Augusto Pinochet jeneralaren erregimenak bere herrialdetik kanporatu baino aste batzuk lehenago —zehazki, 1973ko urriaren 5ean—, polizia indarren erasoa jasan zuen bere etxe klandestinoan Carmen Castillo zinemagileak. MIR taldeko (Mugimendu Iraultzaile Ezkertiarra) militante zen bikotekide Miguel Enriquez hil zuten sarekada hartan, eta, hilabete batzuen buruan, orduan sabelean zeraman haurra ere zendu zen, erasoan jasandako zaurien ondorioz. Besteak beste, Castillok orduz geroztik ondutako testuak eta dokumentalak jasotzen ditu Carmen Castillo,txiletar erbesteratu bat erakusketak, eta Donostiako Okendo kultur etxean egongo da ikusgai, gaurtik maiatzaren 4ra bitartean.
Apirilaren 21etik 28ra Donostian egingo duten Giza Eskubideen Zinemaldiaren 20. aldiaren barruan antolatu dute erakusketa; «jaialdiaren aurrerapen gisa», azaldu du Carlos Plazak, Giza Eskubideen Zinemaldiaren ordezkariak. Hain zuzen, zinemagileari emango diote jaialdiaren ohorezko saria, eta apirilean Donostian izango da Castillo, hura jasotzen.
50 urte beteko dira aurten estatu kolpea emanda militarrek Txile diktadurapean murgildu zutenetik, eta, hain justu, garai hura islatzen dute kultur etxeko hormek, «Castilloren erbesteko begirada eta bizipenetatik, betiere», zehaztu du Imma Merino kazetari eta kritikariak; zinemagilearen lagun handia da, eta hark egin ditu komisario lanak.
Haren iritziz, erakusketak «oso ondo» jasotzen du Castilloren erbestealdi «beldurgarria». Izan ere, bizipen horiek zehatz-mehatz azaltzen dituzte protagonistaren idatziek. «Oso idazle ona da, baina hobea da narratzaile lanetan; erakusketa honetan ikus daiteke hori».
Zenbait ataletan dago antolatuta erakusketa, ordena kronologikoan; atxilo hartu zuten unetik gaurdaino. Tartean ageri dira orduko egunkarien azalak, erbestean ezagututako jende askoren irudiak eta hainbat manifestaziotako argazkiak; den-denek dituzte Castillok berak idatzitako azalpenak alboan. Protagonistaren hiruzpalau audio ere entzungai daude aretoan. Haren ahotsa aditzen da horietan, eta erbestean bizitako eszena traumatikoak kontatzen ditu.
Horiek ez dira, baina, erakusketak biltzen dituen bakarrak. Izan ere, memoria historikoari buruzko bere dokumentalen zati esanguratsuenak ere bertan daude: La Flaca Alejandra eta Calle Santa Fe. Baita hark idatzitako liburuak ere: Un día de octubre en Santiago, Ligne de fuite, Santiago-Paris eta El vuelo de la memoria. Film berri bat ere ageri da erakusketako horman proiektatuta: Eva Vilarenaren Memoria del cuerpo. Castillo ageri da bertan, eskuineko besoan orban bat duela. «Estatu kolpeak eta ondoriozko errepresioak berekin ekarritako zauri iraunkorren arrastoa da», argitu du komisarioak.
Erbesteko esperientziari buruz gogoeta egin zuten beste filosofo eta idazle batzuen idazkiak ere ageri dira erakusketan; besteak beste, Maria Zambranorenak, Cesar Vallejorenak, John Bergerrenak eta Charlotte Delborenak.
Merinok azaldu duenez, Txilen «oso gutxi» hitz egiten da erbestealdiez. «Horrek ez du esan nahi egon ez zirenik. Castillok dioen bezala: 'Erbesteak bezainbeste erbesteratu daude'». Horien guztien memoriaren arrastoa uztea da Castilloren erakusketaren helburua.
Saria jasotzera, Donostiara
Egun, 77 urte ditu Castillok, eta bere lana erakusketa batean ikusi ahal izateak hunkitu egiten du. Aretoan ikusgai den bideo baten bidez mintzo zaie bisitariei: «Oso pozik nago nik egindakoa ikusgai dagoelako Donostian; pozarren bisitatuko dut hiria apirilean».
Izan ere, apirilaren 21ean Viktoria Eugenia antzokiko agertokian izango da zinemagilea, aitortza egingo dion saria jasotzen. Hurrengo egunean, berriz, hitzaldi bat eskainiko du Okendo kultur etxean bertan.
Erbestean bizitakoen antologia
Giza Eskubideen 20. Zinemaldiak 'Carmen Castillo, txiletar erbesteratu bat' erakusketa ikusgai jarri du Donostiako Okendo kultur etxean. Zinemagilearen testuak eta dokumentalak bildu ditu bertan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu