Hutsunea igartzen zuten, eta hutsunea bazegoela erakutsi du jendearen erantzunak. Aurten lehen aldiz, idazleentzako mentoretza programa bat abiatu du Euskal Idazleen Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Idazle hasiberriek ez ezik, orain artean ohikoa izan ez duten generoren bat landu nahi duten idazle trebatuagoek ere izan dute deialdira aurkezteko aukera, eta berrogei eskari jaso dituzte guztira. Eta, hain zuzen ere, harrera hori da proiektuarekin asmatu duten froga nagusia, elkarteko kideen hitzetan. Proiektu horietako hiru hautatu ditu epaimahaiak, eta mentore bana ere hautatu dio haietako bakoitzari, lantzen ari den testuarekin lagun diezaion zortzi hilabetez.
Erika Alonso Edesoren Sarraila poesia-liburu egitasmoa, Danel Lauzirika Erkiagaren Jai-alai eleberri beltz proiektua, eta Miren Artetxe Sarasolaren Pilar Villabona eleberri proiektua hautatu dituzte zehazki, eta ondorengo hiru mentore hauek aukeratu dizkiete: Irati Jimenezek egingo dio mentoretza Artetxeri, Asier Serranok Alonsori, eta Pako Aristik Lauzirikari.
«Tamalez, autodidaktismo basati batean egiten da literatura guztia, eta, halere, egia da bizirik mantendu dela, baina ez dakigu ze prezio pagatzen dugun horregatik»
IRATI JIMENEZIdazlea
Gaur egin dute iragarpena, Bilboko Euskararen Etxean, eta bertan izan da Jimenez bera ere. Mentoretza programaren alde hitz egin du idazleak. «Modu informalean halako gauzak gertatu egiten dira, baina programa honek formalizatu egiten du hori». Idaztea «ofizio bat» dela ere gehitu du, eta, hain zuzen ere, ikuspegi horretan laguntzen duelako txalotu du programa. «Tamalez, autodidaktismo basati batean egiten da literatura guztia», esan du Jimenezek, «eta, halere, egia da bizirik mantendu dela, baina ez dakigu ze prezio pagatzen dugun horregatik. Ez dakigu zenbat liburu ez diren idatzi horregatik; hasi ere ez batzuk, eta hasi bai baina bukatu ez beste batzuk. Ez dakigu zenbat geratu diren bidean, eta ez dakigu zenbat liburu izan zitezkeen diren baino hobeak. Baina zerbait galduko zen bidean, edertasunen bat eta botereren bat galduko genuen bide horretan».
Erika Alonsok ere hartu du hitza aurkezpenean, eta, azaldu duenez, «betidanik» idatzi duen arren, orain artean inoiz ez dio idatzitako ezer erakutsi inori. «Poesia landu nahi nuke, hori delako niri gehien gustatzen zaidana. Asko daukat ikasteko oraindik, baina ondoan mentore bat jarrita, idazle bat jarrita, uste dut gauza politak atera daitezkeela. Idazketa prozesu horretan ez gara hain bakarrik sentituko».
«Ondoan mentore bat jarrita, idazle bat jarrita, uste dut gauza politak atera daitezkeela. Idazketa prozesu horretan ez gara hain bakarrik sentituko»
ERIKA ALONSOIdazlea
Esker oneko azaldu da Danel Lauzirika. «Jauzia emateko behar nuen aitzakia izan da programa hau». Aspaldi zuen buruan nobela idazteko proiektua, eta dokumentazio lana ere hasia du jadanik. «Erronka ederra iruditu zitzaidan hau, neure buruari diziplina jarri ahal izateko».
Sorpresa
Jasotako proiektu kopuruak harritu egin ditu Euskal Idazleen Elkarteko ordezkariak. Mikel Ayllon idazle eta Euskal Idazleen Elkarteko kideak onartu du hori. «Bagenekien bazegoela behar bat eta proiektuak bazeukala oinarri bat, jendeak hala helarazi zigulako, baina ez genekien horrenbeste proiektu jasoko genituenik. Argi eta garbi, proiektu honek behar bati erantzuten dio».
«Bagenekien bazegoela behar bat eta proiektuak bazeukala oinarri bat, jendeak hala helarazi zigulako, baina ez genekien horrenbeste proiektu jasoko genituenik»
MIKEL AYLLONEuskal Idazleen Elkarteko kidea
Proiektu «oso interesgarriak» jaso dituztela ere esan du Ayllonek, eta «zaila» izan dela hiru bakarrik hautatzea. Edozein generotako proiektuak aurkez zitezkeen deialdira, baina, elkarteko kideek esan dutenez, narratiba alorrekoak izan dira jasotako proiektuetako gehienak. Baina izan dira saiakerak, biografiak, ipuin bildumak, poesia liburuak, antzezlanak eta album ilustratuak sortzeko proiektuak ere. Eta, Ayllonek azaldu duenez, besteak beste, proiektu horien «egingarritasun maila» izan da hautaketa egiteko kontuan hartu dituzten parametroetako bat.
Ikusi gehiago
Guztira, 18 bazkide azaldu ziren mentore lanak egiteko prest, eta haien artean ere hautaketa egin behar izan dute elkarteko kideek. Proiektu bana aurkeztu du mentoregai horietako bakoitzak horretarako, eta aukeratutako proiektuarekin bat egin zezaketenak hautatu dituzte.
Jasotako erantzunarekin «oso pozik» daudela esan du Garazi Albizua idazle eta Euskal Idazleen Elkarteko kideak ere, eta aurten bertan bigarren deialdia egiteko asmoa dutela iragarri du.