Eraldatzeko eramanak

Igor Arzuaga aspaldiko kantetara itzuli da 'Menditik jaitsi ginen' lan berrian. Hasier Oleaga bateria eta Victor Gomez kontrabaxua izan ditu lagun diskoan, jazz formatura hurbilduta

Igor Arzuaga musikaria, lan egiten duen Zuhaitza liburu dendaren aurrean, Laudion. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
2020ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Badakar denboraren joanak halako dikotomia bat, behinola izandakoaren eta orain bat denaren artean erdibitzen dena. «Zeu zinen baina ez zara». Garbi sentitzen duela dio Igor Arzuaga musikariak, denboran pilatutako esperientziek pila egiten dutela norberarengan, baina kasik beste batenak izango balira bezala bizi dituela maiz. «Denboraren aldaketak oroitzapen pila bat ekartzen ditu, eta haien jabe naiz, baina ez naiz gehiago identifikatzen horiekin. Badakit nire esperientziaren nolabaiteko dokumentuak direla, baina nik eguneroko gauzetan jartzen dut atentzioa, hori da norbanako egiten nauena». Deklarazio modura formulatutako ikuspegi horretatik ondu du, bada, disko berria Arzuagak. Aurreko lanetako kantuak grabatzera itzuli da, instrumentazio ezberdin batekin, eta, aurreneko aldiz, hirukote formatura jota: Hasier Oleaga (bateria) eta Victor Gomez (kontrabaxua) izan ditu lagun Menditik jaitsi ginen (Gaztelupeko Hotsak) lan berrian.

Hamar kanturekin ondu du diskoa: zazpi aurreko lau lanetatik hartu ditu —Argi izpi bat (2002), Smog (2004), Unibertsoa gu (2008) eta Mara mara (2011) —, eta hiru pieza berrirekin osatu: Arin arin, Amaiera eta Meatzariena. Dena den, «abesti zaharren bilduma» modura definitu du lana , luzez berekin eraman dituen kantuei «beste aukera bat» emateko baliatu baitu. «Beti egon dira nire buruan; hori islatu nahi nuen».

Gaztetako esperientzia bat oso bizi izan du proiektuan, musikari bidearen hasieran kokatzen duena. 1990eko urteak ziren, 19 urte zituen eta New Yorkera joan zen eskusoinua hartuta, «abentura bila». Orduan konposatu zuen, esaterako, disko berrian berreskuratu duen Ilargia gorri kantua. «Parke batean sortu nuen. Batzuk xakean zebiltzan, besteak bueltak ematen, bazkariari itxaroten... eta orduan konposatu nuen. Orain pianoarekin jotzen dut, baina trikitiarekin sortu nuen, hori zen eskura nuen instrumentua». Sasoi hartan idatzitako kantu gehiago ere biltzen ditu diskoak, instrumentu denda batean idatzitakoak batzuk: «Denda berezia zen. Takila batzuk zituen sarreran; trikitia eta motxila han utzi, eta hiru-lau ordu igarotzen nituen pianorako abestiak jotzen. Bazekiten zer egiten zuten».

New Yorkeko bizipen haiek itzuleran hainbat «erabaki gogor» hartzera baldintzatu zutela ikusten du orain Arzuagak. Eta itzultzen da denboraren dikotomiara: «Nire esperientzia da, eta kontuan hartzen dut, baina nire barruan dagoen beste batena ere bada». Edonola ere, Ameriketako hirian «bizitzeko era bat» bereganatu zuela dio: «Eta era horrek garrantzia ematen dio egunerokotasunari eta bizitzan momentu honetan geratzen zaizkidan gauzei, hori da politena».

Sasoi hartan Euskal Herria nola hautematen zuen ere presente dago kantuetan, Arzuagaren esanetan. «Herria nola bizi dudan adierazteko beharra sentitu dut beti; aurretik egon diren mugimendu sozial eta politikoen sentsazioak eta ondotik izango denaren ametsa». Horretarako, herri musika tradizionalaren melodietara jo, eta doinu urbanoagoekin uztartzen ditu, hala eskatzen dionean.

Gaurkotasunaren bultzada

New Yorkeko akorduak, musikari modura emandako aurreneko urteak eta Euskal Herriak pizten dizkion sentsazioak izan daitezke disko berriko kantuen atzean dauden ideia iturri nagusiak. Baina musikaren beraren ardatz artistikoari ere azpimarra jarri dio Arzuagak: «Nire erreferentzia guztiak irabiagailu batean sartu,eta hortik ateratzen dena estilo ariketa bat izaten da».

Oleaga baterian eta Gomez kontrabaxuan, jazzaren hiruko formatu klasikoa baliatu du diskoan. «Rock munduan ere, hirukoteen lanak asko gustatzen zaizkit: Delirium Tremens, The Police... Baina, aparte, jazza uste dut beste estilo guztietatik kanpo dagoela, musika ulertzeko modu bat dakarrela». Eragin zehatzak ere zerrendatu ditu: Keith Jarrett, Bill Frisell, Herbie Hancock, Lou Reed, Neil Young...

Kanta zaharrei egindako moldaketetan zein diskoan sartutako pieza berrietan Arzuagaren «heldutasuna artistikoa» nabari daitekeela diote diskoetxekoek. Baina «heldutasuna», izatekotan, ikasteko prozesu etengabeko bati lotuta ulertzen du musikariak. «Bestela badirudi zerbait intimoa dela, eta niri hori ez zait interesatzen. Interesantea nire abestiek sortzen duten sentimendua da, eta horretan serioa naiz. Nire abestiak iradokizunez josita daude. Proboka dezaket zerbait sentitzea, baina ez zer. Eta horretaz ardura txiki bat hartu ahal izateko ere behar da heldutasuna».

Konfinamendua hasi aurretik hasi ziren diskoa aurkezten, Arzuagaren hitzetan, «inpresio oso ona» bilduz bueltan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.