Peio Cachenaut. 'Xora' filmaren zuzendaria

«Erabat aske sentitu naiz 'Xora'-ren gidoia idazterakoan»

'Xora' film zuberotarra zuzendu berri du Peio Cachenautek. Bost urteko lanaren ostean, Maulen martxoaren 10ean izanen da estreinaldia, eta, haren ondotik, Euskal Herri guzian izanen da ikusgai Ipar Euskal Herrian euskaraz egina izan den lehen film luzea.

BERRIA.
Baiona
2012ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Peio Cachenaut zinema zuzendari gazteak (Donapaleu, Nafarroa Beherea, 1979) zuzendu du Xora. Lehen film zuberotarra da, baita egilearen lehen filma ere.

Xora izan da zuzendu duzun lehen filma.

Hala da, ez dut zuzendaritzan aldez aurretik esperientziarik. Ez dut aurretik ez film laburrik ez film luzerik egin. Egitasmo hau egiteko jauzia amateur gisara egin dut. Hamabost bat urte dira gutxi gorabehera zinemagintzaren zale handi bat bilakatu naizela. Film hau egin nahi izan dut,ikusteko errealitatean nola egiten diren gauzak. Ikasi nahi izan dut film bat nola egiten den, eta emaitzarekin biziki kontent gaude. Nire zinema afizioa burura eraman dut film luze hau zuzentzera helduz.

Noiz hasi zinen Xora idazten?

Bost urte iragan dira Xora-ren gidoiko lehen hitza idaztetik bururatzeraino. Nahiz eta bost urte iragan, motza egin zait bidea. Faserik luzeena idaztearena izan da. Bi urte eta erdi iraun du, gutxi gorabehera. Gogokoen izan dudan atala izan da dudarik gabe. Ez nuen antolaketari begirako mugengatik kezkatu beharrik, nahi duzun erritmoan lan egin dezakezu... Idazteko unean erabat aske zara. Grabaketa garaian jada presoago zaude, antolaketa bat errespetatu behar baita, ordutegi bat... Idazterakoan zeure denboraren jabe zara.

Zein daXora-ren ideia nagusia?

Haria nahiko sinplea da, nahiz eta erreala eta fikzioa denaren arteko mugarekin jokatzen den. Maisuaren eta bere dizipuluaren arteko historian oinarritzen da. Lantzen duten gaia idaztearena da, eleberri bat idaztearena. Bi horien arteko harremana nola iragaten den erakutsi nahi izan dut. Garrantzia eman diogu transmisioaren ideiari ere. Hau da, dizipuluak eleberria sortzeko bidean agerian uzten du iraganeko ondarea karga bat bilaka daitekeela diziplina bat lantzen hasterakoan. Adibidez, egun norbaitek erabakitzen badu idazlea izan nahi duela pentsatzen hasiko da zein izan diren diziplina hori lantzen aritu zirenak bera aitzin: Proust, Kafka... Beldurra eman dezake. Kate baten bidez loturik gaude pertsona multzo batzuei. Idazteko kasuan, garai bateko pertsonaia handiak izan daitezke, baina baita familia, kultura... Nola gainditu dezakegu eragina, iraganeko ondarea dena eta batzuetan karga izan daitekeen hori, idazten hasterakoan? Maisu eta dizipulu harreman horretan, garrantzitsua dela uste dut maisuak irakasten dionaz haratago joaten lortzea dizipuluak, maisuak ez dauzkan gaitasunak garatzea. Idazteak helburu bat balu, erakutsi nahi izan dut idazten ikasteko bide horretan maisuak baino hobeki egin dezakeela ikasleak, idazteko era propioa garatuz. Ondare anitzen transmisioaren eta honakoa bilaka daitekeen kargaz mintzo da filma, beraz, betiere oso era bisualean. Irudien bidez ulertzen da istorioa gehienbat.

Euskara ere ondarearen parte da.

Garrantzitsua dela deritzot aukeratu ditugun aktoreetan, maisu rolarena egiten duena euskararekiko harreman fina duen gizona dela, maskaradak idazten dituen Dominika Rekalt. Hizkuntza goitik behera menperatzen du. Beste aktorea, dizipuluaren rola betetzen duen Jef Goyhenexpe, berriz, euskaldun berria da. Helduaroan ikasi du euskara. Filmaren ideiarekin bat doa, ikaslea denak euskara ikastea erabaki baitu, ondarea biziaraziz. Suaren ideiarekin jokatzen dugu, batak besteari ematen diola zuzia, besterentze sinbolo gisara.

Lehen film luze zuberotarra da Xora.

Bai, hala da, eta are gehiago, Ipar Euskal Herriko lehen film luzea euskaraz egina izan dena. Duela hamar bat urte Lokarri izaneko film bat estreinatu zen, baina tarte batzuk zeuden soilik euskaraz. Gehiena frantsesez zen. Xora-n dena euskaraz egin dugu, zubereraz. Soilik elkarrizketa bat dago frantsesez. Harro naiz Xora egin izanaz, neuk ez baitakit oraingoz euskara maitatuko nukeen bezala. Nire ekarpena eginez euskalgintzari laguntzea lortzen badut, poz handia izanen da niretzat.

Zinema aretoetan ikusteko parada izanen al da?

Estreinaldia Maulen eginen dugu, martxoaren 10ean, eta, ondotik, zinema aretoetan ikusteko aukera izanen da, Euskal Herri guzian. Hasieran aurreikusi genituen epeak atzeratu beharko dituguadministrazioko paper kontuengatik. Hego Euskal Herrirako jada badugu banatzailea. Orain frantses banatzaile bat aurkitzea eskas zaigu, Ipar Euskal Herrian ikusgai ezartzeko. Baina dena abian da, denbora kontu bat da.

Auzolanaren bidez egin filma da. Zer-nolako esperientzia izan da?

Ederra izan da horrela lan egitea. Auzolanaren bidez gauzak egitea oraindik bizirik dagoela uste dut Euskal Herrian. Esate baterako, Hebentik elkarteak lagundu digu Xora egiten. Duela hamar bat urte hasi zuen bere bidea Hebentikek, eta beti auzolanaren bidez jo du aitzina. Lan egiteko era hau guri, ederra izateaz gain, ezinbestekoa izan zaigu, aurrekontu apala dela eta.

Nola ikusten duzu egun euskal zinemagintza?

Geroz eta proiektu gehiago daudela uste dut, aitzina doa. Ainara filma aurkeztu da, Maulen Gartxot ikusgai izan da... Proiektuak ez dira falta, eta gero eta gehiago izanen direla uste dut. Duela hogei bat urte musikaren ekoizpenaren eztanda izan zen. Etxetik hasi zen jendea gauzak sortzen ordenagailuen bidez estudio handietara joan gabe. Ikus- entzunezko materialarekin gauza berdintsua gertatzen ari dela uste dut. Jendeak aise gauza gehiago egingo ditu, Zuk zeuk egin filosofia nahiko punk denari jarraikiz. Beraz, bai, gero eta proiektu txiki gehiago izanen dira. Gainera, Euskal Herrian sorkuntza artistiko eta kultural ugaria dago. Ziur naiz jendeak ekoizpen mota honen aldeko jauzia egingo duela.

Lehen film luzea egin berri duzu. Bide beretik segitzeko asmoa al duzu orain ?

Garaiz da oraindik baieztatzeko zer egiten ahalko dudan, lehena oraintxe bukatu baitugu. Baina bihar esango balidate aurrekontua banukeela beste film labur edo luze bat egiteko, berehala murgilduko nintzateke egitasmo berri batean. Ideia bat badut jada etorkizuneko egitasmo baterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.