Uda batez Galeuscan

Eremutik kanpo

Esperança Camps Carrer (Menorca, 1964) kazetaritzan aritu izan da azken hiru hamarkadetan. Batez ere Valentziako irrati eta telebista publikoetan lan egin du, baina baita prentsa idatzian ere. Besteak beste, Enllà de la mar (2004), Quan la lluna escampa els morts (2005), El cos deshabitat (2009), Naufragi a la neu (2012), L'illa sense temps (2016) eta La draga (2017) eleberriak ditu idatzi eta argitaratuak. Hainbat literatur sari ere irabazi ditu.

TERE GUIX.
Esperança Camps.
2020ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Gustatzen zaizu gidatzea? nondik atera da orain galdera absurdo hori? duela mila urte goi gamako autoak saltzeko asmatutako iragarkiak burmuina zulatzen dizu. hara-hona dabil, digestio txar baten hondarrak bezala. lehen planoan, esku bat leihoan, olatuak marrazten airean. gustatzen zaizu gidatzea? ondo absurdoa da buruan galdera bat izate hori! baina hor daukazu. goma antzeko apar bat. kendu ezinezko iltze bat beste ezertan pentsatzen uzten ez dizuna. non daude zure ideiak? nola liteke gai ez izatea bizpahiru gogoeta propio harilkatzeko? zer dela-eta kolonizatu eta kontrolatu zaituzte halako pentsamendu arinek? gustatzen zaizu gidatzea? zer nazka! jainkoarren! orain gidatzen ari zara, begira. hautsez betetako bidexka honek postal batekoa dirudi, baina ez duzu eskua inongo leihotatik ateratzen, berrogei urte inguruko mehari honek ez baitauka halakorik. sabairik ere ez dauka, ezta segurtasun uhalik ere… direkzio lagundurik gabeko bolante bat besterik ez du, eta kate arabiar bat baino hartzen ez duen irrati bat, eta lau gurpil oso higatu zeinak aldatuko baitituzu koadro pare bat salduz gero. edo ez, zeren sei hilabetetako zergak zor baitituzu eta, gainera, materiala falta zaizu. mihiseak, olioak, paletak… izan ere, ez duzu inor engainatuko, eskuekin pintatzeko mania hau inprobisatu egin duzu pintzelen dendan jada ez dizutelako saltzen momentuan ordaindu ezean. gidatzea ez zaizu gustatzen, baina bidexka hautsez betetako honek, uztaileko arrats honetan, uhartean, bilera garrantzitsu batera eramango zaitu. oso garrantzitsua, esango zenuke. hainbeste ezen, jokaldia ondo ateratzen bazaizu, gurpilak aldatzeaz gain zorrak ordaindu ahal izango baitituzu eta pantone osoa erosi eta, agian, belaontzi bat alokatuko duzu mediterraneoan bueltatxo bat egiteko ametsa betetzeko. ezer apartekorik ez: egun batzuk ikuseremutik kanpo ezer eta inor ez entzuteko, paradisuan aingura botatzeko eta portuetako tabernetan edateko. eta pentsatzeko. karikaturak marraztuko dizkiezu turistei eta beste lau sos bilduko dituzu pintatzen eta edaten eta nabigatzen jarraitzeko. ez da hain zaila, uste duzu. etxean dituzun artelanetakoren bat saldu besterik ez duzu egin behar eta alde hezetik begiratu ahal izango diozu bizitzari, hauts zurrunbilotik begiratu beharrean. badakizu zurekin biltzekoa den gizonak diru asko daukala. diru asko eta pareta asko betetzeko. zuk katalogo osoa daukazu: koadro eta argazki originalak. behin kritikari batek egunkariko lerro eta erdian adjektiborik erabili gabe aipatutako argi-ilunak eta zuri-beltzak. arropa aldatu duzu: galtza luzeak, lihozko alkandora zuria eta zapata lokarridunak. dagoeneko damutu zaizu estuak dituzulako eta babak egiten dizkizutelako behatzetan eta orpoan. bidearen bihurguneak marrazten dituzun bitartean gizonarentzako esaldi adeitsu batzuk pentsatu nahi dituzu. esan nahiko zenioke, adibidez, oso pozik zaudela bera ikusteagatik. edo agian hobe litzateke esatea itxura ona duela, gazte-gazte dagoela eta jada gogotsu zaudela lanean hasteko. baztertu egin duzu dena. galdera hura besterik ez daukazu buruan. gustatzen zaizu gidatzea? eta zuloz eta koskorrez jositako bide honetan hau egitea ausarkeria den arren, bolantea askatu duzu une batez ezkerreko besoa airean uzteko eta sigi-saga dotore haiek osatzen saiatzeko. kamerak jarraitu egiten dizu, eta horrenbeste hurbiltzen da ezen ikuslea gai baita eskuko ile tentetuak antzemateko. gustatzen zaizu gidatzea? ilusioa bat-batean eten da. bazter