'Defende a galega' kolektiboko kide guztiei, gu guztion izenean adoretsu kontra egiten baitiote ostiralero eta egunero informazioaren manipulazioari TVGn.
Goiz hartan, laidoen zerrenda jorratu zuen. Bere maiteetako batek, Lobeirak, esan zion ez zeukala harreman osasungarririk bere lanarekin. Beraren lana, ordea, ez zen besterik gabe beraren lana. Mundurako ate bat zen, jendartean egoteari zentzua ematen zion zerbait. Berak ez zeukan, ez, beste lanbideak gutxiesteko asmorik, baina kazetaritzarik gabe ez zegoen modurik espiritu kritikoa mantentzeko.
Rok aspalditik zerabiltzan buruan halakoak, ezinezkoa dela pentsatzea aurrean jartzen diguten ispilua erabat desitxuraturik dagoenean. Fake new-en kontu hori ez zuen Trumpek asmatu. Horixe behar genuen! Galizian baziren zenbait hamarkada hedabideek gezurra egiaren unibertsoaren ordain gisa aurkezten zutela gainerako guztia, patatak bezala, lurpean utzirik. Patatak, ordea, elikagarriak dira, eta egun batez, uste zuen Rok, elikatu egingo zuten.
Azkenean, iritsia zen eguna.
Beste bide batzuetatik saiatuak ziren. Ostiral beltzak hilabete eta hilabetetan. Salaketa-bideoak sortzen. Atxikimenduak bilatzen. Hilabeteak zigorrak jasotzen. Bidegabekeriazko hilabeteak.
Azkenetako bat, galegoa desabantaila zela unibertsitatera sartzeko probetan. Zer buru gaixotik pentsa zezakeen gehiago jakitea desabantaila zela? Zer buru gaixotik har zezakeen hizkuntza-aniztasuna problematzat? Rok ondotxo daki zein den galdera horren erantzuna. Bizilagun du egunero: publikoaren eta hizkuntzaren zerbitzuko jardun behar lukeen hedabide baten zuzendaritza, horretan jardun ordez galegozko sorkuntza guztiari baino garrantzi handiagoa Pantojaren edozein gorabeherari ematen diona.
Nolatan ez ziren albistegietan ateratzen berrikitan egindako deseukaliptazio masiboak? Galegoaren alde hezkuntzan egindako lan etengabea? Terroristak, artaburuak, ilupak. Halaxe ageri ziren galegodunak beren buruak ikusteko zeukaten espazio bakarrean. Estrategiak zoliak eta planifikatuak ziren. Adituak: denak gaztelaniadunak. Galegodunak: beren buruaren parodiak, umore larria, hutsalkeria eta adin handia.
Aski zen, horratik.
Sakelako telefono zaharraren aldera begiratu zuen, mahaira. Ezin hackeatuzkoa eta ezin lokalizatuzkoa zen hura. Dinosauroen garaiko traste bat, H-ren esanetan etorkizunerako giltza zen gailu bat. Berak, sare eta konexioen sekretu guztiak zulatzen jakituna, aldezten zuen etorkizunean linean ez dagoen guztiak balioa izango zuela, pantaila ez den guztiak, tramankulu bakar eta berezi guztiek: liburuak, kontzertuak, afektuak. Rok sinetsi nahi zuen H-k arrazoi zuela, baina oraingoz inportanteena zen bazekizkiela pasa-hitzak. H-k muntatu zuen ekipo teknikoa. Denbora askotxo behar izan zen asmatzeko nola zabaldu «ereintza» («erasoak» haiek egindakoak baitira, H-k esan zionez).
Mahai gainean, urrunera eramango zuten bidaia-txartelak, behar izanez gero sekulako eta betiko. Edo gutxienik gauzak aldatu arte, beharbada hurrengo urtean, edo inoiz ez, dena neurri handi batean gertatuko zenaren baitan baitzegoen. H-k, hala ere, dena prestatua zuen berarekin elkartzeko han, Islandian.
Motxila hartu zuen egunero bezala kutsua han zeraman, eta baita maleta ere, gorde nahi izan zituen puskekin beterik. Ez zeukan zer galdurik, bera zen ala inor ez. Gainerakoek familia zeukaten, edo txakurra. Gauzak albo batera uzten emana zuen bizitza, afektuzko sare moduko batean bizitzen; sare hori zuhaitzen sustraiak bezalakoa da, Lobeirak dioenez landare-haztegi batean ari baita lanean. Sustraiok komunikaturik daude elkarrekin, eta begiz ikus ezin daitekeen espazio bat eratzen dute, bizitzarako ezinbestekoa.
Gaurko ereintza ere ezinezkoa litzateke harian-harian sortua zuen sare hori ezean. Halakorik ezean, ezin prestatuko zuten H-k ereintza abiarazitakoan pantailan eta sareetan zabalduko zen materiala: egiazko albistegia, erreportajeak, bideoak, marrazki bizidunak... Programazio oso eta alternatibo bat, behin eta berriro errepikatuko zena hogeita lau orduz, birusa geldiarazi arte. «Eta denbora puska bat beharko dute horretarako», barre egiten zuen H-k. Zenbat eta egun gehiagotan ibili bala-bala, hainbat hobe, pentsatzen zuen Rok.
Imajinatzen zituen jendearen harridura-aurpegiak telebista piztean kafetegietan, tabernetan, etxeetan. Hasiera, alajaina, ostiral baterako prestatu zuten. Beste ostiral beltz bat. Imajinatzen zuen nolako nahasmena sortuko zen «Luar» ez emateagatik, munduaren akabera iragartzearen pareko gertakari bat. Sinetsita zegoen jakin-mina gogorragoa izango zela Gayoso ez ikusteak eragindako ezinegona baino.
Pixka bat ikertuz gero, bistakoa izango zen ereintza beraren ordenagailutik atera zela. Oraintxe pizten ari zen hura, H-k bide xelebre batetik helarazitako kanpo-memoria instalatzeko (zapatak zeramatzan Amazonen pakete batean ostenduta!). Plana argia zen: birusa sartuko zuen; gero, alditxarturik zegoela esan, eta Santiagoko aireportura egingo zuen. H-ri jakinaraziko zion dena prest zegoela, bigarren hegazkinera sartu aurretik. Eta orduantxe hasiko zen dena.
Orduantxe hasi da dena. Ro, gogoari ezin eutsirik, telebistaren webgunera sartu da Reykjaviken lurra hartu bezain laster. Garaiz ikusteko nola betetzen duten patatek pantaila sustraiak botaz eukalipto bihurtu aurretik; gero, «Nor da nor» jolasean bezala, eukaliptoak, biraka hasi, eta Núñez Feijóoren aurpegia erakusten hasi dira, eta gobernuak eta ENCE enpresak plantaziootan dituzten interesak. Hurrena, prestatu bezala, albistegia sartu da. Eta, azkenean, ordura arte baztertutako aurpegiak pantailaz jabetu dira berriro, zer jazotzen ari den kontatzeko: ustelkeria, ingurumenaren txikizioa, genero-indarkeriak eragindako milaka urruntze-aginduak. Badira elkarrizketak, bada musika, badira liburuak, bada antzerkia, badira film laburrak, bada promesa bat merezi dugun baina ez daukagun telebista posible batena. Bada bestelako herrialde bat ikusia izatea besterik behar ez duena. Eta, bitartean, telebistako zerbitzu teknikoak lasterka dabiltza, oilasko burugabeak bezala. Ro negar-anpuluka hasi da, horretarakoxe egin baitzen kazetari. Ereiteko. Eta gaur, azkenean, eduki du horretarako era; inoren baimenik gabe eta askoren laguntzaz lortu du.
Itzultzailea: Iñigo Roque Eguzkitza
Uda batez Galeuscan
Ereintza
Lugo, Galizia, 1975. Itzultzaile eta interpretaria ogibidez, eta saiakeratik poesiarainoko eremua hartzen duten liburuen egilea. Narratiban, O club da calceta (Xerais, 2006) du ezagunena, eta zazpi nobelarekin osatu asmo duen Ciclo dos elementos sorta abian du. Oraingoz, sortako lau ale argitaratu ditu: En vías de extinción (Xerais, 2013), A música dos seres vivos (Xerais, 2015), Dende o conflito (Premio Xerais, 2014) eta As cousas que non queremos oír (Xerais, 2018). Poesian, Moda galega (Edicions Positivas, 2002) eta Johan Carballeira saria eman dion Galicia en bus (Xerais, 2018) ditu lan ezagunenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu