Erantzun gabeko eskutitz bat eta izar banatzailea den robot bat

Jorge Mato 'CaTeter' eta Maria Barriga marrazkilarien obrak jarri dituzte ikusgai Gasteizko Antso Jakituna fundazioan. Irudika programan egonaldiak egin dituzte biek.

Jorge Mato 'CaTeter' eta Maria Barriga, erakusketaren aurkezpenean, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Jorge Mato 'CaTeter' eta Maria Barriga, erakusketaren aurkezpenean, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2024ko ekainaren 18a
05:00
Entzun

Irudikaren egonaldietan hautatutako bi artista dira Jorge Mato CaTeter (Montevideo, 1977) eta Maria Barriga (Madril, 1996). Martxoaren 8tik maiatzaren 24ra bitartean aritu dira lanean Anguleman (Frantzia), Zapopanen (Mexiko) eta Bilbon, Irudikak dituen egoitzetan, eta toki horietan bilakatu dituzte euren ideiak artelan. Joan den ostiralean aurkeztu zuten azken bi hilabeteotan bi artistek ekoitzitako lanak biltzen dituen erakusketa, Gasteizko Antso Jakituna fundazioan. Uztailaren 28ra bitarte egongo da ikusgai, 08:00etatik 15:00etara, eta sarrera doakoa da.

Atetik sartu bezain laster ikus daiteke erakusketa gela. Marrazkiz beteta dago, baina oso estilo ezberdina dute batzuek eta besteek. Batzuk —gehienak— zirriborro itxura duten ilustrazioak dira, atzean esanahi handiko mezuak ezkutatzen dituzten horietakoak; pertsonak irudikatzen dituzte nagusiki, edo, bestela, eraikinak. Marra finak eta irregularrak dituzte, kaleko marrazkilariek egiten dituzten gisakoak. Horiexek dira CaTeterren obra osatzen duten marrazkiak. Gela berean, eta horiekin nahastuta, Maria Barrigaren ilustrazioak daude. Barrigak egindako film laburraren frame-ak dira, oso koloretsuak eta zehatzak. Irudi horiek guztiak biltzen dituen film laburra behin eta berriz ematen ari da gelaren ezkerraldean dagoen pantaila. Robot bat ageri da irudi guztietan.

«Marraztera ohituta nagoenez, batzuetan zailagoa egiten zaidan zerbait behar dut, ez blokeatzeko eta nire ideiak kanporatzeko».

JORGE MATO 'CATETER'Artista

CaTeterrek Querido Ramon izena jarri dio erakusketari. Ilustratzailea denez gero, marrazkiek osatzen dute erakusketaren zatirik handiena, baina zeramikaz egindako pieza txikiekin osatu du bere obra. Zeramikazko piezak gutxi dira, halere —ez hamar baino gehiago—, eta erakusketa aretoaren erdian dagoen mahaian kokatuta daude. Ilustrazioak baino askoz gutxiago izan arren, CaTeterrentzat irudiak bezain garrantzitsua izan da zeramika: «Marraztera ohituta nagoenez, batzuetan zailagoa egiten zaidan zerbait behar dut, ez blokeatzeko eta nire ideiak kanporatzeko».

Ilustrazioen eta zeramikazko piezen bidez iraganera bidaiatu du; hain zuzen ere, bere haurtzarora. Uruguaiko hiriburuan jaio zen, Montevideon, baina hamabi urterekin Argentinara joan behar izan zuen bizitzera. Bere bizitzako lehen urteetako oroitzapenak marrazten saiatu da, oroitzen dituen paisaiei, pertsonei eta egoerei bizia ematen. Hala ere, adierazi du gauza batzuk fikzioa direla, ezin baititu zehaztasunez gogoratu: «Irudiak erreproduzitzen saiatu naiz. Batzuk errazago asimilatu nitzakeen, baina beste batzuk kosta egiten zitzaizkidan, baina horiek ere erreproduzitu nahi izan ditut».

Gutun bat

1990ean ume batek idatzitako gutun batek eman dio izena bere erakusketari. CaTeterren ikaskide eta laguna zen Ramon, eta, CaTeterrek Argentinara alde egin zuenean, Ramonek gutun bat idatzi zion. Klaseko lagunei buruz hitz egiten zion bertan, klasean osatu ziren taldeez eta liskarrez. Gutun originala jarri nahi zuen artistak erakusketan, baina, fokuek hura hondatu ez zezaten, kopia bat ezarri du zeramikazko piezen artean. «Ez nion erantzun», aitortu du CaTeterrek. «Eta orain, ia 30 urte geroago, hau da erantzuna». Horregatik Querido Ramon.

«Animazioko robotak bezala, batzuetan ez dakigu nora, ezta zergatik ere, baina bidean aurrera egin behar dugu. Horixe egin dut nik egoitzetan ezagutu ditudan artista eta antolatzaile guztiei esker».

MARIA BARRIGAArtista

Maria Barrigak Proximo destino animazioa sortu du. Robot batek izar bat entregatu behar du, baina ez daki non, ezta zertarako ere. Filma oraindik erabat bukatu gabe dago, eta erakusketan haren sorkuntza prozesua ere ikusi ahal da, bere fase guztietan: lehenengo zirriborroak, mugimendua sortzeko erabilitako teknikak, eta amaierako emaitza. Prozesu «nekeza» izan dela adierazi du Barrigak, baina hunkituta erantsi du bere ahotsa entzuteko bide bat izan dela: «Anguleman oso ideia zurrunak nituen, eta pixkanaka barruan dudana askatuz joan naiz. Animazioko robotak bezala, batzuetan ez dakigu nora, ezta zergatik ere, baina bidean aurrera egin behar dugu. Horixe egin dut nik egoitzetan ezagutu ditudan artista eta antolatzaile guztiei esker».

2024ko Irudika

Munduko hainbat herrialdetako egoitzetan lan egiteko aukera ematen die artistei Irudika egonaldi programak. Eusko Jaurlaritzak eta Vital fundazioak batera lan egiten dute hori aurrera eramateko, eta Euskal Irudigileak elkartearen eta AC/E Espainiako kultur ekintzaren elkartearen ekarpenek aberasten dute programa. CaTeter eta Barriga artistek 2024ko programan parte hartu dute, eta beste artistekin batera euren lanak sortzeko eta eraldatzeko aukera izan dute.

Urriaren 24tik 26ra bitartean izango da aurten Irudika, Gasteizko Artium museoan. Aurtengo kartela CaTeterrek egin du, eta animazioa, Barrigak. Topaketaren zortzigarren aldian artistak, argitaletxeak eta eragileak izango dira, eta Indiatik, Kolonbiatik eta Norvegiatik iritsiko dira Gasteizera. Mahai inguru, tailer eta hitzordu profesionaletan hiru herrialde horiek izango dira protagonista, Europako, Latinoamerikako eta Asiako beste gonbidatu batzuekin batera. 

Sarrerak salgai daude jadanik Irudikaren webgunean, eta, gehienez ere 125 lagunek parte hartu dezaketen arren, topaketa online ikusteko aukera egongo da, irudika.eus plataforman. Ez hori bakarrik: plataformaren bidez, euren lanak erakutsi ditzakete profesionalek, bai eta hitzordu profesionalak adostu ere argitaletxeekin eta agenteekin. Artiumen egingo diren hitzaldi eta tailer guztiak osorik ikusteko aukera ere izango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.