Eraldaketa oso baten testigu

Txomin Garmendia Galartza bertsolari eta idazlea hil da, 88 urterekin. Gipuzkoako bertsolari txapelduna izan zen 1967an, eta lau aldiz kantatu zuen txapelketa nagusian

1999ko Gipuzkoako Herri Arteko Txapelketako finalistak. P.S. QUIZA / FOKU.
itziar ugarte irizar
2022ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Ukuiluan, behiak jezterakoan-eta, bertso zaharrak kantatzen ei zituen Txomin Garmendia Galartzaren aita zenak: «Eta ni gustura hura entzuten». Umetatik izan zuen bertsoa gertuan —«Ferietan-eta bertsopaperak saltzen ziren. Aitak etxera ekartzen zituen, eta ni haiekin txoratu egiten nintzen»—, eta hala igaro zen bera ere kantura, 1950eko hamarkadan. Lanari gaztetatik lotua, hainbat ofizio izan zituen —nekazari, arotz, taxilari, liburu saltzaile—, eta, haietan bezala, jardunaren puruz ikasi zuen bertsotan ere. XX. mende erdialdean kantuan oparo ekin eta mende amaierarekin saio bakanetan aritu arte, bertsolaritzaren eta haragoko eraldaketaren lekuko bizia izan da.

18 urterekin dardara batean atera omen zen aurrenekoz jendaurrera Garmendia (Berrobi, Gipuzkoa, 1934). «Dardar ikusgarria, gainera. Harrituta egoten naiz gaurko umetxoei begira. 11-12 urte, eta plazan zer patxada agertzen duten. Nik banituen 18 urte, eta hura dardara eta hura kezka!», kontatu zion Euskaldunon Egunkaria-ri 1998ko abuztuan. Dardara hura menderatzea lortu arren, plazari beti «errespetu handia» izan ziola zioen.

1959an jaso zuen Gipuzkoako lehenengo txapelketan parte hartzeko gonbidapena. Uztapide, Mitxelena, Lasarte, Zepai eta Joxe Lizasorekin batera, «bi gazte» ziren Joxe Agirre eta Garmendia orduan. Handik bost urtera, txapeldunorde geratu zen bera, ordea, eta 1967an, berriz, txapeldun, Tolosako (Gipuzkoa) Leidorren jokatu zen finalean. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean ere kantatu zuen urte hartan, baita beste hirutan ere: 1965ean, 1980an eta 1982an. Sona lortu zuen orduan, baina ez zeukan lehen mailako bertsolaritzat bere burua, Euskaldunon egunkaria-ri aitortu zionez. «Txapelketetan ondo ibili naiz, baina ni sekula ez naiz punta-puntako bertsolaria izan. Eztarria nahiko indartsua izanik, nahiko ibili naiz, eta orain ere banabil nire mailarako. Alde horretatik pozik nago».

1999an, Gipuzkoako txapelketa ezohiko eran antolatu zuten, herri arteko formatuan, eta Amaia Agirrerekin, Aitor Usandizagarekin eta Jexux Mari Irazurekin osatu zuen taldea Garmendiak. Erniope izena jarri zioten; finalera heldu ziren, baina Zarauzko taldeak —Andoni Egaña, Julen Zulaika eta Iñigo Manzisidor Mantxi— aurre hartu zien. Txapelketa hartan kantuan aritu zen bertsolari zaharrenetako bat izan zen Garmendia. «Munduko legea hala da: gazteria atzetik bultzaka etortzen da».

Bere belaunaldikoen eta bertsolari berrien artean diferentzia nabarienetakoak emakumeen presentzia —«Neska gazteek bertsorik ez, dantza nahi izaten zuten, eta isiltzen ginenean pozez hartzen zuten. Gaur erruz joaten dira bertsoak entzutera»— eta gazteen ikasketa maila iruditzen zitzaizkion. «Gaurko bertsolariek munduko jakinduria ikasi dute, gai jartzaileek ere bai: biek batera joan behar dute. Munduko gertakizunak eta horietatik datozen izen berriak gehiago erabiltzen dituzte guk baino. Gure garaiko gaiak ziren nagusia eta morroia, alferra eta langilea... Gaur egun, urrutiago dabiltza bertsolariak».

Auspoan idazle

Ahozkoan soilik ez, idatzian ere erakutsi zuen hitzarekiko lotura Garmendiak. Bertso idatzietan jardun zuen —Burgosen soldaduska egiten ari zela idatzi eta Zeruko Argia-n publikatu zuen sorta batek kartzelara eraman zuen—, baita artikulugintzan ere. Eta liburugintzaren alorrean, kontakizunak eta bertso bildumak apailatu zituen batez ere. Baita nobela bat eman ere, 1983an: Bordaberri. «Baserri-eleberria oraindik ere bizirik», idatzi zuen Iñaki Kamino kritikariak hartaz, Argia-n. Auspoa sailean kaleratu zuen lan hura, beste gehientsuenak bezala: Bizitzaren arian (1982), Denbora pasa (1982), Erririk-erri (1984), Bertsolari-kurpilla (1984) eta Beltzak eta zuriak mendian ardiak (1985). 2009koa du azken argitalpena: 2008ko nere egunkaria.

Lurrarekiko loturak ere definitu zuen Garmendia. Berrobiko Tontola Behekoa baserrian jaio zen, eta «baserritar kutsua» nahinora eramaten zuela zioen. «Nire idazlanetan, nire ekintzetan, nire gorabehera guztietan». Alkate ere izan zen sorterrian, hamabi urtez.

Atzo zendu zen, 88 urte zituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.