batera egin behar duzu traktore bat datorkizulako parez pare. hori ez zenuen espero, zuk, bide hau eta uharteko guztiak ezagutzen dituen horrek, behin eta berriz atera dizkiezulako argazkiak, udatik udara ibili izan dituzulako neskaren bat txundituta utzi eta harekin ligatu nahian, neguak latzak eta luzeak direlako, eta hemen denok ezagutzen duzue elkar, eta uztaila eta abuztua aprobetxatu behar dituzu eta zuk badakizu hautsa eta kilkerrak besterik ez dagoela. ordu erdi bakarrik da etxetik atera zarela eta lihozko alkandorak akordeoia dirudi dagoeneko. gainera, izerditan dauzkazu kopeta eta bizkarra eta besapeak. eta orain bide osoa hartzen duen baserritar burugogor horrek ez du baztertzeko keinurik txikiena ere egin. john deree herdoilduaren tronuan eserita, argi dauka zuk utzi beharko diozula pasatzen. eta ez daukazunez gogorik sesioan aritzeko irribarre erdi bat egin diozu eta maniobratan hasi zara eszena honi instagrameko filtro batek baino marko hobea jartzen dion pareta lehorretik milimetro batera kokatzeko autoa. eta horrela, pareta kolonizatua daukaten sasi batzuek autoa inbaditu dizute eta masusta heldu pila bat eta urratu batzuk utzi dizkizute. eta masustez eta urratuez gain, orbanak alkandoran eta erle pare bat. eta erleekin batera, hiru ziztada besoan eta ziztadekin batera, mila demoniozko mina eta oihu bat. luzea eta iluna. baserritarrak ez dauka zure dramaren arrastorik eta bere bideari segitu dio. autoan botila pare bat daramazu ur apur batekin eta iruditzen zaizu agian ondo etorriko zaizkizula ziztaden erresumina arintzeko. itxura txarra dute. batean eztena ere topatu duzu, baina arnasa sakon hartu duzu eta lasaitu egin zara eta eskularru kutxan ibuprofeno kaxa bat aurkitu duzu duela hiru urte iraungi zena, baina hiru pastilla irentsi dituzu. badirudi mina pixka bat arindu zaizula eta zure onera-edo etorri zarela. besoa minduta eduki arren, gai zara gidatzen jarraitzeko zeure buruari galdetu gabe gustatzen zaizun edo ez. izerditan zaude, asko. gehiegi. izerdi hau ez da normala, pentsatzen duzu. bost minutu geroago parean dauzkazu etxeak. okre gorrizkoak dira, izugarriak. eta pinua. eta bi palmondoak. eta hiru txakurrak zaunkaka mundua amaituko balitz bezala. txakurrek beldurra ematen dizute. aparkatu duzu. ahoa lehor eta oihal bat begietan. artile bola bat eztarrian. neska batek galdetu dizu nor da. gazteegia da soineko beltz hori, amantal zuria eta kapela eramateko, pentsatu duzu. galdetzekotan egon zara ea gidatzea gustatzen zaion eta ea zurekin etorri nahi duen alokatuko duzun belaontzira, baina esan diozu gizona zure zain dagoela. berak esan dizu berandu zabiltzala. zuk esan diozu baietz, sentitzen duzula eta ziztaden eta hautsaren kontu hori guztia, eta besoa erakutsi nahi diozu baina berak buelta eman du ja eta ez dizu entzuten. txakurrek jarraitu egiten diote. ziztadetan sekulako erresumina sentitzen duzu. iruditzen zaizu besoa puzten ari zaizula. nor ari da txistuka garunaren eta tinpanoaren artean nonbait? eskuan ukimen pixka bat galdu duzu eta begietako oihala gero eta lodiagoa da, eta iruditzen zaizu eztarrian teniseko pilota bat daukazula, eta norbaitek sudurra tapatu dizu plastilinaz eta horregatik kostatzen zaizu arnasa hartzea. baina horiek xehetasunak dira, inongo garrantzirik gabeak. gizona agertzea besterik ez duzu nahi, eta erakuts diezazula bidea portxearen azpian dauden besaulkietaraino. itzalean. agian neskame bat aterako da limonada naturalez betetako pitxer batekin eta pomada antihistaminiko batekin. hobe harrera egin dizun neska bada. lauzpabost minutu geroago, zaila da kalkulatzea besoa hain minberatua daukazunean eta horrenbesteko beroa egiten duenean eta airea falta zaizunean eta iruditzen zaizunean ito egingo zarela halako batean, gizona atera da eta arratsalde on esan dizu eta zuk ahots mehe-mehez esan diozu arratsalde on eta berak esan dizu ez daukazu itxura onik, gazte, eta zuk esan diozu, ez zait gustatzen gidatzea. eta hila zara.

BERRIAko euskara taldeak itzulia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.