Mitoa eraiki, hura deseraikitzeko. Lan hori hartu du Patxo Telleria gidoigile eta aktoreak Juan Sebastian Elkano Getariako (Gipuzkoa) marinelarekin. «Mitoa deuseztatu nahi nuen. Ezagutzen dugun Elkanoren alde ezkutu edo gordina erakutsi nahi nuen: konkistatzailearena». 1519. eta 1522. urteen artean, munduari lehen aldiz bira eman zion espedizioan parte hartu zuen Elkanok; eta, bidaiaren 500. urtemugaren harira, gertakariei buruzko antzerki gidoia egin zezala eskatu zion Loraldiak Telleriari. «Uste nuen ondo ezagutzen genuela Elkano, baina pixka bat arakatu eta irakurri ondoren, konturatu nintzen oso gutxi dakigula berari buruz. Orduan ikusi nuen ezin nuela mitoa deuseztatu, lehenik eta behin historia kontatu behar nuelako: zer gertatu zen, non gertatu zen eta zer baldintzatan azaldu behar nuen lehenik». Eraiki eta deseraiki, lan bikoitza hartu du gidoigileak Mundubira. Elkano Primus antzezlanean. Hilaren 22an aurkeztuko dute, Bilboko Itsas Museoan. Atzo egin zuten aurkezpena, museoan bertan.
Bi helburu ditu, Telleriaren hitzetan, antzezlanak. «Ahalik eta modurik zintzoenean kontatzen dut historian zer gertatu zen; eta, bestalde, ikuspuntu kritikotik ere begiratzen zaio. Finean, Espainiako inperioaren ekintza izan zen Elkanorena, eta hori ere azaltzen da». Formatu txikiko antzezlana dela azaldu du. «Bi pertsonen arteko elkarrizketa bat sortu dut». Iñigo Aranburu aktorea Elkanoren azalean arituko da, eta harekin batera izango da Xabi Ortuzar aktorea oholtzan, Juan de Zubileta marinel barakaldarra antzeztuz. Zuzeneko musika ere izango du antzezlanak: Nerea Alberdi biolin jotzailearekin batera, Ainara Ortega kantuan ariko da, eta balada zaharrak interpretatuko dituzte biek ala biek.
Aranburuk azpimarratu duenez, gaurkotasun handia du antzezlanak. «Gidoia jaso nuenean, galdera bat etorri zitzaidan gogora: zer pentsatuko zukeen Elkanok hau ikusita? Nik txikitatik bidaia edo abentura polit baten moduan irudikatu nuen espedizioa, eta Elkano bera heroi baten gisan imajinatzen. Baina, gerora, ikusten duzu egiaz zer gertatu zen». Bigarren hausnarketa jaurti du jarraian. «Interesgarria da 500 urte atzera egin eta ikustea gauzak ez direla horrenbeste aldatu. Herrialde garatuen arteko estatu batek zerbait behar badu, hartu, eta orduan bezala inbaditzen ditu lurraldeak. Kritika hori badago piezan». Antzera jo du Ortegak ere. «Ez dugu apenas ezagutzen. DBHko liburuetan utzi nuen nik Elkano, eta jakingura piztu dit antzezlan honek».
Zuzenean abestuko du Ortegak, Alberdiren biolinaren doinuekin batera. «Balada zaharrak interpretatuko ditugu. Badira Haika mutil eta Oi Pello Pello gisako pieza ezagunak, baina baita ezagutzen ez genituen beste hainbat ere. Nereak [Alberdi] sekulako lana egin du kantu zaharrak birmoldatu eta gaur egunera ekartzen».
Abesteaz gain, bestelako istorioak kontatuko ditu Ortegaren ahotsak antzezlanean zehar. Hala zehaztu du Telleriak. «Eskorbutoaren eraginez, delirioak izaten zituzten marinelek, eta entzuten zituzten ahotsak laminenak zirela uste zuten. Kasu honetan, Ainara [Ortega] entzungo dute protagonistek». Azaldu du zergatia ere: Elkanoren bigarren bidaian kokatu du gidoigileak pieza; marinela eta laguna hiltzear diren unean.
Dibulgazioa helburu
Behin baino gehiagotan azpimarratu du Telleriak gaurko garaira ekarri duela obra, eta Neil Amstrong astronauta Ilargira heldu zeneko gertakariarekin alderatu du Elkanoren bidaia. «AEBek Ilargira espedizioa bidaltzean bezala, Espainia ere inperioa zen Elkanoren bidaia gertatu zenean. Esango nuke, oro har, Euskal Herriaren irudi apala dugula: pentsatzen dugu txikia zela eta nekazariena. Baina, XVI. mendean hemen zegoen itsas teknologia izugarria zen; puntakoa». Umorez heldu dio gaiari. «Egungo Silicon Valley zen orduko Euskal Herria. Hau ez zen zulo bat nekazari eta arrantzaleena». Zehaztapena ere egin du jarraian: «Munduari bira eman zion Victoria ontzia ere bertan eraiki zen».
Formatu txikikoa da antzezlana, Amaia Ozerin Loraldia jaialdiko kidearen hitzetan. «Produkzio txikia da, Euskal Herriko edozein txokotan eta baliabide tekniko gutxirekin eskain daitekeena». Obra ahalik eta gehien zabaltzea da asmoa.
Dibulgazioan egin du indar Rafa Zulaika Elkano fundazioaren arduradunak. «Bidaiaren 500. urtemuga aitzakia besterik ez da atzera begiratzeko eta gaur egungo gizarteari kritika egiteko». Gogoeta bultzatu nahi dute egitasmoarekin, eta galderak egiten hasi da Zulaika, bata bestearen atzetik. «Nor zen Elkano? Nolakoak ziren euskaldunak garai hartan? Zergatik jotzen zen itsasora? Zergatik da garrantzitsua munduari bira eman zitzaion aldi hura? Orduan hasi zen globalizazioa?».
Eraiki, gerora deseraikitzeko
Juan Sebastian Elkano marinelari buruzko 'Mundubira. Elkano, Primus' antzezlana sortu du Loraldia jaialdiak. Patxo Telleriak egin du gidoia. Hilaren 22an aurkeztuko dute, Bilboko Itsas Museoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu