Erbesteko ahanzturatik ateratzeko

Gerardo Lizarraga artistaren atzera begirako erakusketa bat zabaldu dute Nafarroako Museoan. Errepresioaren eta erbestearen ondorioz, ez zuen aintzatespenik izan

Nafarroako Museoan ikus daitezkeen Gerardo Lizarragaren artelanetako batzuk. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Gerardo Lizarraga XX. mendeko lehen herenean Nafarroako pinturaren modernizazioan gehien eragin zuen artistetako bat izan zen. Ilustrazioa eta margoa jorratu zituen batik bat, moldakortasun eta talentu handia erakutsiz, baina errepresioak eta erbesteak zeharkatu zuten haren ibilbidea, eta, ondorioz, ezezaguna izan zen bere lurrean. Orain, Nafarroako Memoriaren Institutuak eta Nafarroako Museoak Gerardo Lizarraga. Artista erbestean atzera begirako erakusketarekin, Lizarragaren bizitza eta obra berreskuratzeko ale garrantzitsu bat jarri dute, bai eta erbestearen inguruko gogoeta sustatzeko ere. «Erbesteak bizitzak eta harremanak eteten dituelako, baina baita lurraldearen giza kapital handi baten galera ekarri ere», adierazi zuen Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak erakusketaren aurkezpenean.

Lizarraga Iruñean sortu zen, 1905ean. Javier Zigaren tailerrean trebatzen hasi zen, baina Madrilgo San Fernando Arte Ederren Eskolan burutu zituen ikasketak. 1930ean, Remedios Varo margolariarekin ezkondu zen, eta Parisen izan bizi izan ziren urtebetez. Han, abangoardia artistikoak ezagutzeko aukera izan zuten. Ondoren, errepublikarekin engaiatuta, Lizarraga Bartzelonara joan zen. Errepublikaren armadan sartu zen, eta, besteak beste, Bartzelonako Marrazkigileen Sindikatua eta EA Films ekoiztetxea martxan jartzen parte hartu zuen.

Baina gerra amaitutakoan, erbestera jo behar izan zuen. Frantziako muga zeharkatzea lortu zuen, baina han, kontzentrazio esparruetan sartu zuten: Argeles-sur-Mer, Agde eta Clermont-Ferranden izan zen; osotara, hiru urtez. Itxialdi garaian marrazki ugari sortu zituen, eta, gerora, bizitza osoan gorde zituen berekin.

1942an Mexikora irtetea lortu zuen, eta han talde bat osatu zuen erbesteratutako beste artista batzuekin: Remedios Varo, Benjamin Perte, Kati Horna, Leonora Carrington eta Emerico Weisz, besteak beste. Mexikon bizi izan zen, eta 1982an hil zen.

Balio artistiko handiko obra

Erakusketak 125 artelan, 60 argazki, 77 dokumentu eta bi liburu biltzen ditu, balio artistiko handikoak guztiak, eta estilo eta teknika askotakoak. Obretan, Lizarragak haren jatorriko zein harrerako herrialdeetako gaiak uztartu zituen: euskal pilota eta dantzak ageri dira lan askotan, baina baita Mexikoko merkatuak eta musikariak ere.

Blanca Oria erakusketako komisarioaren arabera, kontzentrazio esparruetan igaro zituen urteak izan ziren Lizarragarentzat sorkuntza eta askatasun handienekoak, bera preso egon arren. «Gaizki zegoen, eta egin zezakeen gauza bakarretako bat margotzea zenez, barrura begirako prozesu bat egin zuela esan daiteke». Garai hartako lanak nabarmenki surrealistak dira, eta, besteak beste, gosea, gaixotasuna, sufrimendua eta sexua jorratzen dituzte. 1970eko hamarkadan, hil aurreko urteetan, artistak marrazki horiei buruzko ohar batzuk idatzi zituen, garai hartako sentimenduak gogoratuz, eta aurki argitalpen batean jasoko dituzte.

Lan horiez gain, erakusketan bildu dituzte, batetik, Mexikoko garaian ondu zituen erretratuak. «Paisaiak margotzea gustuko zuen, baina erretratugile hobea zela esaten zioten», aipatu du komisarioak. Eta, bestetik, erbesteratu aurretik Iruñean egin zituen lanetako batzuk, baita ezezagunagoa den haren beste alderdi bateko lanak ere: eszenografo eta zinemarako margolari gisa egin zituenak.

Komisarioak nabarmendu duenez, erakusketa aurrera ateratzeko dokumentazio lan mardula egin behar izan dute. Hamar urtez aritu dira ikertzen, eta «bidaia bat» egin dute Lizarragarekin batera. Erakusketa osatzen duten ia lan guztiak artistak berak gorde zituen, Mexikon. «Harrigarria da obra guztiak kontzentrazio esparruetara eraman, han gorde, eta alde batetik bestera mugitu izana» , adierazi du Oriak. Erakusketan ikus daitezkeen lanetako asko artistaren seme-alabek gorde dituzte; beste batzuk Nafarroako Museoarenak eta artxibo pribatuenak dira. Halaber, 1930eko sanferminak iragartzeko kartel bat ere bada, Iruñeko Udal Artxiboarena.

Erakusketa maiatzaren 23ra arte egongo da zabalik. Gainera, gaurtik larunbatera bitarte, erbesteari buruzko jardunaldi batzuk egingo dituzte, sarean.

Gerrak, errepresioak eta erbesteak ahanzturara eraman zuten Lizarragaren izena eta lana. «Mexikon errekonozimendua izan zuen; hemen, ordea, urte luzez Remedios Varoren senarra izan da», gogoratu du Oriak. Itzaletik ateratzea da erakusketaren helburu nagusia: haren memoria berreskuratzea eta ezagutaraztea. «Agian berandu iritsi da; baina hobe berandu inoiz ez baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.