Kritika-Antzerkia

Eremu askea

2024ko ekainaren 11
05:05
Entzun

EZTENA JAIALDIA

Non: Errenteriako Niessen aretoan eta Lekuona Fabrikan.

Noiz: Ekainaren 6tik 9ra.

Uda giroa bertan dugula, jaialdi ugari eta ekintza andana dugu eskuragarri, baina Eztena jaialdiak aitormen berezi bat merezi du. Donostialdean izan ohi dugun antzerki eta dantza programazio urri eta homogeneoa kontuan hartuta, Errenteriako Arte Eszenikoen Jaialdiak beste era batean ikusteko zail izango genukeen programazio-ildoa ekarri eta gozarazten digu: formatu txikiko piezak —sortze prozesuan daudenak, batzuk—, diziplina-artekotasuna, lengoaia esperimentalak eta politikoki transgresoreak izateko beldurrik ez duten narratibak, genero eta identitate sexualen aniztasunari lotuta, batik bat.

Dantzaren, antzerkiaren, literaturaren eta musikaren arteko mugak disolbatuz, gisa guztietako proposamenek dute bere lekua performancearen eremu aske horretan. Anouar Merabetek —Marokon jaioa, Iruñean errotua— aktibista dekolonial, feminista eta queer-tzat du bere burua eta Balllroom edo Vogue kulturaren errepresentazio bat egin digu, Camina, baila y brilla lelopean. Sara Segoviak drag-king-aren munduan murgilduko gaitu, clownaren umoreaz. Amaia Bonok Belarriprest aurkeztu du, gasteiztarraren lehen sorkuntza euskaraz. Danele Sarriugartek hitzak jarri ditu dantzan Miren Narbaizaren doinuen laguntzaz, eta Ainara Gurrutxaga aktorea mikrofonoaren atzean ikusi dugu Ander Fernandez musikariarekin batera, kontzertu performatibo batean. Igandean, Ainhoa Alberdi izan dugu butoh dantzaren erakustaldi batekin: Ixa bella piztia. Gerraosteko Japonian, minez iraulkatzen ziren gorputz horiek eman zioten sorrera butoh-ari, edertasun estetikoaren aurrean, humanitatearen gordintasuna eta horrorea erakusteko beharrari erantzunez.

Horretarako eta askoz gehiagorako eman dute egun hauek. Gainera, interesa duen orok aukera izan du jaialdian parte hartzen duten hainbat artistak eskaintzen dituzten doako ikastaroetara joateko. Bertatik bertara haien ibilbide, teknika eta ikasketa prozesuak konpartitu dituzte.

Kultur egitasmoak kultur eragileek antolatzen dituztenean, nabaria da aldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.