Musika

Eraldatuz doazen kantuak

‘Kantu bat gara’ lanaren ondotik, ‘Kantu berri bat gara’ disko-liburua kaleratu du Jon Maiak. Hamalau kantu bildu ditu, eta transmisioa eta identitatea dira gai nagusiak.

Jon Maia, gaur goizean, Bilboko Kafe Antzokian, 'Kantu berri bat gara' lan berria eskuetan duela. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko azaroaren 8a
17:18
Entzun

«Esango nuke nire lanik handiena dela: lan global eta integral bat, fronte asko dituena». Hala aurkeztu du Kantu berri bat gara disko-liburua Jon Maia Soriak (Urretxu, Gipuzkoa, 1972), Bilboko Kafe Antzokian, lagun eta gonbidatu artean: «Ametsak betetzen ari den haur bat sentitzen naiz». Hamalau kantu bildu ditu denera; hamar berri eta lau bertsio. Elkar argitaletxeak plazaratu du, eta plataforma guztietan entzun daiteke dagoeneko.

Abiapuntua bilatzea izan zen proiektu berria osatzen hasteko egin beharreko lehenengo lana: «Zergatik egin nahi dut lan hau? Hilabeteak igaro nituen nire baitan galdera horrentzako arrazoi bat mamitzen». Hausnarketa prozesu baten ondoren, Bereterretxeren khantoria kantuan aurkitu zuen gakoa: «Nola da posible orain dela 600 urte norbaitek Zuberoako borda batean sortutako kantuak mendez mende, belaunaldiz belaunaldi eta lurraldez lurralde halako bidaia bat egitea gurea bezalako hizkuntza txiki batean? Gure gainetik pasatu dira inperioak, diktadurak, munduko gerrak, Gernika... Eta gure kantuak hor jarraitu du, ahoz aho, etxerik etxe, jendearen barruan bidaiatzen».

Hari horretatik tiraka osatu du lan berria Maiak. 2021ean kaleratu zuen Kantu bat gara disko-liburuaren formatu antzekoa du, eta transmisioa eta identitatea dira gai nagusietako batzuk. Hori dena borobiltzeko, hitza, musika eta irudia bildu ditu: «Baluk sortu du iruditeria guztia, collageen bitartez. Kantu bakoitzak bere ilustrazio propioa du».

Hala, duela 600 urtetik gaur egunera arteko bidaia bat proposatzen du egileak. «Gure hizkuntza, identitatea... lurpeko erreka bat balira bezala iritsi dira gaurdaino menderik mende. Lurraren azpitik jarraitu du kantuak inoiz isildu gabe, inoiz hil gabe», azaldu du. Ulu Mediak egindako «fikzio sonoro» batek irekitzen du diskoa, eta, haren ondotik, Lurpeko erreka da lan berriko aurreneko kantua.

Kontrara, Euskal Herria B piezak ixten du lana: «Kantu horren bidaian dago gure biziraupenaren sekretua». Erdal eremuetan euskaraz bizi diren zein euskara ikasten ari diren herritarrei egiten die erreferentzia Maiak kantu horretan: «Zalantza, beldur zein hanka sartze guztiekin hitz egiten den hori da euskararik ederrena. Horixe delako euskara jaio berria, gure esperantza». Otxarkoaga, Lutxana eta Iruñerria aipatu ditu adibide gisa: «Horiek dira nire eredu eta inspirazio iturri».

«Beharbada izango da emigrante familia batekoa naizelako», gehitu du: «Oso kontziente naiz niri zer eman didaten euskarak eta Euskal Herriak. Dena zor diet. Milioika kantu egingo banitu ere, inoiz ezingo nuke itzuli niri eman didatena».

Urte hauetan guztietan «etengabeko kate batean» eraldatzen ari den identitatea osatzen ari dela uste du musikariak: «Etengabe berritzen ari garen kantu bat gara. Horregatik gaude bizirik. Ez gara fosil bat, beti ari garelako gure kantua berritzen».

Silvio Rodriguez, euskaraz

Aurreko diskoan egin bezala, «maila handiko» musikariez inguratu da Maia diskoko kantuak konposatzeko eta interpretatzeko. Pello Ramirezek jo du biolontxeloa, Gorka Hermosak akordeoia, Nacho Sotok pianoa eta teklatuak, eta Nerea Quincocesek perkusioak.

Horiez gainera, baina, parte hartze bereziak ere izan ditu pieza batzuetan. Hala nola Gozategi, Maddalen Arzallus, Gari, Itziar Ituño, Olaia Inziarte, Luis Pastor, Mikel Kazalis eta Ibrahima Balderenak. Baina bada Maiarentzat «oso berezia» izan den kolaborazio bat ere: Silvio Rodriguez kantautore kubatarrarena. «Lehenengo diskoan saiatu nintzen kolaborazio hori lortzen, baina lanpetuta zegoela erantzun zidaten. Berriro saiatu, eta, gure harridurarako, baiezkoa eman zigun». Nostalgia kantuan abestu du Rodriguezek, euskaraz: «Hunkigarria da 77 urteko pertsona batek euskaraz abesteko ahalegina egitea ni bezalako ezezagun batentzat. Eskuzabaltasun ariketa izugarria da. Opari bat da euskararentzat oro har, ez niretzat bakarrik».

Abesti berriekin batera, Maiak urte batzuk lehenago beste talde batzuentzat idatzi zituen lau kanturen bertsioak ere badaude diskoan: Welcome to beach, Apar Urrunak, Ez dezagun sal eta Aurrera Altsasu. «Aurreko diskoan kanpoan geratu ziren, eta oraingoan aukera ikusi dut horiek sartzeko», adierazi du.

Joan den urteko azaroan hasi ziren diskoa grabatzen Elkar estudioan, eta uda aldera amaitu dute prozesua: «Poliki-poliki grabatu nahi izan dugu diskoa, mimo handiarekin landu dugu kantu bakoitza».

60 orriko editoriala

Diskoaz gainera, 60 orrialdeko olerki jarraitu bat idatzi du Maiak: Beti kantu berri bat. «Txirikordatzen ditut nire bizitza intimoa eta Euskal Herriaren historia», aitortu du. Errima librean idatzi du, eta «diskoaren ildo editorial osoa» biltzen duela azaldu du: «Asko biluzten naiz. Gauza asko esaten ditut euskarari buruz eta identitateari buruz: euskal identitate berriaren bila noa, bizirik jarraitu dezan».

Helburu horiek guztiak transmititzen ahaleginduko da bertsolari eta idazlea zuzeneko emanaldietan. Sestaon (Bizkaia) emango du lehen kontzertua, abenduaren 17an. «Euskal Herria B horretan hasi nahi nuen bira. Oso ikuskizun sinbolikoa izango da», aurreratu du. Baina izango dira gehiago ere. Besteak beste, Eibarren (Gipuzkoa), urtarrilaren 12an; Legazpin (Gipuzkoa), 19an; eta Mungian (Bizkaia), 20an. «Emanaldiak ez dira kontzertu arruntak izango, topaketa bat baizik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.