Donostiako 85. Musika Hamabostaldia

Eromenaz sortzeak ahal duena

Marta Garcia
2024ko abuztuaren 27a
05:10
Entzun

'FOLIA'

Hizkuntzaren bihurguneetan murgilduta, folia hitzaren inguruko historiak bikain deskribatzen du igandean Kursaalean bildu ginenok bizi izan genuen hori. Antza, «eromen» zentzua zeukan jada XIII. mendeko testuetan (Gonzalo de Berceoren erromantzez idatzitako olerkietan, adibidez). Ez da harritzekoa XVI. mende bukaerako giro herrikoietan jaiotako dantza azkar eta zalapartatsua, instrumentu askoren laguntzaz interpretatua, izendatzeko ere erabili izana, Urrezko Mendeko Gaztelan ezagunenetakoa bihurtu zena. Eta hori guztia zen, hain zuzen, Kafig dantza konpainiak eta Le Concert de l’Hostel Dieu antzinako musika taldeak egin nahi zuten proposamena: folia-k eta erokeriak beren unibertso musikalaren oinarrian jartzea. Egin zuten, gainera, ikusle guztiak txunditzeko moduan.

Era guztietako erokeriak daude: euforikoak, beldurgarriak, maitasunezkoak, espiritualak, kolektiboak. Nola edo hala, musikariek eta dantzariek oholtza gainean jarri zituzten guztiak, bizitasuna eta sentiberatasuna maisuki uztartuz, mestizajea eta anakronismo kontzientea arau ziren espazio eta denbora batean. Pascale Robinek eta Nadine Chabannierrek diseinatutako jantziek ere aditzera ematen zuten nahasketa hori. Eszenak bata bestearen atzetik zetozen atsedenik gabe, Yoann Tivoliren argiztapen lan liluragarriak zein eszenografia sotil eta landuak ezin hobeto markoztatu zituenak.

Musikari dagokionez, neure buruari galdetzen diot ez ote zen posible izango hori guztia musikariak eta sopranoa mikrofonatu gabe egitea, zeren horrek, ezinbestean, harien soinua lausotu baitzuen, hondoan garbi ikusten zen arren, eta neurri batean Newhouseren lerroa eta kolorea desitxuratu zituen, bestela askoz argiagoa izango litzatekeena. Uste dut Kursaalaren akustikak horretarako aukera eman zezakeela. Hala ere, ikuskizun txundigarria izan zen, gogamenean denbora luzez irauten duten horietakoa.    

Egiaz, sortze prozesuetan bada beti eromena, arauetatik askatu nahia, jasotakoa iraultzeko beharra. Betoz, bada, erokeria sortzaileak. Edo joango gara bestela haiengana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.