Erakusketa bana dute Iruñeko Ziudadelan Asun Goikoetxea eta Javier Minak

Bere bizitzari buruzko objektu bilduma osatu du Minak, eta sare gisako instalazio bat egin du Goikoetxeak

Erredakzioa
Iruñea
2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Artista bakoitzaren erakusketa bana jarri dute ikusgai Iruñeko Ziudadelan. Mistoen aretoan ikus daitezke Javier Mina (Iruñea, 1950) idazle eta artistaren lanak, eta Labea izeneko aretoan, berriz, Asun Goikoetxearenak (Bakaiku, 1962). Sare moduko instalazio bat antolatu du egun Parisen bizi eta lan egiten duen bakaikuarrak Ziudadelarako, eta Silence. Re-vision jarri dio izena. Espresuki aretoaren forma zilindrikora egokitzeko moduan sortu ditu instalazioko bederatzi piezak, eta sabaitik zintzilik daude guztiak. Bisitariak nahasi egiten ditu, gainera, elkarrekin txirikordatzen diren kolore askotako sokekin. Izan ere, «pertzepzioaren mugan» aritu nahi izan du artistak, azaldu duenez.

Izenburu bitxia jarri dio Minak bere erakusketari: Autobiografía, autogeografía, autocacharrería (Autobiografia, autogeografia, autogailutegia). Lan biografikoa dela dio, eta hori da erakusketa osoaren ardatza: bere bizitza. Objektu, liburu, argazki, marrazki eta eskulturen bidez ematen du bere nondik norakoen berri artistak. Marka bat utzi dioten objektu eta artelanen bilduma bat da, funtsean, erakusketa. Hiru zatitan dago banatuta, horregatik: haurtzaroa, gaztaroa eta heldu aroa. Javier Baldak egin ditu komisario lanak, eta uztailaren 29ra arte izango da zabalik bilduma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.