Santi Eraso. Donostia 2016 hautagaitzaren kultur programaren arduraduna

«Eraldatze hamarkada bat baten gisa planteatu dugu hautagaitza»

Donostiaren sistema soziokulturalaz hausnartzeko aukera gisa ikusten du Erasok Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitza. Ekimen zehatzei baino gehiago, parte hartzeko sistemei eusteari ematen dio garrantzia.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Kritikatik zerbait baikorra eraikitzeko ahalegina egiteak bultzatu zuen Donostia 2016ko hautagaitzako kultur programaren ardura hartzera Santi Eraso (Tolosa, Gipuzkoa, 1953). «Erronka bat iruditu zitzaidan, eta erronkak beti izan ditut gustuko». Proiektuak aurrera egiteko aukera duela dio; aukeratua izan edo ez, herritarrek kultur dinamikei buruzko gogoetetan parte hartzeko bideei eustea da, harentzat, garrantzitsuena.

Zergatik behar du Donostiak hiriburutza? Zer ekarriko dio hiriari?

Transformazio soziokultural bati buruz pentsatzeko balioko duen denbora baten hasiera gisa planteatu dugu hautagaitza. Datorren hamarkadari lotuta dago, zeina itxaropentsua izatea espero baita; ETAk armak utziko dituela dirudi, eta paisaia sozial berria berregituratuko da teorian, non kulturak eta hezkuntzak rol nagusi bat jokatuko duten. Proiektu honetan hasi nintzenean, txosten bat egiteko deitu zidaten. Testu hura oso kritikoa zen halako ekimenekin, azkenean soil-soilik produzitzen dutena marka bat delako eta hiriak lehiatzera behartzen dituztelako, aldaketarako benetako aztarna bat sortu gabe. Klabe kritikoak oinarri zituen txosten hori klabe positiboetan nola eraiki pentsatzeko eskatu zidaten; aurreproiektu bat egin genuen, eta 2009an jende askorekin laborategietan kontrastatu eta bildutako ezagutzarekin, dokumentu bat landu genuen. Orain beste bat osatu dugu, garapen zehatzagoa duena. Zertarako balioko du? Donostiako sistema soziokulturalaz pentsatzeko garai bat zabaltzeko.

Egiten zenituen kritiketako bat zen hautagaitza hirien arteko lehia dela.

Bai, eta kontraesan bat da bere horretan. Baina, kritikatik prozesu eraikitzaile bati ekiten diozunean, onartu behar duzu bidean kontraesanak kudeatu beharko dituzula, eta asko dira.

Hori hala delako orandik, hirien arteko lehia bat.

Bai. Lehen testuan, lehiaz baino gehiago, hirien arteko elkarlanaz hitz egin genuen. Esaterako, bigarren testuko proiektuetako bat Europatik zehar joango den itsasontziarena da; hautagaitza aurkeztu duten beste hirietatik pasatuko litzateke, hango ideiak jaso eta geure proiektuari batzeko.

Beraz, kritika zerbait positibo bihurtzea izan da zure lana.

Bai, kontraesanak klabe positiboetara eramanez gainditzen saiatzea eta proiektu bat eraikitzea, ez soilik hautagaitzari, eragile sozial eta kulturalei ere balioko diena aldaketan pentsatzeko tresna gisa.

Bada uste duenik halako ekimenek batez ere etekin ekonomikorako edo turismoa erakartzeko balio dutela.

Bai, kontua da irabazten baduzu markak jarioen traktore gisa funtzionatzen duela. Marka sortzen duzu, eta marka horrek zilegitasuna ematen dizu. Hautagaitza ez dugu 2016an gertatuko den zerbait balitz bezala ikusten, baizik eta aurreko urteetan errotuz doan prozesu gisa. Eraldatze hamarkada bat balitz bezala planteatzen dugu; mugarri batekin: 2016a. Eferveaszendentzia deritzon metafora baliatu dugu azaltzeko aspirina bat bezala dela: uretan eferbeszentzia hasten da, une batean indar handia du, ondoren diluitzen da, eta ura beste zerbait bihurtzen da, transformatzen da. Teorian, marka horrek, pilula horrek, sendatze gaitasuna du, ingurua eraldatzekoa.

Ekain bukaeran proiektua berriro defendatu beharko duzue Madrilen, epaimahaiaren aurrean. Zer ikasi duzue iazko aurkezpenetik, lehen aurkezpenetik?

Oraingo dokumentuan askoz ere gehiago zehaztu ditugu gauzak. Halaber, epaimahaiak emandako hainbat gomendiori jarraitu diegu, aurkezpenetik oso ondo atera baikinen; zurrumurruen arabera, erabakia egun hartan hartu izan balitz, Donostiak irabaziko zuen. Gainerako hiriak parafernalian erori ziren; gu izan ginen gorbatarik gabeko ordezkaritza bakarra. Hondartza baten moduko zerbait, antzerkitxo bat antolatu genuen, oso poetika emozionalekoa. Hori gustatu zitzaien, oso naturala egin zitzaien. Orduko jokaldia ikusita, pentsatzen dut bigarren aurkezpenean artistekin-eta joango direla beste hiriak, politikariak etxean utzita.

Estrategia asko aldatuko duzue?

Ez, bide beretik jarraituko dugu, baina, hondartza eraman beharrean, beste zerbait eraman beharko dugu. Berriro originalak izateko zer egin pentsatu behar dugu.

Zer nahi du epaimahaiak?

Ez dakigu. Epaimahaiak Europako Parlamentuaren aniztasuna irudikatzen du, miniaturan: badira kontserbadoreak, liberalak, sozialdemokratak, kultur profesionalak, teknikariak… oso profil ezberdinak. Bide beretik jarraitzeko aholkua eman digutela, hori dakigu bakarrik.

Beste hirien proiektuei dagokienez, zein uste duzue? Zurrumurruak-eta iritsiko zitzaizkizuen...

Bai, baina proiekzio erabat subjektiboak dira zurrumurruak; ez dugu argudiorik esateko bata edo bestea hobeto ari dela. Adibidez, Las Palmas han urrun dago, Afrika parean, baina Europarentzat hain justu hori izan daiteke arrazoia hautagaitza lehen aldiz kontinentetik kanpoko hiri bati emateko. Ahuldadea indargune izan daiteke, ongi landuz gero.

Baina zeinek dirudi Donostiaren lehiakide nagusia?

Lehen aldi hartan, Burgos aritu zen ongi, besteak ere bai… Kordoba geratu zen gaizki, esaterako.

Aldiz, jende askok Kordoba faboritoen artean aipatzen du, ezta?

Bai, hautagai historikoa delako. Bigarrenez aurkeztu da; lanean urte gehien daramana da, korridore instituzionaletan oihartzun handiena duena, harreman gehien duena politikan eta lobby-etan, baina argi eta garbi frogatu da horiek ez dutela inondik ere eragin. Erakunde guztiek agindu zorrotzak dituzte erabat neutralak izateko, eta orain arteko bidean ez dugu izan filtrazio edo presiorik gertatu den zantzu txikiena ere.

Apustu egin beharko bazenu, zenbat aukera ditu Donostiak? Ehuneko bat ematera ausartuko zinateke?

Aukera asko dituela uste dut. Oso harroak ez iruditzeko, %50 esango dut. Ez dakit ez den oso salomonikoa... Ez dakit, %70 ere esan nezake. Dokumentua oso duina da.

Epaimahaiak zer nahi duen ez dakizue, baina zein dira, zure ustez, hautagaitzak dituen indarguneak?

Indarguneetako bat da ez dela artifizio batetik abiatuta eraiki, ez da hautagaitza artifizial bat; herritarren ezagutzatik abiatuta egin da. Nik bitartekari lana egin dut, hautagaitzaren inguruan milaka lagunek egin baitituzte proposamenak, eta 200 bat lagunekin aritu gara lanean laborategietan, taldetxoetan. Haietan bildutako materialekin 2.000 orrialdetik gora ditugu; horrekin sortu dugu proiektua. Ahalik eta lagun gehien biltzen saiatu gara, asko kanpoan geratu diren arren. Eta, halakoetan gertatu ohi denez, adostasun dokumentu bat izanik, jende guztiari pixka bat gustatu ahal zaio, baina asko inori ere ez. Beti falta da zerbait, norbait; ez dago mundu guztia, ezinezkoa delako.

Orain arteko parte hartzeari zer irizten diozue?

Demokraziaz egin daitekeen balorazio bera da, hots, inperfektua dela. Saiatu gara parte hartze egiturak jartzen, eta jende asko aritu da hor, ehunka pertsona, elkarte, instituzio… Eragin jario horretatik garatu da testua, eta oraingoz literatura baino ez da, baina hori bakarrik izan ez dadin, bost sistema martxan jartzea pentsatu dugu, transformazio dinamika batzuk gaurtik egituratzen hasteko. Garrantzitsuena da irabazten badugu bost laborategi martxan jarriko direla: herritarren parte hartzeari; teknologiari; arteari eta sorkuntzari; euskarari; eta naturari lotutakoak. Niretzat, ekimen zehatzak baino askoz ere garrantzitsuagoak dira sistemak.

Parte hartzaileen artean kritikarik izango zen. Zein gairen inguruan?

Kritika etengabe izan dugu, eta, gainera, funtsezkoa izan da testua osatzeko. Ikuskizun gehiegi? Bada, ikuskizun gutxiago. Edo kultura hegemoniko gehiegi? Bada, saiatu gara egun jada egiten den kultura hegemoniko horren ordez fokua beste leku batean jartzen... Kritika horiei harrera egin diegu, eta balio bihurtu ditugu.

Parte hartu ez dutenen artean, sisteman ez sinestea izan da arrazoietako bat? Donostian kultur arloan orain arte halako eredurik egon ez delako?

Bada esparru kritiko bat, eszeptikoa, gauza hauek ez dutela ezertarako balio pentsatzen duena. Dilema horretan bi aukera daude: edo horretan geratzen naiz, edo, aldiz, aukera badut, saiatuko naiz aldatzen, ekimenak ez baitira berez onak edo txarrak. Egia da halakoez egin den erabilerak kultura mota oso espektakularra ekarri duela. Saiatu gara beste aldeari begiratzen. Beste jende asko eszeptikoa da lidergoarekin. Zirrikituetatik sartzen saiatu gara, aurrez aldeko jarrera egon zitekeen lekuetatik, eta parte hartu dutenekin feedback ona izan da. Errealitatearen isla bat izan da.

Epaimahaiaren bisita izango duzue hilaren 31n. Nolako garrantzia du bisitak azken erabakian?

Handia, oso handia. Lau kide etorriko dira hona, lehen hiria bisitatzetik,Zaragozatik. Egun bakarra pasatzen dute hiri bakoitzean.

Nolako bisita prestatuko duzue?

Giza formatuko bisita egitea da ideia, ez Bienvenido, Mr. Marshall-en pareko ezer; lagun bat Donostiara lehen aldiz baletor bezala, baina kasu honetan instituzioek harrera eginda. Ibilbide bat egingo dugu hiria ikusi eta bidean jendea aurkitzeko. Bazkaria ere egingo dugu, eta bertan hainbat aktore, sortzaile edo ikertzaile ezagutzea nahi dugu, baita gastronomiaren aniztasuna ere. Egunaren amaieran gatazkari dagokion alde politikoago bat egongo da.

Bisitaren aurretik Olatu Talka jaialdia egingo da. Herritarren parte hartzearen eredutzat jarri izan duzue.

Eredu bat da, ez eredua. Iaz, lehen aldiz egin zenean, jendeak hautagaitzarekin identifikatuko zuen erakusleiho bat izatea pentsatu zen, kultura amateurraren jaialdi gisa. Ez du bestelako anbiziorik, edo apurtzaileena erakusteko bokaziorik. Herritarren adierazpenerako tresna bat aktibatzea da, aisialdian edozer egiten duenak pultsio amateur hori ateratzeko.

Zer moduz doaz prestaketa lanak?

Ez nago gain-gainean, baina lehengo astean 140 eskaeratik gora zeuden, eta denetarik egongo da. Uste dugu arrakasta izango duela.

Donostia aukeratzen ez badute, helburu guztiak hutsean geratuko dira?

Ez. B aukera dugu, legatu deitzen duguna. Erakundeei proposatu diegun konpromisoa da, galtzen badugu, gutxienez bost laborategiak martxan jartzea, ildo bakoitzean parte hartzea sustatzeko esperientzia gisa eta, baliabideak eman ahal zaizkien neurrian, horiek legatu bat uzten joatea. Halaber, orain arte sortutako material guztia teknikari eta elkarteen esku egongo da, ezagutza hori euren esparruan berrerabiltzeko.

Eta, Donostia hautatzen badute, zuzendari moduan jarraituko duzu?

Ez dakit, gauza askoren araberakoa da. Oraintxe autoritate demokratikoa aldatuko da, eta ez dagokit niri jarraituko dudan esatea. Uztail hasieran amaituko zaidan kontratu bat dut, betebeharra dudalako azken astean itzuli eta galdu dugula esateko [barreak] edo irabazi dugula eta ospatzeko, eta hartuko diren erabakien esku kargua uzteko. Sevillan bizi naiz, han dago nire eguneroko errealitatea, eta zaila izan zait geografia emozional eta profesional hau kudeatzea. Baina proiektuan aginduko dutenek uste badute nire eskarmentuak balio ahal diela, betiere neurri horretan, nire laguntza izango dute. Hala ere, taldean oso jende ona dago. Proiektua oso kreatura pertsonala da niretzat, eta ez nuke nahi edozeinen esku erortzea, egin den klabeetan ulertuko ez duena. Baina tira, inor ez da ezinbestekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.