Jose Luis Ansorena (Donostia, 1928-2019) konpositorea, musika ikerlaria eta hainbat abesbatzaren sortzailea eta zuzendaria izan zen, baina baita Eresbil musikaren euskal artxiboaren sortzaileetako bat ere. Iaz hil zen, maiatzean, 91 urte bete bezperan. Ondare oparoa utzi zuen musikagileak; dozenaka obra idatzi zituen, nahiz eta bere burua ez zuen konpositoretzat hartzen. Horrez gain, euskal musikagileen inguruko ehundik gora artikulu, monografia eta ikerketa ere egin zituen. Hark sortu zuen, halaber, Musikaste jaialdia, 1973an, euskal konpositoreen lanak herritarrei gerturatzeko helburuarekin. 48. aldia izango du jaialdiak aurten, eta Ansorena bera omenduko dute bertan.
Musikagilea zendu aurretik ere omendu zuen Eresbilek, orain bi urte. Errenteriako (Gipuzkoa) Udalak Musika plazari Jose Luis Ansorena plaza izena jarri zion orduan. Aurten, berriz, haren lana ekarriko dute oroimenera. Erakundeak atzo jakinarazi zituen hasi berri den urteari begira dituen asmoak, Donostian egindako agerraldian; iazko urtearen inguruko errepasoa egiteko ere baliatu zuten aurkezpena.
Euskal konpositoreei eskainitako astea izaten da Eresbilen urteko ekintzarik garrantzitsuenetariko bat. Maiatzaren 15etik 23ra bitarte izango da aurten Musikaste, eta, Ansorenaz gain, Javier Bello Portu, Miguel Gonzalez Bastida eta Jose Maria Iparragirre ere omenduko dituzte. Hain zuzen, aurten berrehun urte beteko dira Urretxuko (Gipuzkoa) bardoa jaio zela.
Errenteriako lau abesbatzarik garrantzitsuenek parte hartuko dute Ansorena omentzeko ekitaldian, eta horien artean izango dira hark sortutako abesbatza batzuk. EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Anita Bringuet Idiartborde (1861-1943) konpositorearen Gipuzkoa balleta interpretatuko du jaialdia amaitzeko.
Musikastez gain, Euskal Herriko Musika Funtsen Gida da Eresbilen urteko beste egitasmo nagusietako bat. Elkarteak 2017an ekin zion Euskal Herriarekin zerikusia duten musika funtsen eta bildumen zerrenda egiteari. Orduan, Eresbilek XIX. mendea baino lehenagokoak diren 1.384 lanen informazioa bildu zuen, eta horien guztien mapa digital bat osatu zuen iaz. Jon Bagues zuzendariak jakinarazi zuenez, udaberrian aurkeztuko dituzte gida bera eta mapa digitala.
Horrez gain, Eresbilek egungo euskal konpositoreei eskainitako hainbat argitalpen ere kaleratuko ditu aurten, Musikenerekin batera. Artikuluak, elkarrizketak eta katalogoak izango dira gehienak, musikagileen «nazioarteko proiekzioa indartzen laguntzeko».
Bi erakundeek orain bi urte hasi zuten elkarlana. Mari Lerenak Pablo Sorozabal musikagilearen (Donostia, 1897-Madril, 1988) obra eszenikoei buruz egindako ikerketa lana izan zen kaleratu zuten lehenengo zenbakia. Bigarrena ere kalean da dagoeneko: Daniel Moro Vallinak Karmelo Bernaola (Otxandio, Bizkaia, 1929-Madril, 2002) konpositorearen inguruko ikerketa lan bat ondu zuen iaz. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko argitalpen zerbitzuekin batera kaleratu dituzte bi lanak.
Eresbilek bestelako asmo batzuk ere iragarri zituen: Martxoan, esaterako, Musika Dokumentazioaren Espainiako Elkarteak (AEDOM) antolatutako jardunaldietan parte hartuko dutela iragarri zuten.
Dokumentu gehiago
Urtetik urtera, Eresbilek dokumentu gehiago ditu bere artxiboan. 263.000 aleren bueltan itxi zuen iazko urtea. Horietatik, ikus-entzunezkoak dira gehienak oraindik (%44), baina partiturak (%37), liburuak (%8) eta bestelakoak (%11) —gutunak, argazkiak, programak, kartelak...— ere badaude.
Erakundeari hainbat funtsetatik dohaintzan emandako edo utzitako dokumentuak gehitu behar zaizkie horiei guztiei. Erakundeak adierazi du iazko urtea «aberatsa» izan zela; izan ere, hainbat izan dira artxiboa osatzen lagundu duten familiak. Horien artean daude Tomas Garbizurena, Joxan Artzerena, Patxi Olidenena, Pedro Aldanarena, Juan Etxebesterena, Urreta-Zulaika sendia eta Kresala Euskal dantza taldea.
Musikaren euskal artxiboan euskal konpositoreen 35.000 partitura baino gehiago daude dagoeneko. Iaz 820 partitura berri eskuratu zituen erakundeak, eta horietatik 60 dira emakumezko egileenak; tartean dira, adibidez, Beatriz Arzamendiren eta Iratxe Arrietaren lanak.
Iazko egitasmoen artean azpimarragarriena zera da elkartearentzat: Eresbilek amaitu duela Arantzazuko eskuizkribuen katalogazioa ere. Bi urte iraun dute lanek, eta, horri esker, frantziskotarrek monasterioa erre aurretik —XVII., XVIII. eta XIX. mendeetan— interpretatzen zituzten mila obratik gora sarean kontsultatzeko aukera dago.
Eresbilen webguneak 438.769 bisita jaso zituen iaz, mundu osoko 50 herrialdetatik. Sarriegi, Usandizaga, Guridi, Eskudero eta Arana Martija dira gehien bilatu dituzten konpositoreak.
Eresbilek aurten Jose Luis Ansorena omenduko du Musikasten
Jaialdia maiatzean egingo dute, eta bertan egingo diote omenaldia. Musika Funtsen Gida eta mapa digitala ere prest dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu