Aiara Festek jakinarazi du eraso matxista batengatik salatutako gizonak jada ez duela loturarik jaialdiarekin

Antolatzaileek azaldu dute gizon hori «sozietateko akziodunen taldetik atera» dutela, eta galarazi egin diotela festibaletik edozein etekin ekonomiko lortzea. Amurrioko Udalarekin eta herriko mugimendu feministarekin bildu ondotik hartu dute erabakia.

Aiara Fest jaialdia aurkezteko agerraldiaren irudi bat. AMURRIOKO UDALA
Aiara Fest jaialdia aurkezteko agerraldiaren irudi bat. AMURRIOKO UDALA
Ainhoa Sarasola.
2025eko urtarrilaren 9a
20:43
Entzun

Aiara Fest jaialdiak jakinarazi du festibaletik baztertu egin duela gizonezko bat, hark eraso matxista bat egiteagatik salaketak jaso ondotik. Sare sozialen bidez zabaldutako oharrean zehaztu dutenez, Amurrioko Udalarekin eta udalerri horretako mugimendu feministarekin bilera bat egin zuten atzo. «Bilera horren ondoren, erabaki dugu jakinaraztea pertsona hori sozietateko akziodunen taldetik atera dela, erakundetik bereizi dela, eta Aiara Festek sor dezakeen edozein onura edo etekin ekonomiko lortzeko aukera blokeatu dela. Beraz, gaur egun, pertsona horrek ez du inolako loturarik musika ekitaldi horrekin», adierazi dute sustatzaileek.

Maiatzaren 30ean eta 31n Amurrioko El Reforren egitekoak dira musika jaialdia, eta, abenduan antolatzaileek iragarri zutenez, Gatibu, Zetak, Gorka Urbizu eta Zea Mays dira han jotzekoak, besteak beste. 

Arabako Alea-k zehaztu duenez, jaialdiak antolakuntzatik baztertutako gizonezko hori «indarkeria matxistagatik salatu dute azken asteetan, bai sare sozialen bitartez (Instagrameko @denuncias_euskalherria kontuan, besteak beste) bai Amurrioko kaleetan egindako pintadekin ere». Jaialdiaren antolatzaileek oharrean adierazi dute «emakumeen eta haien eskubideen aurkako ekintza eta iritzi guztiak erabat gaitzesten» dituztela, eta Aiara Fest «indarkeria matxistarik gabeko leku segurua» izango dela. Bide horretan, protokoloak berrikusteko eta beharrezko neurriak hartzeko konpromisoa hartu dute. 

Sarrerak erosi eta orain itzuli nahi dituztenek horretarako aukera izango dute, azaldu dutenez: [email protected] helbidearen bidez egin ahalko dute, hilaren 31ra bitarte.  

Amurrioko Udaleko Berdintasun Batzordeak ere agiri bat plazaratu du gai horren harira, eta azaldu du Aiara Fest «ingurune libre eta seguru batean garatzeko bere ahalegin guztiak» egingo dituela. Hala, ziurtatu du antolatzaileek jaialdira egokitutako protokolo espezifiko bat ezar dezaten lan egingo duela, «indarkeria matxista, homofobikoa eta transfobikoa berme osoz jorratzeko eta prebenitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.