Pablo Berastegik uste du Donostia 2016 kultur hiriburutzak bere programa diseinatu zuenean «etorkizunean utziko zuen ondarea» kontuan hartuta diseinatu zuela eta horrenbestez «aurreratu» egin zela eta «ikuspegi berri bat» txertatu zuela. Hala adierazi zuen atzo, Donostiako udaletxean, kultura hiriburutzak utziko duen ondarea zein den eta aurrerantzean nork eta nola kudeatuko duen azaltzeko egindako ekitaldi publikoan. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua, Markel Olano Gipuzkoako Diputazioko ahaldun nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Oscar Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioko Liburu eta Kultur Industrien zuzendari nagusia izan zituen aldamenean.
Donostia 2016k erakunde modura egin duen azken agerpen publikoa izan zen atzokoa, ziur aski. Hiriburutzaren proiektuaren zein hautagaitza aurkeztean «jarritako helburu nagusien jarraitutasuna bermatzeko plana» lantzen aritu dira Donostia 2016 fundazioa eta erakunde publikoak iazko udazkenaz geroztik. «Horrela, bete egiten da Donostia 2016 fundazioaren estatutuen 3. artikuluan xedatutakoa, hau da: ondarea ziurtatzea eta lekukoa eta eskuratutako ikaskuntzak hirian eta lurraldean lan egiten duten egiturei eta profesionalei helaraztea».
Donostia 2016 erakunde modura «likidazio prozesuan» dago, Berastegiren esanetan, «nahiz eta 2018ra arte erregistraturik jarraituko duen Europako Batasunetik jaso beharreko laguntzak jaso ahal izateko». Eta «ereinduen ondare bizia» euskal erakunde publikoek —Donostia 2016 fundazioaren berezko patroiek— eta kultur sektore publikoak hartuko dute bere gain. Argiago esanda: hiriburutzak ondutako hainbat proiektu eta hastapenetik bere izan dituen espiritua —«elkarbizikidetza, bakea eta giza eskubideak sustatzea, egitasmo parte hartzaileak bideratzea, kultura eta hizkuntzen aniztasuna bultzatzea, Europaren ideia indartzea, besteak beste»— administrazio publikoen eta haien meneko erakundeen esku geratuko da orain.
Bi finantzaketa modu
Kultur hiriburutzaren programan zeuden berrogeita hamar proiektu inguruk jarraitzea aurreikusita dago, arduradun politikoek atzo azaldutakoaren arabera. «Mantenduko diren egitasmo batzuk izango dira Donostia 2016rako propio sortutakoak; eta beste batzuek, berriz, hiriburutzaren espiritua gordeko dute, hiriburutzarekin eskuz esku lagundu duten hainbat erakunderen programazio eta egitasmoei esker». Ondare hori finantzatzeko bideak «bi modutakoak» izango dira hortaz, Berastegik argitu zuenez: «Egitasmo batzuk fundazioaren funtsetik finantzatuko dira zuzenean. Horretarako, milioi bat euroko funtsa dago. Beste erakundeek egingo dituzten egitasmoak, berriz, euren bidetatik finantzatuko dituzte, euren programazio propioaren bidez».
Bizikidetza eta giza eskubideekin zerikusia duten proiektu batzuk Aieteko Giza Eskubideen Baliabide Pedagogikoen Zentroak zuzenduko ditu, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuarekin eta Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza nagusiarekin elkarlanean. Segida izango duten egitasmoak dira Adiorik gabe, Antzerki foruma: Eta hik zer?, Tira-birak eta Ehunberri. Horiez gain, EuropaTransit enbaxada mugikorraren dokumentalak oinarri hartuta sortutako material pedagogikoek eta Zinemaren eta Eskubideen Europa nazioarteko topaketek ere izango dute jarraipena; azken horiek Giza Eskubideen Zinemaldiaren barruan.
Hizkuntza aniztasunaren eta hizkuntza gutxituen esparruan, ondare hau utzi du Donostia 2016k: Hitzargiak, Tosta, Hizkuntza Aniztasunaren Foroa eta Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Kontseilua, Unesco Etxea, Soziolinguistika Klusterra eta Topagunea arduratuko dira proiektu horien lanketaz eta haiei jarraitutasuna emateaz.
«Sormena eta gizartea ahalduntzeko lanean» ariko dira aurrerantzean ere Olatu Talka, Hirikilabs, Ondarebideak edo Donostiapedia proiektuak, eta Energia-olatuak lerroa ere gehituko zaie, Gipuzkoako Aldundiaren Kultura Sailak hartuko baitu bere gain. Beste proiektu jakin batzuei ere eutsiko zaie Europako Kultur Hiriburuan sarean sartu ostean. Jarraipena izango dute Joan etorriak eta Other Words egitasmoek, Donostia Kulturaren esku geldituta; Corners of Europe-k, Tabakalerak kudeatuta, eta Chejov vs Shakespeare-k, Etxepare institutuak zuzenduko duena.
Lanak, ondare
Proiektuez gain, «egindako lanak» ere utzi ditu ondare modura Donostia 2016k. Ikus-entzunezkoen ekoizpena emankorra izan da, arduradunen hitzetan, «hala nola Kalebegiak filma edo sari asko eskuratu dituzten Europa Transit enbaxadaren dokumentalak, baita Donostia 2016ren eskariz ekoitzitako antzezlan originalak ere — Lu eta Le, Tratos, Miss Karaoke edo Azken trena Treblinkara— eta Altzoko Haundia txotxongilo lana. «Arrakasta handia» izan zuten Uda gau bateko ametsa antzezlanaren ia eguneroko emanaldiek, Kristinaenea parkean egindakoek. «Hiru urtean behin antzeko proiektu bat egitea da asmoa, baina ez derrigorrean obra klasiko bat, eta ez beti leku berean», Berastegiren hitzetan.
Hiriburutzak 70 argitalpen inguru sortu ditu; dokumentazio guztia eskuragarri egongo da hemendik aurrera Tabakalerako Ubik liburutegian. «Hiriburutzaren webgunea edukien gordailu modura diseinatua dago; era horretan, urteko une onenak iruditan berriz ikusteko aukera ez ezik, ikertzaileentzat eta herritarrentzat oro har baliagarriak izan litezkeen bestelako edukiak eskuratzeko aukera ere egongo da».
Bingen Zupiria Kultura sailburuak adierazi zuenez, Donostiak hiriburutzaren erronka «gainditu» egin du: «Euskal gizarteak aurrera egin du normalizazio politikoaren eta elkarbizitzaren arloan, eta ondarea bide beretik segitzeko bultzada da».
Erakunde publikoen esku utzi dute Donostia 2016ren «ondare bizia»
Besteak beste, Tabakalerak, Donostia Kulturak, Zinemaldiak eta Aieteko Giza Eskubideen Zentroak kudeatuko dituzte hiriburutzak ondaretzat utzitako berrogeita hamar proiektu baino gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu