Erantzunen, bizi bidearen, askatasunaren eta herriaren bilaketa

Maiatzek bost liburu aurkeztu ditu bedatserako. Bakoitza genero batekoa da, eta askotariko gaiak lantzen dituzte. Maiatzen betiko aniztasuna defendatu du Etxezaharretak.

Maiatz argitaletxeak bost liburu argitaratu ditu udaberrian. BERRIA
Maiatz argitaletxeak bost liburu argitaratu ditu udaberrian. BERRIA
Leire Casamajou Elkegarai.
Baiona
2024ko martxoaren 29a
05:10
Entzun

Oraino martxoan, baina Maiatzek udaberria iragarri du bost liburu berri aurkezturik. Lore sorta bat mahai gainean, bedatsearen seinale, Arantzazu Martinez Etxarriren liburu bat, Eric Ditxarriren bat eta Pantzo Hirigarairen beste bat plazaratu ditu argitaletxeak; Itxaro Bordaren itzulpen lan bat ere aurkeztu dute, eta joan den mende erditsuko obra baten edizio berria ere bai, besteak beste Emilio Lopez Adanek landua.

Zenbaitek lehen liburua dute, eta besteek hamabosgarrena; zenbaitek beren testuak plazaratzen, eta besteek besteenak berrargitaratzen; zenbaitek poesia idatzi dute, eta besteek polizia eleberria. Hots, zabala da Maiatzek irakurleei egin dion eskaintza aldi honetan ere. Luzien Etxezaharreta Maiatz argitaletxearen koordinatzaileak ozen erran du: «Zauri guzien gainetik eta hetsipen guzien azpitik, jarraitzen dugu gure argitalpenekin, eta betiko dibertsitatearekin».

Liburu berriak

Etxauz Baigorriko (Baxenabarre) gaztelua da, eta Pantzo Hirigaraik haurtzaroan jadanik leihotik ikusten zuen egun guziz. Badu aspaldi zerbait idatzi nahi zuela Etxauzen inguruan, baina, antzerkian ohituago izanik ere, ez zitzaion formatu egokia buruan zuen hori gauzatzeko: «Antzerki batek baditu taula gaineko mugak, eta istorio honek anitzez espazio gehiago behar ditu. Etxauzen da istorioaren bihotza, baina gero gertakariak badira Baionan, Amikuzen, Baztango ibarrean...», azaldu du. 1900. urtean gertatzen da istorioa. Halere, Hirigaraik zehaztu du «agertzen diren pertsonaiak denak fikziozkoak» direla, eta deus loturarik ez dela Etxauzek egiazki bizi izan dituen gertakariekin.

Fikzioa da, beraz, eta polizia eleberri baten gisakoa: «Doña Adela penatua da bere senarra, Doneztebe, desagertua baita; bizkitartean, pertsona bitxi batzuk agertuko dira Etxauzera. Orduan, galdera beti da zer ari diren hor, zer nahi duten, zer den lotura desagertu den Donezteberekin». Hirigarairen lana Agatha Christie idazlearen Hercule Poiroten istorioei konparatzera ausartu da Etxezaharreta, eta Hirigaraik baiezkoa eman dio buruaz, irri batez. Gehitu du: «Christiek Hercule Poirot sortu zuen bezala, izen doi bat erridikuluarekin, ari nintzen eneak ere izen irringarria izanen zuela: hola jin da Zakarias Putxapal».

Alde batean bada misterioa eta inkestaren mundua, zehatza, gertakari bati lotua; eta, beste alde batean, bada abstraktua izan daitekeena, sentsazioei eta bizi ibilbideari lotua. Polizia eleberriek eta poesia bildumek ez dute berezko loturarik, baina muinean  zerbaiten bilaketa dute biek: bata zehatza eta bestea abstraktua, beharbada.

