«Erlijioa hobe da umoretik aparte uztea»

Ismail Kadarek uste du umorea landu ahal izateko idazleak ezinbestean dogmetatik urrundu eta aske sentitu behar duela. Bilboko Barrea saria jasoko du gaur idazle albaniarrak.

Ismail Kadare idazle albaniarra, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2012ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Pozik» dago Ismail Kadare (Gjirokaster, 1936) literatura eta umorea uztartzen dituen sari bat jasoko duelako. Esan duenez, saiatzen da bere obra guztiek, asko «guztiz tragikoak» izanagatik ere, «umore ukituren bat» izan dezaten. «Ez dakit beti lortzen dudan; horregatik eskertzen dut saria, nire lanen umoreaz ohartu direla esan nahi duelako, nonbait».

Bilboko Barrea saria emango diote gaur, eta, bidenabar, Carmen Posadaren galderei erantzungo die BBK aretoko ekitaldi batean, 20:30ean. Kazetari talde batekin bildu da aurreko egunean, Alianzaren bidez espainieraz plazaratu duen azken nobela aurkezteko (E penguara: Requiem për Linda B.), eta honetaz eta hartaz hitz egiteko. Solasaldia hasi aurretik, euskaraz idatziko duen berriemailerik baden galdetu du.

Literaturan umorea lantzea «ezinbestekoa» dela uste du, «nahiz eta erregimen totalitarioetan oso zaila den». Horregatik, sinetsita dago idazleak libre sentitu behar duela umorea jorratu ahal izateko. «Begirada askea izan behar du, eta dogmetatik urrun egon, erregimena tankera batekoa zein bestekoa izan: komunista, nazia edo faxista».

Nolanahi den, erlijioari dagokionez umorea aparte uztea hobe dela dio. «Badakit demokraziaren kontrakoa izan daitekeela hori, baina Albanian erlijioen artean errespetu handia dago, eta, oreka hori hautsiko balitz, gatazka handi baten atarian egon ahalko ginateke». Eta, pentsatzen jarrita, idazlearen beraren figura ere demokraziaren aurkakoa ez ote den galdetzen dio bere buruari. «Ez du inork aukeratu, eta hor dago, gauzak esan eta esan!».

Kadarek azaldu du literaturak «ideologien gainetik» egon behar duela. «Esan ohi da erregimenek, kolore guztietakoek, literatura baldintzatu egiten dutela. Ez nator bat. Egiazko literatura ona erregimenean loratzen da, baina aparte. Erregimenari men egiten dion literatura mediokrea da, eta hortik kanpo geratzen dena da benetako literatura ona». Hala, literaturak literatura baino ezin duela izan uste du. «Ezin du izan erregimen bat justifikatzeko tresna; hori ez da literatura».

Errealismo magikoa

Berrogeitik gora obra idatzi ditu. Gehienak Albanian bertan argitaratu zituen albanieraz, Enver Hoxharen agintaldiaren garaian. Eta beste asko Parisen idatzi ditu, 1990az geroztik han bizi baita erbesteraturik. Alabaina, nabarmendu du ez dagoela alderik sasoi batean zein bestean idatzitakoen artean. Eta erronka bota. «Ezagutzen ez nauen irakurle bati emaizkiozu nire liburuak, eta ziur nago ez duela igarriko aldi batekoak edo bestekoak diren».

Oraingo lanetan ere Hoxharen Albania ageri da. Eta E penguara: Requiem për Linda B. ez da salbuespena. Rudian Stefa antzerkigilea Alderdi Komunistaren egoitzara bidean dela hasten da nobela. Hara joateko deia jaso du. Baina ez daki ondo zergatik deitu duten. Ez du argi bere azken antzezlanarengatik den edo maitale bat duela jakin dutelako. Berehala jakingo du arrazoia: bere burua hil du deportaturiko neska batek, eta haren etxean Stefak berak eskuz sinaturiko liburu bat topatu dute.

Kadareren literaturan bereizgarri diren errealismo magikoa eta greziar mitologiaren gaurkotzea ageri dira nobela horretan ere. «Kritikariek esaten dute nire obrarik onena Albanian sortutakoa dela, presiopean idatzi nuelakoan. Baina lan honek ere ezaugarri berberak ditu». Kadarek ez du uste idazleen lanik onena erregimenetan sortzen den hura denik. «Bestela, bidal ditzatela zenbait idazle Ipar Koreara. Sekulako maisulanak idatziko dituzte!», salatu du, umore beltzera joz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.