztiak; Golem Alondegian, Bilborocken eta Bilbo Arteko ArtHouse Zineman. Film guztien artean Euskal Herrian sortutako lanak ere izango dira. Euskaraz sortutako lan bakarra proiektatuko dute: Nora Alberdi Odriozolaren Kuraiosa. Halere, Zinegoaken ikusi ahal izango diren film labur gehienak euskarazko (eta gaztelaniazko) azpitituluekin ikusi ahalko dira.

Gaiak filmak bezainbeste

Asko dira jaialdian landuko diren gaiak: homofobia eta sexu aniztasunaren kontrako presio sozialen hazkundea, LGTBI mugimenduko kideen artean gertatzen diren suizidioak eta emakumeek Sudanen bizi dituzten trabak, besteak beste. Aurreko urteetan erabilitako atalak egonkortu dituzte gai horiek guztiak antolatzeko: Fik, Dok eta Krak izenekoak. Sail ofizialeko lan guztiak hiru izenburu horien pean bildu dituzte jaialdiko arduradunek.

FIK kategorian nazioarteko jaialdietatik heldutako fikzioko filmak proiektatuko dituzte. Horren adibide da Cannesko jaialditik hartutako Port Authority filma. Danielle Lessovitzek zuzendu du lana, eta Martin Scorsesek ekoitzi; transfobia sozialaren gaia kontatzen du zis mutil batek eta neska trans batek osatzen duten bikote baten istorioaren bitartez.

Dok sailean film luze dokumentalak erakutsiko dituzte. Aurten trans errealitateek izango dute nagusitasuna. Horien artean, Becoming Collen (Collen bihurtzen) filmean ikus daiteke adineko transen errealitatea eta zahar etxeetan izaten duten arreta falta.

Krak sailak lengoaia berriak eta istorioak kontatzeko modu «ausartak» plazaratuko ditu. Spit and Ashes (Listua eta errautsak) filmean, adibidez, historian zehar erlijioaren, medikuntzaren eta familiaren bidez emakumeei eragindako indarkeria erakutsi du Maria Beatty zuzendari venezuelarrak.

Jaialdi osoan emango dituzten filmen artean 11 sari banatuko dituzte, eta, lehenengoz, sari nagusi bat emango dute Sail Ofizialeko kideen eta publikoaren artean adostuta. Arduradunek osatutako epaimahaian Eneko Sagardoi aktoreak eta Tania Arriaga ikus-entzunezko irakasleak hartuko dute parte, besteak beste.

Jaialdiko egunetan, pelikulak proiektatzeaz gain, saio berezi batzuk ere egingo dituzte zuzendariekin eta aktoreekin. Bilgune vermut izena jarri diete ekitaldi horiei, eta otsailaren 29an eta martxoaren 1ean izango dira, 12:00etan, Bilborocken. Horrez gain, arte eszenikoentzako tokia ere edukiko du jaialdiak. Hiru proposamen eszeniko izango dira guztira: Lurrun Minez, Cómete una mierda. Homenaje a John Waters (Jan kaka. John Watersi omenaldia) eta Charla de pijamas (Pijama solasaldia).

Zinegoak jaialdi ofiziala amaituta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 60 udalerritara eramango dituzte Bilboko emanaldietan ikusi ahal izango diren hainbat pelikula.

Europa hegoaldeko LGTBI jaialdien arteko topaketa ere egingo da Zinegoak-en barruan. Parisko, Milango (Italia), Tesalonikako (Grezia) eta Lisboako jaialdietako arduradunak bertaratuko dira, sareak sortzeko asmoz.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara: www.zinegoak.com

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.