Erantzungailu automatikoaren ahots inpertsonala amaitu, seinalea entzun, eta orduan hasten dira aitortzak. Estualdian diren lau emakumeren bizitza txatalak batuz osatu du Tanttaka konpainiak Utzi zure mezua seinalearen ondoren antzezlana. Fernando Bernuesek zuzendu du pieza; Mireia Gabilondo, Oihana Maritorena, Leire Ruiz eta Miren Arrieta aktoreek jokatu dituzte lau pertsonaien rolak, eta gaur estreinatuko dute lana, Bilboko Arriaga antzokian.
Marina dibortzioetan espezializatutako abokatua da, baina senarrak utzi egin du. Carmelari minbizia duela esan berri diote, eta erantzungailuan hainbat gauza utzi nahi dizkio semeari esplikatuta, Saharan mediku lanak bukatu eta itzultzen denerako. Sarak alde ditu dirua, osasuna eta edertasuna, baina ezkon aurreko presioak suizidioaren mugaraino eraman du, eta terapia modura darabil psikologoaren ahots postontzia. Viviana prostituta dabil Madrilen, nahiz eta familiak Ikean ari dela pentsatu, eta hil berri zaion aitaren telefonoan uzten ditu bere bizitzaren nondik norakoei buruzko aitortzak.
Hasieran, elkarrekin loturarik ez duten hari solteak dirudite lau kontakizunek, baina elkarrekin korapilatuz joango dira antzezlanak aurrera egin ahala. Eta amaiera «oso bitalista» dela aurreratu du Bernuesek.
Pausoz pauso helduko da hori, ordea, telefonoko erantzungailu automatikoan uzten dituzten mezuen bidez joango baita publikoa antzezlaneko lau pertsonaien berri jakiten. «Zintzotasun handikoa da testua, eta gizatasun sakoneko kontakizunak dira lau pertsonaienak».Pertsonaiek bizi dituzten hainbat egoera lazgarriak dira, baina umore puntu batek bustitzen du dena, Bernuesen hitzetan, eta trabei aurre egiteko indarrak biltzen saiatzen dira lau emakumeak.
Arantza Portabales Donostian jaiotako idazle galiziarrak 2017an galizieraz idatzitako eta 2018an gaztelerara itzulitako Deixe a súa mensaxe despois do sinal eleberria dago antzezlanaren oinarrian. Baina kasualitatez heldu zitzaion haren berri Bernuesi. Donostiako Hontza liburu dendan hurrengo irakurgaia hautatzen zebilela, liburu saltzaileari eskerrak eman eta eman entzun zuen emakume bat alboan, eta aurrez emakume hari gomendatu zion gauza bera emateko eskatu zion saltzaileari. Eta hala heldu zitzaion Portabalesen eleberria eskutara.
Liluratuta gelditu zen testuarekin. Kike Diaz de Radarekin batera egin du orain Bernuesek testua antzerkira egokitzeko egin beharreko kondentsazio lana, eta Aizpea Goenagak itzuli du testua euskarara.
Aire pixka bat
Eleberriaren kalitateaz gainera, aktoreen lana ere nabarmendu du zuzendariak. «Halako pisu narratiboa duten lanetan, garrantzitsua da aktoreek kontatzen duten hori sakonki bizitzea. Bestela, zerbait kontatzen ari badira, eta barruan ezer gertatzen ez bazaie, literatura da, eta ez antzerkia. Inplikazio hori behar-beharrezkoa da, eta kasu honetan lortzen dute: bizinahia kutsatzen dute».
Carmelaren rola jokatuko du Gabilondok antzezlanean, eta testuaren gizatasuna nabarmendu du berak ere. «Oso ondo idatzita dago; oso pertsonaia benetakoak erakusten ditu, eta halakoak goxoki baten modukoak dira aktoreontzat».
Aire pixka bat ere behar zutela aitortu Bernuesek. Abusuei buruzko hiru antzezlan landu ditu konpainiak azken urteetan —Muxua, Soka eta Izoztutako haizea bezala—, eta gogoz hartu dute horregatik Utzi zure mezua seinalearen ondoren. «Ez dira batere hutsalak bertan lantzen ditugun gaiak, baina etorkizunari indarrez eta gogoz begiratzeko aukera ematen du, eta oxigeno pixka bat eman digu horrek».
Igandean egin zuten lehen jendaurreko froga, Urnietan (Gipuzkoa), eta pozik gelditu ziren emaitzarekin eta jasotako harrerarekin. Bernues: «Erabateko arretaz ikusi zuten emanaldi osoa, eta amaieran hurbildu zitzaigun jende guztia pozarren zegoen». Horrek konfiantza eman die gaurko saiorako, baina beti behar da tentsio puntu bat, zuzendariaren hitzetan. «Estreinaldia beti da estreinaldia».
Gaur izango da hori, Bilbon, 19:30ean, eta bihar gazteleraz emango dute.
Erantzungailua bete intimitate
'Utzi zure mezua seinalearen ondoren' antzezlanak garai estuei aurre egin beharrean diren lau emakumeren istorioak kontatzen ditu; Tanttaka konpainiak ekoitzia da. Gaur estreinatuko dute lana, Bilboko Arriaga antzokian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu