Imanol Agirre. Loraldiko zuzendari artistikoa

«Erakundeekin hitzarmenak lortu arte, ez da sendotuta egongo jaialdia»

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2017ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Hilabeteko iraupena amestu zioten Loraldiari, eta pozik dago horregatik Imanol Agirre zuzendari artistikoa jaialdiaren hirugarren aldiaren atarian. Onartu du, ordea, oraindik lan handia dutela aurretik, jaialdiari amesten dioten egonkortasuna eta zabalpena emateko.

Lehen aldiak asteburu bat iraun zuen; bigarrenak, 16 egun, eta bihar hasten denak, 30. Horixe zen buruan zenutena, ez?

Denbora aldetik, bai. Lehen aldian galdetu ziguten ea handik hamar urtera zer-nolako jaialdia amesten genuen, eta hilabeteko jaialdia genuen buruan. Edinburgoko jaialdia aipatzen genuen erreferentzia gisa. Eta heldu gara hilabete bateko programa edukitzera, baina oraindik bide luzea dugu jorratzeko bai produkzio propioen alorrean, bai adierazpen artistikoen esparruan. Esaterako, Loralditik ez dira oraindik indar gehiegiz pasatu argazkigintza eta arte plastikoak.

Badago, beraz, hilabetez euskal eskaintza interesgarri bat osatzeko modua?

Eskaintza inoiz baino oparoagoa eta inoiz baino kalitate hobekoa da. Profesionaltasunean ere asko egin da aurrera; duda da publikoa, ea masa kritiko nahikorik dagoen. Euskal Herri osorako da jaialdia, baina, batez ere, Bilbon lortu behar da hilabete oso batez egunero emanaldi bat edo bi betetzeko masa kritikoa. Iaz, oso zenbaki politak izan ziren, eserlekuen %72 bete genituen. Aurten, ikusiko dugu ea asmatu dugun espazioekin eta proposamenekin. Ea euskal publikoa berpizten den eta ea hasten garen publiko erdaldunetik ere zerbait jasotzen. Horretan ari gara jo eta ke.

Aurrez ere aipatu izan duzue helburu hori. Zaila da euskaldun ez den publiko horrengana iristea?

Ez gaituzte ezagutzen. Ez dakite zein ondo pasa dezaketen euskal kulturarekin. Asko inbertitu behar dugu horretan.

Elkarlana da jaialdiaren beste giltzetariko bat. Badok atariarekin, Arriagarekin, Pabiloi 6 aretoarekin, Elkar-ekin...

Kultur eragileen bilkura moduko bat ari gara sortzen, ezta? Oso harro gaude horretaz. Iaz ere esaten genuen: arraun egin behar dugu, atzera begira baina aurrera joz, eta traineru berean, euskal kultura erreferente bihurtzeko.

Lorazainak izeneko figura sortu duzue aurten. Zer da?

Beste jaialdi batzuetan ere ja martxan dira halakoak: publikoa fidelizatzeko modu bat da. Sekulako erantzuna jaso dugu. 300 batek eman dute izena jada, eta komunitate hori handituz joango da. Fidelak diren heinean, abantailak izango dituzte. Loturak sortzea eta sarea zabaltzea da ideia.

Hirugarren aldia bidean izanik, egonkorra da jada jaialdia?

Ez dut uste. Nik uste dut beharko ditugula hamar urte horretarako. Zortea izan dugu hiru pauso handi emateko, baina egonkortasuna finkatu behar da. Hitz onak jaso ditugu erakunde publikoetatik, eta hor dago giltzetako bat. Erakunde publikoekin hitzarmen sendoak sortu nahi ditugu, eta hori lortu arte jaialdia ez da egongo sendotuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.