Literatura

Ereinek azaldu du ez duela erabaki Igela argitaletxea gelditzea

Adierazi du «ahal duen guztia» egingo duela proiektu editoriala aurrera ateratzeko. Lander Majuelo Igelaren orain arteko editoreak gaur azaldu du, prentsa ohar baten bitartez, «Igelaren jabeek, arazo ekonomikoak direla medio, argitaletxea gelditzea» erabaki dutela. Igelak 34 urte bete zituen apirilean; euskarazko itzulpenak plazaratu ditu beti.

Igelak azken urteetan argitaratutako hainbat liburu. BERRIA
Uxue Rey Gorraiz-Mikel Lizarralde
2023ko uztailaren 10a
09:39
Entzun

«Lagunok, bukatu da. Igelaren jabeek, arazo ekonomikoak direla medio, argitaletxea gelditzea erabaki dute». Igelako editore Lander Majuelo Itoizek sinaturiko hitzak dira, argitaletxearen etena herritarrei jakinarazteko idatziak. 34 urteko ibilbidearen ondotik Igelaren jarduna etengo dutela adierazi du gaur. Plazaratutako oharrean Majuelok nabarmendu duenez, «erabakia ez da lantaldearena; argitaletxearen jabetza dutenek egin dute urratsa, errentagarritasun ekonomikorik eza argudiatuta». Halaber, Majuelok jakinarazi duenez, jabeek —Erein ez du aipatu— konpromisoa hartu dute «bidean» diren eta abendura artean plazaratzekoak ziren lanak argitaratzeko; betiere, «itzultzaileek hala nahi izanez gero». Bost liburu dira, idazle hauenak: Joyce Carol Oates, Fiodor Dostoievski, Adania Shibli, Zadie Smith eta Annie Ernaux. Editoreak ez du argitu zehazki ez zer lan diren, ez zer itzultzailek dituzten esku artean.

Hain zuzen ere, Erein argitaletxeak ohar bat igorri du komunikabideetara bere erabakiaren gaineko azalpenak emateko. «Igelaren 'jabe diren enpresariak' enpresa bakarra da, eta bere izena da Erein argitaletxea, orain hiru urte, orduko jabeak jubilatzera zihoazela eta, argitaletxe hori erosi baitzuen, Nafarroan eta Euskal Herri osoan argitaletxe horren beharra dagoela iritzita».

Ereinek azaldu duenez, orain dela hiru urte Iruñean langile bat hartzea erabaki zuen, eta hari «autonomia guztia» ematea. «Langile hari soldata bat esleitu zitzaion eta errentagarritasunaren gaineko helburu eta eginkizun batzuk itundu zituzten hiru urtean, urtero-urtero, errebisatzekoak». Langile hori Majuelo zen, eta Ereinen arabera, «uneoro izan du egoeraren gaineko berri zehatza eta lan egiteko askatasun osoa». Helburu eta eginkizun horiek bete ez direla iritzita, Ereinek «langile horren gaineko kontratua bertan behera utzi behar izan du», oharrean adierazi duenez.

Aurrera begira, Ereinek jakinarazi du ez duela erabaki Igela argitaletxea gelditzea. «Aurreneko kasua izango litzateke munduan kaleratutako langile batek erabakitzen duena enpresaren jarduna noiz gelditzen den». Horri lotuta, hitzartuta dauden liburuak argitaratzeko asmoa azaldu du Ereinek, eta «gero erabakiko du» aurrerantz zein modutara jarraituko duen argitaletxeak. «Aurreratu dezakegu, irakurleen eta euskaltzaleen lasaitasunerako, Igelaren katalogoa eskuragarri egongo dela, eta Ereinek ahal duen guztia egingo duela proiektu editoriala aurrera ateratzeko orain arte egin duen bezala».

Itzulpena ardatz

1989ko apirilaren 14an jaio zen Igela, Iruñean. Xabier Olarrak, Joseba Urteagak eta Jose Manuel Gonzalezek sortu zuten. Argitaletxea hasiera-hasieratik arduratu da, propio, itzulpenaz. 34 urtez, soilik itzulpenak eman dituzte, eta soilik euskaraz. Bestela esanda: Igelak noranzko berean eman ditu beti jauziak, eta korrokak beti izan dira euskaldunak.

Sorreratik, batik bat Olarra aritu zen editore Igelan, 2020ko abuztuan Lander Majuelok lekukoa hartu zion arte. Hori hala, Majuelo hiru urtez aritu da argitaletxe «anfibioa» gidatzen. Gaur argitaratutako oharrean, eskerrak eman dizkie urteotan ondoan izan dituen «lagunei». «Argitaletxe bat lagunez da osatzen. Esker mila, beraz, urteotan punpeziaz lagundu gaituzuen guztioi. Itzultzaileei, ilustratzaileei, gibelsolasen idazleei, maketatzaile eta diseinatzaileei, zuzentzaileei, Itxaropena inprentako lagunei, liburu-saltzaile eta liburuzainei, beste argitaletxeetako kideei, musutruk alboan izan zaretenei». Halaber, irakurleei eman dizkie eskerrak «bereziki». «Zuei, irakurleei, zuek baitituzue gure liburuak sufritu eta gozatu. Irakurleak egiten baitu, egiaz, liburua».

Atzerriko idazleak euskalduntzea

1989tik bertatik, genero beltzaren aldeko apustu nabarmena egin du Igelak, besteak beste. Hain zuzen ere, Sail beltza izan zen argitaletxeak abiaturiko lehenbiziko bilduma, Enigma sailarekin batera. Geroztik, beste sail mordo bat sortu du: Literatura, Bidelagun Saila, Klis-klasikoak, Gabonetako Ipuinak eta Ordu Urdina. Aurtengo udaberrian abiatu zuten Ordu Urdina, hain justu, literaturaren bueltakoak diren baina aldi berean pentsamendutik hurbil dauden testuak biltzeko. Etenaren ondorioz, halako liburu bakarra argitaratzeko astia izan du Igelak: Karl Marxen Luis Bonaparteren Brumairearen hemezortzia, Idoia Santamariaren itzulpenean. Bestalde, hainbat lan plazaratu dituzte EIZIErekin eginiko Literatura Unibertsala bilduman.

Argitaletxeak kasik ehun autoreren lanak eman ditu: Annie Ernaux, Truman Capote, Agatha Christie, Gaël Faye, Natalia Ginzburg, Arthur Conan Doyle, Elena Ferrante, Ernest Hemingway, Fleur Jaeggy, Henry James, Ursula K. Le Guin, James Joyce, Lorenza Mazzetti, Cormac McCarthy, Pier Paolo Pasolini, Irene Pujadas, W. G. Sebald, Antonio Tabucchi, Kae Tempest, Mohamed Xukri eta Marina Tsvetaieva, besteak beste. Autore horietako asko Igelari esker leitu dira euskaraz lehenbiziko aldiz. Argitaletxeak aurkezturiko azken lana Yukio Mishima idazle japoniarraren Maskara baten aitortza liburua da. Iker Alvarezek euskaratu du.

Igelari agur esateko mezuan, etorkizunari begirako mezua bota du Majuelok: «34 urtez izan da Igela euskal literaturaren eta euskal itzulpengintzaren etxe ttipi bat. Etxe ttipi berriak eraiki beharko dira, beraz. Biba literatura!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.