Ana Diez. Zinemagilea

«Erakundeen borondatea ezinbestekoa da zinema egiteko»

Euskadiko Filmategiak atzera begirakoa eskainiko dio Ana Diez zinemagileari, iaz Alex De La Iglesiarekin egin bezala. 25 urte egin ditu zinemagintzaren munduan.

gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Euskal Herriko gatazkari heltzen zion Ander eta Yul fikziozkoarekin (1989) eskuratu zuen sona Ana Diezek (Tutera, 1957) zinemaren munduan. Baina haren aurreneko lana Elvira Luz Cruz, pena máxima dokumentala izan zen, 1985ean Mexikon filmaturikoa. Orduz geroztik, beste sei lan filmatu ditu; azkena, Uruguaiko diktadura militarrari buruzko Paisito (2008). Film horiek guztiak ikusi ahal izango dira datozen asteetan Baiona, Bilbo, Donostia eta Gasteizen. Uztailean aterako da Diezi buruzko liburua ere —elkarrizketa luze batean oinarritua—, Euskadiko eta Nafarroako Filmategiek elkarlanean egindakoa.

Esan duzu atzera begirakoa prestatzeak balio izan dizula zure filmen inguruan zenuen ikuspegi epikoa eta benetan direna kontrastatzeko. Zein ondorio atera duzu?

Une bakoitzean baldintzak desberdinak izanagatik, pozten naizela filmak egin nituen baliabideekin egiteaz. Beti dugu joera pentsatzeko beste baldintza batzuetan hobeto egingo genukeela lan, baina zinema egitea eta filmak zuzentzea, hori ere bada unean uneko baldintzei egokitzen jakitea, eta, dituzun ekoizpen baliabideekin, kontatu nahi duzuna kontatzen asmatzea. Moldatzen eta egokitzen joan gara, eta ondo...

Zure filmak berriro ikusteak balio izan al dizu orain arte jabetu ez zaren gauzez jabetzeko?

Nik ikusi izanak ez, baina atzera begirakoa eta liburua egin dutenen ikuspuntuak bai, horrek balio izan dit gauza berriez jabetzeko. Erakutsi didate nire pertsonaiei nola eragiten dieten beti inguratzen dituzten paisaiek. Leku batera iritsi, eta lehenengo gauza nola izaten den inguruneari erreparatzea, eta, batez ere, ostertza ikustea eragozten duten oztopoei nola begiratzen dieten. Nik ere horixe egiten baitut leku batera iristean. Argia galarazten didan eraikina behetik gora begiratzen dut. Argia eta paisaia oso garrantzitsuak direla oharturik gabe nengoen. Horrez gain, film guztietan ageri dela maitasun sekuentzia oso intimoren bat; haiek dioten moduan, «koitoaren ostekoa». Eta egia da ez zaidala hainbeste inporta ariketa sexuala, baizik eta une horretan askok pentsatzen dutela topatu dutela euren bizitzako pertsona... eta gero ez dela izaten sarri horrela.

Egindako film guztiak berdin maite dituzula diozu. Baina, bakarren batek harritu al zaitu orain berriro ikustean?

Ez, ez nau harritu ezerk bereziki.

Intrahistoriak kontatzea ezinbestekoa da letra larrietako historia kontatzeko?

Letra larrietako historia beti interesatu izan zait. Beti izan dut jakin-mina hau eta hori nondik datozen ulertzeko. Zergatiak galdetzea ezinbestekoa da. Pertsonaiak sortzeko etengabe galdetu behar izaten da «zergatik?» Zergatik egin zen harako hura ETAko militante, eta beste hura bihurtu zen broker... Dokumentaletan ere antzekoa gertatzen da. Letra larrietako historiak beti izan behar ditu historia txikiak alboan. Eta horretan saiatzen gara gu, jakinik ere errealitatearen interpretazio puska oso txikiak direla. Asko interesatzen zait hori.

Euskal Herriko ikusleak Ander eta Yul filmarekin lotzen zaitu batez ere. Gainerako lanak bigarren maila batean geratu direla iruditzen al zaizu?

Erabat. Badirudi ez dudala zinemarik egin orduz geroztik. Gainera, Madrilen pentsatzen dute Donostian bizi naizela, eta Euskal Herrian pentsatzen dute bunker batean sartu naizela. Baina gerora ere filmak egin ditut, nahiz eta gehienak modu xumean egindakoak izan, eta zinema banatzaile txikiekin lan egin izan. Nire filmografia ez da ezaguna, eta asko eskertzen dut berriro ikusteko aukera hau, eta atzera begirako lan batean biltzeko lan hau.

Lehen film luzea izan zenuen Ander eta Yul. Euskal Herriko gatazkaren gaia landu zenuen 1989ko film hartan. Gaiari helduko al zenioke berriro, egoera erabat aldatu delarik?

Asko interesatzen zaidan gaia da. Iruditzen zait gatazkarekin loturiko intrahistoriak, hainbat pertsonaiaren historia txikiak, ez direla behar bezala kontatu. Ez dakit jorratuko dudan gaia. Saiatu nintzen Ander eta Yul egin ondotik beste istorio bat kontatzen, baina ezin izan nuen, ez nuen girorik topatu. Santi Brouard eta haren bizitza asko interesatzen zaizkit. GALek hildako pertsonaia, medikua, poeta... Trama moduko bat egin nuen, baina erantzuna izaten zen: «Ufa, ez da garaia». Beno, ikusiko da, baina gatazka egon den lekuetan istorioak daude, hori gauza jakina da.

Azken urteetan Euskal Herrian egin den zinema jarraitu al duzu? Gero eta film hobeak egiten al dira?

Orain Madrilen bizi naiz, etaegia esan, handik ez da asko entzuten euskal zinemaz hitz egiten, nahiz eta badakidan egiten direla film apur batzuk. 80ko eta 90eko hamarkadan dezentez gehiago hitz egiten zen Euskal Herriko zinemaz. Erakundeen borondatea ezinbestekoa da zinema egiteko. Kultura egiteko dirua behar da, eta erakundeek ez badute laguntzen, oso zaila izango da zinema egitea eta lehiakor izatea beste zinemagintza batzuen aurrean. Borondaterik ez badago, ez da egongo zinemarik. Eta, bai, egia da, krisia orokorra dela, eta beti kulturatik hasten direla murrizketak. Baina, hain zuzen ere, garai hauetan kulturan inbertitzea da interesgarria. Interesgarria delako sortzaileek garai hauetaz duten begirada azaltzea.

Erakundeei dagokie egitekorik handiena?

Bai. Zinema da arte sorkuntzen artean modu errazenean zabaltzen dena. Eta egiten den lekuaren berri emateko bitartekorik eraginkorrenetakoa. Eta, horretarako, gobernu erabaki bat hartu behar da, jakina. Gure zinema lehiakorra eta esportagarria izan dadin.

Egoera latza izan arren, zinema egiten jarraitu nahi duzu?

Jarraitu nahi dut, eta jarraituko dut. Nire asmoa filmak egiten jarraitzea da, jakina. Atzera begirakoa eskaini behar zidatela esan zidatenean, harritu egin nintzen aurrena. Nik neure burua ia hasiberritzat ikusten baitut zinemaren munduan. Oraindik istorio asko dauzkadalako kontatzeko, izan fikzioan, izan dokumentalean. Zorabio moduko bat sentitu nuen, pozarekin batera. Nik iraupen luzeko filmak egiten jarraitu nahi dut, baina teknologia berrietarera eta ikus-entzunezko lengoaia eta joera berrietara leihoak irekita betiere. Bideoarekin lan egin behar badut, egingo dut, eta bi minutuko istorioak egin behar baditut, egingo ditut. Niri ikus-entzunezko mundua eta adierazpidea gustatzen zaizkit.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.