Hitz xuxurlatuak, beiraren karranka, haize bortitza leihoen kontra, kanpai hotsak... Handik eta hemendik heltzen zaizkio soinuak Artiatx lantegian dagoen entzuleari. Doinu baten apurkako intentsitate igoerara ohitu eta berehala, aldatu egiten da soinuaren sorlekua, baita mota ere. Bi solairuko horma, zoru, leiho eta eskaileran barreiatutako bozgorailu andanek ahalbidetzen dute giroa; horietatik igorritako soinuen dantza zuzentzeaz arduratzen da Abel Paul konpositorea.
Bilboko Artiatx lantegikoek musikara jo dute beren bigarren eskaintza ontzeko. Abel Paulen Insula/Insulae (Eea... Null... Zorrotzaurre) obra, duen instalazio katramilatua gorabehera, hori baita: kontzertu bat. Orain dela hamar egun, Paulek berak interpretatu zuen konposizioa zuzenean, eta orain, erakusketa bertsioa dago ikusgai, urtarrilaren 31ra bitarte. Artistak azaldu duenez, obraren «berezitasuna» da eraikina bera ere musika tresna gisara erabiltzen duela: «Lekuaren ertz bakoitzaren akustika aprobetxatzen dut egoera akustiko ezberdinak sortzeko. Hainbat audio pista botatzen ditut, eta bakoitza eraikinaren toki batean entzuten da». Eraikinaren ezaugarriek erabat baldintzatzen dituzte igorritako soinuak: batetik, dauden material arkitektonikoek, eskailerek, esaterako; eta bestetik, bozgorailuek aldamenean dituzten azalerek, uhinek ez dutelako dardara bera sortzen egurrean edo beiran. «Proiektatutako soinua materialen bidez anplifikatzen da, eta sonoritate hibridoa sortzen da».
Horiek horrela, bozgorailuen disposizioa ez da ausazkoa; are, «zundaketa» lana izan da Paulentzat: tokiaren akustika ezagutu, bozgorailuak hamaika lekutan jarri materialek nola funtzionatzen zuten frogatzeko... Eta, behin landa lan hori eginda, partitura ontzen hasi, soinuak mailakatuta egon daitezela ziurtatuz, betiere. «Adibidez, bigarren solairutik datorren soinua lehengo solairutik datorrenarekin harremanetan jartzea zaila izan da, baina oso interesgarria».
Ez da lan samurra izan orobat materialen dardara kontrolatzea, dioenez. Leihoetako beira azpimarratu du buruhauste nagusi gisa: haren hitzetan, «Artiatxeko leihoetako beira bakoitza ezberdina da, eta, beraz, bibrazio ezberdinak sortzen dituzte». Ondorioz, bertatik bertara egindako «esperimentazio lana» izan da obraren sorkuntza prozesuaren oinarria, Paulek adierazi duenez: «Lan oso espezifikoa egin behar izan dut, jakiteko leihoaren zein azalerak funtzionatzen duen zehazki nik nahi nuen bezala».
Alabaina, nahiz eta uhinen eragina kontrolpean izaten ahalegindu, ezin izan du saihestu gisa honetako proiektuen berezko «alde kontrolaezina». Izan ere, are eguraldi aldaketak eragin dezake bozgorailua azaleratik apur bat aldentzea edota materialen bibratzeko ahalmena aldatzea; hortaz, aski aztertutako beira zatiak soinu ezberdina sortuko du, esaterako, egun euritsu batean. «Dispositibo zaurgarriak dira, apetatsuak. Marjina hori interesatzen zait, obrari aniztasuna eransten diolako».
Efimeroaren xarma
Fabrika izandako eraikinarentzat propio ondu du Paulek konposizioa, eta, horrenbestez, bertan baino ezin da interpretatu. Horrek obra «efimero» bihurtzen duela nabarmendu du konpositoreak, beste areto batera lekualdatzea «ezinezkoa» begitantzen baitzaio. Hala ere, obrak duen izaera horri ez deritzo negatiboa; alderantziz, sorkuntza «interesgarriagoa» egiten du, haren iritziz: «Askotan lan egin dut espazio espezifiko batean, eta oso gustuko dut akustika zehatz batekin lan egin behar izateak duen hauskortasuna».
Halere, obraren izaera hori ez da soilik doinuetan antzematen. Edukiari dagokionez ere, Paulen konposizioak asko du efimerotik. Insula hitz latindarrak dituen esanahietako bati jarraiki, obran errepikariak dira uharteak, eta ideia horretan bat egiten dute laneko geruza ezberdinek, konpositorearen hitzetan: hasteko, Artiatx lantegia uharte bihurtutako Zorrotzaurre auzoan dago; era berean, instalazioa soinu uharte batzuez osatuta dago; eta, gainera, obrak mota askotako uharteak ditu hizpide, besteak beste, existitzen ez direnak. «Batek desagertutako uharteez hitz egiten duenean, efimeroaz hitz egiten ari da. Obrako mugimendu batek mapa batzuetan kokatua zegoen, baina existitzen ez zen irla bati egiten dio erreferentzia».
Obraren izenburuak, uharteez gain, etxebizitza blokeak ere izendatzen ditu, hori baita insula hitzak duen beste esanahietako bat. Izan ere, lanaren beste ardatzetako bat, bitasuna, izenetik beretik ageri da, Paulek dioenez. «Proposamena da lehenik behetik entzutea, eta, ondoren, konposizio bera goitik entzutea. Bi obra ezberdin entzutea bezalakoa da, bi egoera akustiko ezberdin dituztelako. Dualtasun hori interesatzen zitzaidan, goi eta behearen arteko dialektika».
Obra irizpide horrekin osatuta dagoela azpimarratu du konpositoreak, eta partituran ere bereizita dauden bi atal antzeman litezkeela. Lanaren funtsa bi entzute horiek osoki egitea izan arren, obraren erakusketa bertsioan entzulea libreki mugi daiteke, jesarrita egon beharrik gabe. Molde horrek ere egin diezaioke ekarpenik Paulen konposizioari: «Ikusleak elementuen bibrazio ezberdina antzemango du segun eta non kokatzen den. Obrak askotariko entzuteak eskaintzen ditu».
Eraikina, erresonantzia kutxa
Abel Paulen 'Insula/ Insulae (Eea... null... Zorrotzaurre)' obra Bilboko Artiatx lantegian egongo da, urtarrilaren 31 bitarte. Eraikina musika tresna bat balitz bezala erabiltzen du artelanak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu