Erbestean euskal kulturaren enbaxada izatea zen Eresoinkaren helburua. 1937an, gerra betean sortu zuen folklore taldea Eusko Jaurlaritzak, euskal dantzen, musika tradizionalen eta abesbatzaren bitartez, besteak beste, Euskal Herrian zegoen egoera munduari ezagutarazteko. Arrakasta handia izan zuen taldeak Europako hainbat agertokitan —Amsterdam, Paris, Bruselas, Londres...—, baina AEBetara joatekoa zenean, 1939an, Bigarren Mundu Gerra piztu zen, eta handik gutxira, taldea desegin egin zen. 75 urte dira Eresoinka desagertu zela, eta hari omenaldia egingo dio EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Isabel Urrutia konpositoreak sortutako Eresoinka obra estreinatuz. Garikoitz Mendizabal txistuan bakarlari ariko da orkestrarekin.
EOSen enkarguz sortu du obraUrrutiak. Eresoinkari omen egiteko lana izatea eta txistuak parte hartzea izan ziren eskariak, eta txistua bakarlari gisa jartzea erabaki zuen Urrutiak. Orain urte batzuk ere idatzi zuen txisturako beste obra bat, eta bere estilotik idatzi nahi izan du obra hau ere. «Nik idazten dudan bezala, nik musika sentitzen dudan bezala egin nahi nuen obra hau. Ez nuen egin nahi folkloretik zetorren edo beste estetika bat zuen lan bat; nik egin nahi nuen idaztean sentitzen dudana, baina txistua erabilita».
Azken finean, Urrutiak dio txistua haize instrumentu bat dela, eta beste instrumentuek beren baldintzak eta teknikak dituzten modu berean, txistuak erebadituela bereak. «Pentsatu nuen txistua tratatuko nuela biolina, pianoa, flautina edo beste edozein musika tresna balitz bezala, baina orkestrarekin, eta horrela egin nuen». Hala ere, Eresoinkari buruzko lan bat izanik, folklorearekin ere lotu nahi zuen sortzaileak. «Euskal folklorea askotan erabili dut nire lanetan. Iturri oso erabilgarria da gaur egun gure musikan, eta hortik ikas dezakegu. Erabili izan ditut nire lanetan folkloretik datozen erritmoak, melodiak, jotzeko erak...». Eresoinka sortzeko ere iturri horretara jo du Urrutiak; euskal folkloreko melodia bat hartu du, eta horren zatiak «gida moduan» ageri dira lan osoan. «Uste dut melodia horiek eta folklorearekin dauden lotura horiek batzuetan nabarituko direla txistuak egiten dituen hainbat kadentziatan, baina, noski, betiere nire musika garaikide horretan».
«Halako obra bat errepertorioan egotea, txistuarentzat gehienbat, aurrerapausoa da», nabarmendu du Garikoitz Mendizabal txistulariak. Txistulari gisa Bilbo, Madril eta Hego Koreako orkestrekin ibilia da musikaria, eta azaldu du lehendik ere badirela adibide gehiago: duela 30 urte baino gehiago Tomas Araguesek txistu eta orkestrarako egin eta Jose Ignazio Ansorenak estreinatu zuen kontzertua, orain dela bi urte inguru Mendizabalek berak martxan jarritako Txistu Symphonic egitasmoa... Urrutiarena «beste estilo bateko obra bat da, gaurkoagoa», Mendizabalen ustez. «Horrekin lortu da, txistulariok behintzat, aukera izatea hemendik aurrera naturalki beste edozein haize instrumentu bezala txistuarekin orkestra baten aurrean bakarlari aritzeko».
Mozart eta Brahms
Txistu bakarlari bat zuzenduko duen lehen aldia izango da Carlo Rizzi orkestra zuzendariarentzat, baina ez EOS gidatuko duen lehena. Haren ustez, zenbat eta hobeto ezagutu, orduan eta lan hobea ari dira egiten elkarlanean. Eresoinka-ri dagokionez, Rizziren hitzetan, «leku bakoitzeko tradizioak eta kulturak lotura bat izan behar du musikan egiten denarekin», eta, kasu honetan, «txistuaren presentziak lurraldearekin konektatzen du».
Eresoinka estreinatzeaz gain, Brahmsen 1. sinfonia do minorrean eta Mozarten Bi piano eta orkestrarako kontzertua mi bemol maiorrean obrak ere eskainiko ditu EOSek. Hiru piezekin osatutako programa «oso interesgarria eta oso zaila» dela uste du Rizzik, «eta ez teknikoki bakarrik, Mozartek eta Brahmsek, zein Urrutiaren lan garaikideak, gaitasun interpretatzaile eta psikologiko handia eskatzen baitute, pluralak diren mundu musikaletan sartzeko». Brahmsen lanak «astunak edo serioak» direla esan izan den arren, ez dela iritzi horretakoa azaldu du, esaterako, 1. sinfonia bera «ganbera musikatik gertu» dagoela iritzita.
Mozarten piezari buruz, deigarri iruditu zitzaion pasadizo bat ekarri du gogora Rizzik: Riccardo Muti orkestra zuzendariak obra hura jotzeko pianista palestinar bat eta israeldar bat aurrez aurre jarri zituenekoa. «Horren zergatiaz galdetuta, Mutik oso gauza interesgarria esan zuen: bi pianistak aurrez aurre jarri behar direla, eta, batek bestearen eskuak ez dituenez ikusten, irtenbide bakarra begietara begiratzea, eta elkarrekin fidatzea dela, begiraden bitartez komunikatzea».
Gauza bera gertatuko zaie Marta Zabaleta eta Miguel Borges Coelho piano jotzaileei; maiz jo dute elkarrekin, baita lau eskutara ere, baina nork bere nortasuna gordetzen dutela azaldu dute. «Arrebarekin jotzeko idatzi zuen Mozartek pieza hau», azaldu du Zabaletak, «eta nabari da, bi pianoen rolak oso orekatuta baitaude zailtasunari eta gaiei dagokienez». Oreka horretan dago gakoa, Borges Coelhoren ustez: «Pianisten erronka da, material berberarekin, bi nortasun ezberdin horiek bat etorraraztea».
Bilboko Euskaldunan bihar ariko da EOS, eta Donostian, Iruñean eta Gasteizen, datorren astean.
Eresoinka omentzeko obra eskainiko du EOSek, txistua bakarlari dela
Euskal folklorea inspirazio iturri hartuta baina bere estilora ekarrita ondu du pieza Isabel Urrutia konpositoreak.Txistuan bakarlari «naturalki» aritzea aurrerapausotzat jo du Garikoitz Mendizabalek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu