Erabakien albo eragin saihetsezinak

Erabakiek giza harremanetan zer eragin duten gaitzat hartuta, 'Atte hil aurretik' obra estreinatuko du Miren Tirapu aktoreak gaur, Zumaian

Hiru pertsonaia interpretatuko ditu obra berean Miren Tirapu aktoreak. UROLA KOSTAKO HITZA.
Julen Aperribai.
2017ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Aspaldiko erronkatzat zuen Miren Tirapu aktoreak oholtza gaineko antzezle bakarra bera izango zen obra batean parte hartzea. Bihar beteko du erronka, Zumaiako (Gipuzkoa) Aita Mari antzokian, berak idatzitako Atte hil aurretik antzezlanaren estreinaldian. Hiru belaunalditako pertsonaien azalean jarriko da, eta «momentu, egoera eta testuinguru zehatz batean» hartzen diren erabakiek kausa ditzaketen elkar eraginen inguruan ariko da.

Erabakiak bere horretan, inongo kanpo faktorerik gabe, hartzerik ez dagoela erakutsi nahi du Tirapuk, eta nork bere buruari behar baino gutxiagotan egiten dion galdera bat hartu du abiapuntutzat: «Zenbateraino gara gure erabakien jabe?». Jabe izan daiteke, ordea, erabakiaren aurreko bidegurutzean, hartuko den bidea hautatzean, nahiz horren benetako eraginaren ardura hartzerakoan. Ardura hori erabakia hartu duenarena izan daiteke, baina baita hartu duenarekin nolabaiteko lotura duen edonorenaere. Familia lotura da, kasu honetan, obrak planteatzen duena: Anek bere amona Maxusek gauero kontatzen zion ipuin bera azkenengo aldiz entzun zuenetik bi hilabete pasatu dira, baina amonaren hutsak eramango du biloba ipuin haren jatorria eta haren benetako esanahia ezagutzera. Hirugarren pertsonaia batek, Tomasek, egingo ditu familiako bi kideen arteko zubi lanak. Belaunaldi batek ondorengoari uzten dion ondarea, izan materiala ala immateriala, baldintzatzen duten faktoreen inguruan ari da Tirapu obran, familia bateko sekretu jakin bati tiraka: «Familia guztietan sekretuak daudela uste dut; sekretuek isiltzen duten hori interesgarria iruditzen zait. Era berean, pentsatu behar dugu sekretuak zergatik iraun duen orain arte, eta atzean dagoen istorio hori zergatik bihurtu den sekretu». Horratx, beraz, iraganarekiko ezinbesteko lotura.

Baserri bateko harategian kokatzen da istorioa, hain zuzen ere, Ane pertsonaiaren amonarenean. Haren amonaren baserrian bizi da, egun, Miren Tirapu ere. Hortaz, ondorio ez idatzirik atera nahi duenarentzat bada paralelismorik pertsonaia nagusiaren eta aktorearen artean. Familiaren inguruko kontuetan arakatu izana ere onartu du, baina testua «oholtza gainean» eta «inprobisazio bidez» garatu dela dio. Bi urte behar izan ditu obrak, azkenean, gaur publikoaren aurrean izango duen forma hartzeko. Eusko Jaurlaritzak testua idazteko emandako diru laguntza jaso ondoren, proiektuari oraindik eta bultzada handiagoa eman zion ZUbi egitasmoak —2012an sortu zen, euskal antzerkigintza bultzatzeko eta konpainien eta programatzaileen arteko zubi lana egiteko asmoz—. Oholtza gainean lan egiteko aukera eta, lan egin bitartean, herrietan egonaldiak egiteko aukera izan dute, besteak beste, egitasmoari esker. Hala, Zumaian dira urtarrilaren 3az geroztik. ZUbiren laguntzarik gabe ere proiektuak aurrera egingo zukeelakoan dago, baina beste modu eta erritmo batean: «Denbora gehiago beharko nuke, ez nituzkeelako nire esku hainbeste erraztasun izango. Dilatatu egingo litzateke obra, hain justu, niri ere erabakiak hartzea asko kostatzen zaidalako». Izan ere, obra martxan jarri aurretik nahiz horren garapenean, erabakiek pisu handia izan dutelakoan dago autorea, eta gidoian ere aurki daitekeela faktore horren eragina.

Lehendabiziko aldia

Antzerkian esperientzia izanagatik ere, halako proiektu pertsonal, eta, aldi berean, berezi batean inoiz murgildu gabea zen Tirapu, eta eragin dio horrek buruko minik: «Lehen aldiz nengoen horrelako proiektu baten aurrean, eta gauzek ihes egiten zidatela sentitzen nuen». Lana oholtzaratzeko, propio, sortu zuen Beheko Larraine konpainia, eta Maika Etxekoparren esku utzi du obraren zuzendaritza, eta lan teknikoez Atx Teatroa arduratu da.

Interpretazioan sarri aritua izan arren, gidoiaren kargu ere egin da Tirapu. Bazuen beldurrik,alde horretatik. «Dramaturgia ondo lotuta dagoen, hiru pertsonaien arteko harremana ongi ulertzen den... banituen halako kezkak», onartu du. Emaitzarekin ez du inongo kexarik, hala ere, eta publikoarekin hartu-emanerako gogoz da. Hainbat emanaldi badituzte lotuak urtearen lehen seihilekoan. Zumaiako estreinaldiaren ondotik, urtarrilaren 29an Irurtzunen (Nafarroa), otsailaren 2an Leioan (Bizkaia) eta otsailaren 18an Izturitzen (Nafarroa Beherea) ariko dira, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.