Erdara ardatz duten politikek eta ikuspegi turistikoak euskal kulturan duten eragina aztertu du 'Jakin' aldizkariak

Kulturaren turistifikazioa eta transmisioa aztertu dituzte Iratxe Retolazak eta Jon Urzelaik 'Jakin' aldizkariaren azken zenbakian. 2023ko kulturaren alorrez alorreko errepasoa ere badakar, eta liburugintzari buruzko txostena.

Iratxe Retolaza ikerlaria
Iratxe Retolaza kultur ikerlariarena da 'Jakin' aldizkariko artikulu nagusietako bat. GORKA RUBIO/ FOKU
Inigo Astiz
2024ko otsailaren 7a
05:05
Entzun

Gailentzen ari den kulturaren ikuspegi turistikoaren olatuaren pean eta inguruko erdaren neurriaren arabera pentsatua izateko arriskuan deskribatu du euskal kultura Jakin aldizkariaren azken zenbakiak. Kultura aipatzen denean zer aipatzen den aztertzera gonbidatu dituzte Iratxe Retolaza Gutierrez ikerlari eta literatur irakaslea eta Jon Urzelai Urbieta soziologo eta BERRIA egunkariko artikulugilea, eta biek azpimarratu dute kultura bestela pentsatzeko beharra. Haiek idatzi dituzte 259. zenbakiko bi artikulu nagusiak, eta 2023ak kulturan emandakoa ere aztertu dute alorrez alor Oihana Aranak, Gorka Erostarbe Leundak, Jone Rubio Mazkiaranek, Andoni Imaz Pozuetak, Libe Mimenzak eta Eli Pagola Apezetxeak.

Zehazki, euskal kultura definitzen duen hitzarmen soziala aztertu du Retolazak bere artikuluan. Dioenez, denborarekin, aldatzen joan baita hitzarmen hori, eta aldatzen joan baitira hartan eragiten duten indarrak ere. Haren hitzetan, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren erakundetzearekin eta sendotzearekin, pixkanaka, apaltzen joan baita 60ko hamarkadaz geroztik definizio horretan indartsuen eragiten zuten kultur eta herri eragileen eragina. Eta, Retolazaren ustez, horrek euskararen mundutik atera du definizio horren ardatza.

Kanpo homologazio gosea

36ko etenaren eta 60ko hamarkadako mugimenduen ondoren, 90eko hamarkadan kokatzen du euskal kulturaren hitzarmen soziala «lausotzeko» testuinguruaren sorrera. Besteak beste, Hego Euskal Herriko erakundeek sustatutako «kanpo-legitimazio eta homologazio gosea» dela eta. Transmisioan ere izan du oihartzuna horrek. Eta bide horretan egindako urrats bat gehiago da Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege berria, egilearen hitzetan, bertan ez zaiolako aipamenik egiten 2005-2006ko ikasturtean hamaika eragilerekin batera adostutako Euskal Curriculumari, eta ez delako euskal kulturaren transmisioa eta sozializazioa zehar-lerro gisa txertatzen.

Euskal Curriculumean zehaztutakoa bultzatzeko eta, era berean, berrikusteko beharra azpimarratzen du, azkenik, Retolazak. Eta gogorarazten du erakundeek eta hezkuntza sistemak ez ezik, hezkuntza eragile konprometituek eta kultura eragileek ere parte hartu beharko dutela bultzada hori ematen, baldin eta «kultura-hitzarmen berrituak» eraikitzeko espazioak eta uneak sortuko badira.

Pasioa irudi bilakatzea

Kultura aipatzen denean zehazki zer esan nahi den aztertu du Jon Urzelai Urbietak. Eta Eusko Jaurlaritzak kultura maiz turismoaren osagarritzat ulertzen duela utzi du agerian. Gasteizko gobernuak iaz onartutako Kultura 2028 Plan Estrategikoa aletu du horretarako. Mugimendu orokorrago baten sintoma da hori, egilearen ustez. «Afera da, dena den, politika horiek mamiaren ordez oskola indartzeko duten joera kezkagarriaz harago, egiten dutena kolektiboki sortua ustiatzea dela, pasioa zurrupatzea eta irudi bilakatzea». Egun indarrean den ikuspegi horrek duen eragin klimatikoa ere kritikatzen du Urzelaik, besteak beste, Urdaibaiko Guggenheim proiektuari buruzko polemika gogoan hartuz.

Urteko literatur uzta aztertu du Oihana Aranak, eta arreta piztu dioten hiru liburu nabarmendu ditu. Aintzane Usandizagaren Zomorrotu, Esti Martinezen Animalia domestikoak eta Garazi Arrularen Lurraz beste. Horrez gainera, sorkuntzan esparru kolektiboak duen garrantzia ere aipatu du. Musikak 2023an emandakoaren errepasoa egin du Gorka Erostarbe BERRIA egunkariko kazetariak, eta berak ere indibidualizazioaren eta kolektibotasunaren arteko tentsioan jarri du arreta. Bestalde, arteak hezkuntza sisteman pairatu duen «lausotze progresiboa» aztertu du Jone Rubio Mazkiaran BERRIAko arte kritikariak. Sare sozialak aztertu ditu Libe Mimenzak, eta bertsolaritza Eli Pagolak, txapelketek emandakoez harago begiratzeko saiakera eginez.

Euskarazko fikzioaren ahala

«Non dago zinema gaur?». Treneko bidaian, alboko bidaiaria sakelakoan ikusten ari den filmak piztutako galdera horrekin abiatu du Andoni Imazek gaiari buruz idatzitako artikulua. Testuek pelikuletan hartu duten pisuaz eta hizkuntza hautuez ere gogoeta egiten du Imazek bertan. «Iruditzen zait bide laburra dagoela kaleko erabileraren aniztasuna islatu nahi izatetik euskara hutsezko fikzioaren ahala gutxiestera».

Kulturari buruzko orri beteko bineta bana ere sortu dute aldizkarirako ondorengo zortzi irudigileek: Eider Eibarrek, Axpik, Expraik, Patxi Gallegok, Paula Estevezek, Mariñe Arbeok, Dani Fanok eta Joseba Larratxek. Eta, ohi bezala, Dom Campistronek sortutako irudia ere badakar aldizkariak kontrazalean.

Bestetik, 2022ko euskal liburugintza ere aztertu du Xabier Eizagirrek. Pandemiaren bi urte gogorrenak gainditu ondoren, euskarazko liburugintzak goranzko joerari heldu diola ikus daiteke azterketan. Edonola ere, euskal liburugintzaren eta euskalgintzaren «ahulezia» egoera erakusten duten hainbat datu ere bildu dituzte txostenean. Zientzia eta teknika alorreko liburuen beherakada da haietako bat, eta, hezkuntzaren alorrean, Euskal Herritik sortu eta Euskal Herrirako pentsatutako hezkuntza proiektuen nagusitasun falta da beste bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.