Mende erdiko ibilbidean hiru film luze besterik ez ditu osatu Victor Erize (Karrantza, Bizkaia, 1940) zinemagile donostiarrak, baina kultuko zuzendaria da. Euskadiko Filmategiarentzat, behintzat, haren lana aintzat hartzeko modukoa da, eta gonbidatu egin du instituzioaren 35. urteurrenaren harira. Hori dela eta, Erizeren bi lan, El espiritu de la colmena (1973) film luzea —haren kopia berri bat— eta La Morte Rouge (2006) iraupen ertaineko lana, proiektatu zituzten atzo iluntzean Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Pentsatzen du Erizek filmategiak ezinbestekoak izan direla zinemagile belaunaldi askorentzat, eta iruditzen zaio, gainera, instituzio horien betebeharretako bat dela hiritarraren prestakuntzan parte hartzea eta laguntzea. «Horri buruz ohartarazteko nago, batez ere, hemen. Madrilen bizi arren, eta, beraz, distantziatik mintzo banaiz ere, esango nuke filmategia dela Euskal Herriko instituzio kulturalen senide pobrea».
Erizek atzo Donostian egindako agerraldian gogoratu zuen, adibidez, Henri Langloisek eta Georges Franjuk hauspotutako Frantziako Filmategira, Parisera, joan behar izaten zuela muga gainditzen ez zuten filmak eta zinemagileak ezagutu ahal izateko.
Pentsatzen du heziketa sistemaren barruan txertatu behar direla zinema, eta bide batez filmategiak. «Eskaini behar da pelikula horiek berezkoa duten tokian ikusteko aukera; hau da, pantaila handian, areto ilun batean... 90 urtez, 100 urtez, horretarako egin dira». Euskadiko Filmategiaren egoitza Tabakaleraren gunera eramaten badute, ez daki instituzioaren egoera aldatuko den ala ez, baina nabarmendu zuen Erizek filmategiak «zailtasunak» dituela emanaldiak egiteko. «Zinemaren historia zaindu behar da. Ahanzturatik berreskuratu behar dira filmak, eta ezagutzera eman. Ez da nahikoa altxor bat gordeta edukitzea, gero ez baldin baduzu hiritarren eskura jartzen». Filmategiak zinemagintzaren museoak direlakoan dago. «Toki biziak izan behar dute, ordea. Ez daitezela artxibo soilerako gune bihurtu, horrek bere garrantzia daukan arren. Filmak ezagutzera eman behar dira, eta ideia baten arabera programatu. Ezinbestekoa da hori».
Azken urteotan Erizeren lanak —lan kolektiboak, batik bat— ere nekez ikusi ahal izan dira zinema aretoetan. «Museo eta kultur etxeetan» soilik. «Agian, formatuagatik, ez dutelako iraupen estandarra...». La Morte Rouge dokumentalak Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentroak (CCCB) 2006an antolatutako Erice-Kiarostami. Correspondencies erakusketan du jatorria, eta Madrilgo La Casa Encendida gunean eman dute, Parisko Pompidou zentroan, eta Melbournen (Australia), besteak beste.
Oraindik ez du areto batean bere azkeneko lana estreinatu. Iazko Europako kultur hiriburuetako bat izan zen Guimaraes (Portugal), eta antolakuntzak pelikula bat osatzeko eskatu zien, enkarguz, Erize, Manoel de Oliveira, Aki Kaurismaki eta Pedro Costa zinemagileei. Lau kapituluko lana da, eta Historias do cinema izena jarri diote. «Cristales rotos dauka izena nire kapituluak, eta Portugalgo ehun fabrika handienean lan egin zutenekin errodatu dut portugesez. Esperientzia zoragarria izan da».
Filmatzerakoan «zerbaiten» bila abiatzen da Erize, topatu nahi duen hori zer den «zehazki» ez dakien arren. Eta bilaketa horretan, bidaiatzen denean zinemak irabazi egiten duela uste du. «Izan ere, bere egunerokoarekin zerikusirik ez duen errealitate bati aurre egiten dio zinemagileak, eta errealitate horri begiratzeko modua ezberdina da toki horretan bizi den zinemagilearenarekin konparatuta». Hori egin zuen Portugalen, baina ezin izan du erakutsi, oraingoz. «Banaketaren arazoa dauka zinemagileak; nola jarri harremanetan ikuslea eta filma».
«Zirkuitu komertzialetatik» atera da bera, eta «sare sozialak» erabiltzen ditu banaketarako. «Ia doan ematen diozu ikusleari». Kultuko sortzailea da, baina ez ditu filmak egiten «museoetarako edo kultur etxeetarako». «Nire asmoa ez da ikuslea nola edo hala seduzitzea. Bereizketa bat egiten dut kontsumitzailearen eta hiritarraren artean».
Erize: «Filmategia da Euskal Herriko instituzio kulturalen senide pobrea»
Zinemagilearen 'La Morte Rouge' eta 'El espiritu de la colmena' eman dituzte Donostiako Viktoria Eugenia antzokianEuskadiko Filmategiaren 35. urteurrenaren harira gonbidatu dute zuzendari donostiarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu