Kritika. Musika

Eraikitzeko moduak

Izaki Gardenak-en 'Orube' diskoaren azala.
Izaki Gardenak-en 'Orube' diskoaren azala.
Andoni Tolosa.
2024ko azaroaren 24a
05:15
Entzun

IZAKI GARDENAK

'Orube'
Diskoetxea: Alde IlunA.

Sei urteren ondoren kalean da Izaki Gardenak (Jon Basaguren) taldearen disko berria, eta gu jakin-minez, listoia altu samar utzi baitzuten gasteiztarrak eta lagunek aurreko Dena oskol (2018) ederrarekin. Eta egia da, haren oihartzunak sumatzen dira Orube hau irekitzen duen Joan naiz kantuan: gitarra akustikoa, ahots garbia eta melodia argitsua. Ondoren datorren Zauriei miazka-ren leloak azkar batean gogorarazten dizu bizirik dirauela Basagurenen pop arima horrek, aldian epiko, aldian melodiko, aldian ilun, aldian dirdiratsu... lau kolore horiek topa daitezke kantu honetan. Base erritmikoak eta 80ko hamarkadako oihartzunek daramate kantua aurrera, gitarra ia espresionista baten laguntzaz. Eta hauek ez dira hain ohikoak Izaki Gardenak taldearen azken diskoetan. Nahiz eta 80ko hamarkadako musikaren oihartzunak presente egon, modu batean edo bestean, Basagurenen proiektu guztietan.

Orduan, tupust egingo duzu Jausi bitartean bikainaren sarrera egiten duen gitarra elektrikoarekin, eta lanbrotsu agertzen den kantariaren ahotsarekin, eta New Order edo Joy Division etorriko zaizkizu burura: soinua, efektuak, erritmo astuna, hitz apokaliptiko samarrak... Tempo geldoak harrapatzen zaitu, diskotekan ia geldirik dantzatzen zenekoa. Joope... aurrekoa gutxi ez, eta Orube dator, ondoren. Izpiritua berbera izanda, epikotasun handiagoa dario erritmo ertainean doan kantuari, a ze indarra hartzen duen leloak, eta ezin falta une hori, non baxuak eta bonboak erritmoa markatzen duten teklatuen koltxoiaren gainean. Inork ezin du jarri zalantzan Jon Basagurenen gustu musikal bikaina, ezta ere, bahe eta kolore ezberdineko kantuak egitekoa, beti bere nortasuna mantenduz azkenean.

Are rockeroagoa da Baimen gabe, a ze bukaera kantu honena. Taldearen bultzada sumatzen da, kantua handitzen doan moduan. Azpimarragarriak Libe Garcia de Kortazarren ahotsak eta beti bigarren planoan dauden teklatuek ematen dioten atmosfera. Teklatu horiek lehen planora pasako dira Gauerdian goibel dantzan kantuan (izenburuak dio dena), eta erritmoa apur bat baretu da, are gehiago, baxuarekin eta teklatuekin (beste klasiko bat) hasten den Galdua-n. Baina, berriro, leloaren argiak salbatuko gaitu iluntasunetik. Eta beste gitarra akustiko batekin hasiko da azkena: Bigarren eskuko loreak. Ahotsak berriro datoz aurrera. Zikloa itxi da eta diskoa amaitu da. Bale, ez da ikastolako urtebetetze-festa batean jartzeko moduko diskoa, edo agian bai; ez al duzue uste egun haurrek istorio triste gutxiegi entzuten dituztela? Edozein modura, Basagurenen eta lagunen zigilua duen beste kantu-bilduma bikaina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.