Martinez Etxarrik azken sei-zazpi urteetan idatzitako poesiak bildu ditu Haize gaziak olerki eta argazki bilduman, eta, «olerki guziak, salbuespenik gabe, esentzia errealetan oinarrituak» dira. Argazkiak ere Martinez Etxarrik berak hartuak dira. Bertan, biziari buruz dituen hamaika galdeketa barneratzen ditu, poetikoki. «Zer zentzu dauka bizitzak, zer egiten dugu hemen? Hilko gara, baina itsasoak hor jarraituko du». Erantzunak beti ez dira ebidenteak, baina itsasoak harengan duen efektuan sakondu du: «Itsasoari eskaintzen dizkiot nire penak, nire pozak, nire etsipenak, nire minak... Bereziki gaizki edo triste nagoenean, itsasoa behar dut, harengana noa; baina ondo nagoenean ere bai, gozatzera, eta eskerrak ematera».

Beste edizio mota bat, polizia eleberria edo poesia baino anitzez ere gutiago ezagutua, ready-made motakoa da. Ditxarrik mota horretakoa du plazaratu berri duen liburua: Post-Internet. «Sendikortasun eta gogoetak mundu berri batek sortuak, artea argitzaile delarik ready-made mundua aldatu nahiz», idatzi dute Maiatzekoek lanaren inguruan. Liburua hiru zatitan banatua da: lehena aitzinsolasa da, Ditxarrik bere horretan hartu diona Kenneth Goldsmithi, ingelesez; bigarrena, ready-made kontzeptua zer den azaltzen duen idatzi kritikoa, orain arte egindako lana ulertzeko balio duena; hirugarrena eta azkena, ready-made delakoarekin osatua da, aleatorioki. Hain zuzen, argitan jartzen ditu, hein berean, 2023ko iparraldeko baten etxeko pusken sarea eta ETAk Euskal Herriari, azken adierazpena (2018) kapituluak, adibidez.

Itzulpen eta edizio berriak

Beste bi liburuak itzulpen bat eta edizio berri bat dira. Itzultzaile lanetan Borda aritu da, eta Eric Fottorinoren Eguneko arrantza euskaratu du. «Lesbos uhartearen hondartzako arrain bereziak» argitan ezartzen ditu istorioak, migranteen irudikapen gisa. Maiatzek idatzi bezala, gaur egungo munduaren zinismoa» salatzen du obra horrek.

Bestalde, Marc Legassek 1955ean argitaratu Santxo Azkarra berriz editatu dute. Oinarrian, obra frantsesez idatzi zuen Legassek, eta lagun bati, Piarres Lafitteri, eman zion euskaratzeko. Hala, euskarazko bertsioa da berriz argitaratu dutena. Aldaketa batzuk egin zaizkio, baina arras guti: ch idatzia zenean, x jarri dute lana eraman dutenek; besteak beste, Emilio Lopez Adanek. Azalpenak eman ditu: «Liburuak kontatzen du nola apezpikuak erraten dion Santxo erregeari: 'Santxo, hire erresuma ez duk haboro mundu hontakoa'. Eta ez zen bakarrik poesia eta amodioa, baizik eta nonbait eta historian Marcek beti defenditu duena: gu, euskaldunak, independenteak garela, hain zuzen, autoritaterik, estaturik, nahita propiorik ere ez dugulako».

Bost liburu, beraz, erantzunen, bizi bidearen, askatasunaren eta herriaren bilaketa kontatzen dutenak. Dena baita zerbaiten bilaketa, azkenean, eta, bost obra horiek erakusten dutenez, preseski, literaturak modua ematen ahal du bila aritzeko.

Etxezaharretak oroitarazi du Pazko bezperan Senpereko (Lapurdi) Inharrian eginen den Atxik! liburu eta ardo azokan izanen dela Maiatz, eta apirilaren lehenean, berriz, Sarako (Lapurdi) Idazleen Biltzarrean. Gainera, zehaztu du arramaiatzean plazaratuko dela Maiatz literatur aldizkariaren 78. zenbakia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.