Eragileek espero baino %40,8 diru sarrera gutxiago izango dituzte

COVID-19ak sektorean izandako eraginaz lehen txostena plazaratu du Kulturaren Euskal Behatokiak. Haren arabera, kultur jarduera %82,6 murriztu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Joan den astean zabaldu zituzten atzera liburu dendak. Irudian, Bilboko Joker komiki denda. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
COVID-19ak kultur arloan izandako eraginari buruzko bere lehen azterlana plazaratu du Eusko Jaurlaritzaren menpeko Kulturaren Euskal Behatokiak. Txosten horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kultur eragileek aurreikusi dute beren urteko diru sarrerak COVID-19 hedatu aurretik espero zituztenak baino %40,8 txikiagoak izango direla. Halaber, bildutako emaitzen arabera, %82,6 murriztu da kultur jarduera hiru herrialdeetan, «kultura enpresen barne jarduerari baino ezin izan baitzaio eutsi». Pandemiaren ondoriozko krisiak kulturaren esparruan izandako eragina neurtzeko asmoz Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatutako Krisiaren Behatokia txostenaren lehen jasoalditik atera dira datuok. Apirilaren 9tik 26ra bitartean egin zuten datu bilketa, eta kultur arloko 243 eragilek parte hartu zuten, Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazi zuenez.

Kulturaren Euskal Behatokiaren txostenak, lehenik, COVID-19aren aurreko egoera deskribatu du, kultur adierazleak eta adierazle ekonomikoak aurkeztuz. Halaber, sektoreko eragileek erreakzio gisa epealdi horretan egindako egitasmoak jaso dira azterketan. Inkestaren emaitzei dagokienez, lehendabizi, krisiak izan duen inpaktuaren inguruko azterketa orokor bat egin da, jarduerari, enpleguari eta balantze ekonomikoari dagokienez. Ondoren, diziplina edo arlo bakoitzari buruzko datu espezifikoak ematen dira, aldez aurreko egoerakoak eta inkestaren emaitzei lotutakoak. Sektoreari begira erakundeetatik martxan jarritako neurrien laburpen bat ere egin dute txostenean. Eta, amaitzeko, hainbat ondorio aletu ditu.

Krisiaren aurreko egoerari dagokionez, honako ondorio hau plazaratu du txostenak: «COVID-19a kultura adierazle gehienak bilakaera positiboa izaten ari ziren testuinguru batean agertu da». Joera positibo hori batez ere kontzertuetan eta arte eszenikoetan sumatzen zela zehaztu dute. Halaber, eragile gehienen «pertzepzioak positiboak» ziren: erdiek baino gehiagok (%57) adierazi dute pandemiaren aurreko egoera ona edo oso ona zela. Aldiz, hamar eragiletik biren ustetan, krisiaren aurreko egoera txarra edo oso txarra zen.

Agertoki hori, baina, errotik aldatu zen alarma egoera ezartzearekin batera, azterketak bere ondorioen artean nabarmendu duenez. Jarduera eteteak, eta egoera hori denboran luzatzeak, agertoki berri bat marraztu duela dio, eta «beste ezaugarri batzuk dituen krisi ekonomiko bat» ekarri duela, «zeinak ziurgabetasun-maila altuak eta testuinguru aldakor bat sortu dituen».

Inkestak utzitako emaitza orokorrei erreparatuta, batez beste, diru sarreren galerak %40,8koak izatea aurreikusten da, 2020rako eragileek zituzten aurreikuspenekin alderatuta. Enpleguari dagokionez, sektoreko langileen %43,2ri modu batera edo bestera eragin die pandemiak; kaleratzeak, aldi baterako erregulazio espedienteak eta bestelako neurri batzuk hartzen ditu aintzat datu horrek. Kasu horietatik hamarretik batean baino ez dira izan kaleratzeak, azterketak zehazten duenez. Halaber, eragileen %67,5ek aurreikusten dute pandemiak «eragin sakona edo erabatekoa» izango duela beren jardueran.

Kultur jarduerari dagokionez, batez beste %82ko beherakada izan duela jaso du txostenak, soilik jardueraren parte txiki bati eutsi ahal izan diotelako eragileek ——beren barne jarduerari, baliabide digitalen bidez egin daitekeenari, abian dituzten produkzio zein plangintzekin zerikusia duenari, eta abar—. Aztertutako denbora tartean, halaber, inpaktua handiagoa izan da produktu fisikoen salmentan, dendak itxi izanaren ondorioz; zehazki, liburu eta diskoen salmentak %62,49ko beherakada izan du, datuen arabera. Zuzeneko jarduerari erreparatuta, kasu gehienetan atzeratu egin dira emanaldiak, datarik gabe, eta etorkizuneko kontratazioen aurreikuspenek ere %80ko beherakada jaso dute, batez beste.

Inkestan parte hartu duten eragileek, beren kultur proiektuen bideragarritasun ekonomikoa aztertzeko garaian, garrantzirik handiena duten gastuak ere aipatu dituzte. Horien artean, garrantziaren araberako hurrenkeran, honako hauek leudeke: zerga betebeharrak, langile gastuak, hornidurak eta, azkenik, kontratatutako kanpoko zerbitzuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.