Erditzetik, bikoiztera

Amatasuna ardatz hartuta, 'Ez da erditzea' poesia liburua argitaratu du Ione Gorostarzuk. Liburua «itzulera» bat dela kontatu du idazleak

Ione Gorostarzu, joan den astean, Ez da erditzea-ren aurkezpenean. J.C. RUIZ / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2019ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Duela zazpi urte argitaratu zuen (Des)egiten poesia liburua Ione Gorostarzuk (Berastegi, Gipuzkoa, 1984). Idazteari ez dio utzi urteotan, nahiz eta ez dion tarte handirik eskaini. Denbora faltagatik. Ama izan baita, bi aldiz. Kontatu du beretzat hartutako denbora haurrari kendutako denbora bihurtu zaiola, eta kosta egin zaiola minutu horiek idazteko erabiltzea. «Errazago hartzen duzu denbora hori etxetik kanpoko lanetarako, edo etxea garbitzeko, hau da, nahitaez bete behar diren eginkizunetarako». Idazlearen esanetan, aldaketa eta hausnarketa askoko urteen ostean, birdefinitu egin ditu lehentasunak, eta erabaki du bere bizitzan tartea eman nahi diola idazteari. Hala, bigarren lana argitaratu berri du, Ez da erditzea (Elkar) izenekoa. «Liburu hau, nolabait esateko, itzulera bat da».

Amatasunak osatzen du bizkarrezurra. Ez propio horri buruzko liburu bat egin nahi zuelako idazleak. «Kontzientzia handirik gabe idatzi dut, eta gero egin dut bilduma. Ez dut amatasunaz soilik idatzi, edo ez dut uste behintzat, baina amatasunaren ardatzak ongi biltzen du liburuaren esentzia». Poemen aurretik datozen testuek ere ematen dute jarraian datorrenaren berri. «Alabak amari, eta amak semeei», jartzen du eskaintzaren orrian. Gorostarzuk azaldu duenez, ama izateak bere amaren irudiaz hausnartzera bultzatu du. «Nire belaunaldiko amek bete izan dute oso ondo, batez ere baserri giroan, letra larriz idatzitako ama horren esentzia: dena ematen duen ama, denaren gainetik seme-alabak jartzen dituen ama...».

Amatasuna modu askeagoan bizitzen saiatu arren, uste du ama gazteagoek ere ez dutela lortu eredu hori gainetik kentzea. «Nire hasierako okerra izan zen aukera, borroka edo kasu partikular gisa ulertzea nik amatasunarekin eta alabatasunarekin neukan gatazka». Kontatu du amatasuna letra txikitan jartzen saiatu dela, «erlatibizatzen, nire neurrira ekartzen, ikuspegi feminista batetik konturatzen zer zama daukagun emakumeok ama izen horrekin».

Mari Luz Estebanen poema bat dator eskaintzaren ondoren: «Maite nuen eta maite ninduten/ ez zen nahikoa/ Maite dut eta maite naute/ Nahikoa ez izaten jarraitzen du». Izan ere, Gorostarzuren esanetan, ama hitzari ez ezik, maitasunari ere kendu behar zaizkio letra larriak. Ikuspegi horretatik landu nahi izan du amatasuna: «Maitatzea ez da nahikoa, eta amok ere lanketa asko dugu egiteko; lanketa horiez da pertsonala bakarrik, zerbait soziala da».

Sakontzeko gogoz

Guraso izan aurreko bikote bizitza, erditzea, haur txikiarekiko sentsazioak eta beste gai ugari agertzen dira liburuan amatasunarekin batera. 61 poemak osatzen dute Ez da erditzea, eta azkenengotik dator izenburua: «Ez da erditzea/ da bikoiztea/ ez da egitea/ da egotea/ ez da haztea / uztea da». Egindako lanarekin gustura geratu dela adierazi du, «bakean». Aurrera begira, nahiko luke liburuaren amaieran sartu dituen kontzeptuetako batzuk gehiago sakontzea: ahizpatasunaren gaia edo emakumeek erakargarri izateko duten beharrari lotuta dituen barne borrokak.

Halaber, aitortu du zentsuratu ere egin duela bere burua poemak hautatzeko orduan. «Urteotan, batez ere niretzat idatzi dut, korapiloak askatzeko, filtrorik gabe. Behin bilduma egin ostean, poema batzuk kendu egin nituen, horiek neure buruarentzat une batean baliagarriak izan zirelako baina ez zirelako egokiak publikatzeko». Hartzaileei dagokienez, irakurlea buruan izan gabe idatzi duela esan du. «Bai jabetzen naiz Ione Gorostarzu ezagutzen dutenek eta ezagutzen ez dutenek beharbada ezberdin irakurriko dutela liburua. Nik nahiko nuke poesia ikustea eta ez biografia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.