Joanes Illarregi Marzol. Bertsolaria

«Erakutsi nahi dut ez nagoela finalean gaztea edo nafarra naizelako»

Zer egiteko gai den erakutsi du Joanes Illarregik bere lehen Txapelketa Nagusian. Jokatu dituen hiru saioetan utzi du bere zigilua, eta marka horrekin lortu du finalera pasatzea. Gogotsu dago azken bultzadarako.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
2022ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Denera, 70 egun iraun du Joanes Illarregiren (Leitza, Nafarroa, 1999) lehen Txapelketa Nagusiak. Beste pixka batean luzatuko zaio orain; abenduaren 18ko final handira arte. Arrasateko geltokian (Gipuzkoa) egin zuen jauzi txapelketaren trenera; irailaren 25ean. Saritzat zuen Txapelketa Nagusi batean kantatzea bera, eta Arrasaten, bere lehen Txapelketa Nagusiko lehen saioa izanik, ezer galtzeko ez zuela iritzita, «lasai eta gustura» aritu zen kantuan. Hala jardun zuen Elizondon ere (Nafarroa), eta maila handia erakutsita, gainera. Bertan bildutako puntuek, bigarren itzuli baterako aukera eman, eta finaleko aukeradu orain esku artean. «Oraingoan bai, benetan, ez dut deus ere galtzeko».

Ez da marka makala, gero. Zer moduz zaude?

Pozik; hori, alde batetik. Txapelketa hasi aurretik ez nuelako inola ere espero finalean sartuko nintzenik. Eta, beste alde batetik, neke sentsazio puntu bat ere bai; luze joan delako niretzat txapelketa. Lehenengo asteburuan izan nuen final-laurdena, irailaren 25ean. Urriaren 22an egin nuen lehen finalaurrekoa Elizondon, eta abenduaren 3an azkena, Bilbon. 41 egun pasatu ziren Elizondotik Bilbora. Luze egiten da, azken batean.

Elizondoko saioan lortu zenituen puntuek eraman zintuzten Bilbora. Eta Bilbon ziurtatu zenuen finaleko aulkia. Zure saio puntuagarria amaitzerako, espero zenuen?

Kostata abiatu nintzen, eta nahiko lan izan nuen saioari eusten. Ganbarara joan nintzen pentsatuz: «Hemen fundamentuzko zerbait egin behar dut; bestela, eskura dudan zerbaitek behatz tartetik egin behar dit alde». Orduan, puntu-erantzunekin gustura gelditu, eta ganbarakoarekin pentsatu nuen salbatu nuela saioa. Halere, ez da gauza bera barrutik nola bizi duen bertsolariak, edo nola ikusten duen entzuleak kanpotik. Banekien 650 puntu ez nituela aterako, baina finalera iristeko behar nituen puntuen bueltan ibil nintekeela bai.

Bi puntu eta erdirengatik, baina barruan zaude. Nola begiratzen diozu finalaren egunari?

Gogotsu. Orain elkarrizketak-eta tokatzen dira, eta, horiek pasatutakoan, finalera begira jarri, eta azken estutua hartu nahiko nuke bertso eskolan. Ea horrela asmatzen dugun egun hori aurrera eramaten.

Zure aldeko bizpahiru pankarta zenituen parez pare, eta, finalean sartuko zirenen artean zure izena entzun orduko, gogotik jo zuen txalo publikoak.

Saioa hasi aurretik ere, uste dut bazegoela ni finalean sartzeko nahi edo gogo kolektibo bat: gaztea naizelako, nafarra naizelako, eta Elizondoko saioko puntuekin koltxoi batekin iritsi nintzelako Bilbora. Nire ingurutik jende asko joan zen, ikusi zutenak ez nintzela bete-betean asmatzen ari ofiziokako ariketetan, eta haien txaloek adierazi zidaten ganbarakoan saio txukun bat egitea lortu, eta poza hartu zutela.

Jendeak zu finalean ikusi nahi hori, presio bihurtu zen zuretzat?

Nik gehiegi ez dut pentsatu jendeak niregandik nahi edo espero zuen horretan. Puntuazio handiarekin heldu nintzen Bilbora, eta finalean egoteko puntu gutxi behar nituen arren, ez nuen gehiegi erlaxatu nahi. Beraz, nahikoa nuen nik neure buruari jarritako presioarekin. Uste nuen lasai nengoela saioaren hasieran, baina ez, ez nengoen hala.

Hiru saio egin dituzu finalera iristeko. Zein saiotan utzi duzu Joanes Illarregiren sinadura?

Fasez fase irisi naiz honaino, eta denetan utziko nuen nire bertsokera edo plaza horretan eskaini nahi nuena. Txapelketa hasi nuen neure buruari sinetsarazi nahian deus ere ez nuela galtzeko. Arrasateko saioan, esaterako, nahiko gustura gelditu nintzen. Ez zen oso saio beroa izan, baina ni bertsotarako nengoen, eta egindako lanarekin pozik gelditu nintzen, egia esan. Nire lehen Txapelketa Nagusiko lehen saioa zen, eta saioa irabazi izanak poz handi bat eman zidan, eta hurrengoan kantatzeko gogoa.

Elizondon, gehienbat, jarrerarekin asmatu nuen, eta horrek lagundu zidan gero bertsotan egin, gozatu, eta sailkapenean ondo kokatzen. Bilboko saioan, ordea, sentsazio gazi-gozoak izan nituen. Ez nuen saio ona egitea lortu, baina esango nuke ez nintzela erori. Kantatzen nahiko lan izan nuenean jakin nuen eusten, eta horri bere balioa eman nahi diot.

Eta Iruñeko Nafarroa Arenan zer utzi nahiko zenuke?

Elizondora joan nintzen gorputzaldiarekin joan nahiko nuke. Momentu honetan, oraingoan bai, benetan, ez daukat deus ere galtzeko. Beraz, neure burua jolaserako eta bertsotarako libre sentitu nahi dut, inora lotuta egon gabe. Ez nuke plaza handi horretan txikiegia naizela sentitu nahi. Besterik gabe, nik bertsotan nola egiten dudan erakutsi nahi dut; gai naizela horrelako plaza batean bertsotan egiteko, alegia. Eta, ahalko balitz, plaza horretan egin dezakedan ekarpena egitea gustatuko litzaidake. Erakutsi nahi dut ez naizela finalera heldu gaztea edo nafarra naizelako.

Orain zortzi hilabete, aurtengo finala Nafarroan izateak ilusio berezi bat egiten zizula kontatu zenion BERRIAri. Orduan ez zenekien, baina zu izango zara hamar egun barru oholtza horren parte.

Eta ohore handi bat da hori niretzat. Iruñean egiteak argi erakusten du Nafarroan ere badirela bertsoaren inguruan egiten den ikuskizunik handiena antolatzeko adina baliabide. Gainera, nafar bertsogintzan egindako pauso kualitatibo eta kuantitatiboak saritzeko modu bat dela iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.