Joxemari Sors. Euskal Editoreen Elkarteko presidentea

«Erabakiak segituan hartu ezean, berandu izango da»

Sorsek nabarmendu du kontsumoa sustatzeko neurriak behar direla liburugintzaren sektoreak krisiari aurre egiteko. Esan du Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldetik borondatea ikusten dutela.

JON URBE / FOKU.
Ane Eslava.
2020ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Editoreen Elkarteak ohartarazi du egungo krisialdia «erabakigarria» izango dela euskal liburugintzaren sektorearentzat, eta egoerari aurre egiteko laguntzak eskatu dizkie erakunde publikoei. Joxemari Sors (Errenteria, Gipuzkoa, 1951) presidenteak nabarmendu du neurriak «segituan» hartu behar direla, sektorea «itzulerarik gabeko bide batean» sartzeko arriskuan dagoelako.

Hitz gordinekin mintzatu zarete. Halakoa da sektorearen egoera?

Bai, egoera oso gordina da. Kontuan hartu behar da kultura jasaten ari dela paradigma aldaketa garrantzitsua, batez ere kontsumoan. 2008ko krisiarekin jada beherakada garrantzitsu bat etorri zen, ez dena lehengoratu, eta orain beldur gara atzerapena ez ote den handiagoa izango. Ikusten ari gara Espainiako, Frantziako, Alemaniako editoreek esaten dutela liburuak atzerapen handia izan dezakeela. Baina kultura horiek oraindik daukate nondik galdu; gu, berriz, sar gintezke itzulerarik gabeko bide batean...

Hortaz, sektorearen etorkizuna jokoan dago?

Bai, eta ez bakarrik argitaletxeena, liburugintzaren balio kate osoarena: sortzaileak, argitaletxeak, banatzaileak, liburu dendak eta bezeroak. Adibidez, argitaletxeok gure aurtengo produkzioa onartua genuen, eta honek atzerapena ekarriko du, baina ez hori bakarrik: liburu batzuk hurrengo urterako geratuko dira, eta beste batzuk agian ez dira argitaratuko. Gero, udazkenean pilatzen direnak banatu beharko dira, eta liburu dendek likidezia falta handia izango dute; kolokan egongo dira. Beraz, bakoitzak bere arazoak ditu, baina badira arazo orokor batzuk ere. Horregatik, elkarlana inoiz baino garrantzitsuagoa izango da: modu koordinatuan lan egitea, eta txikiak babestea, txikiak egoteak ekartzen duelako kultur aniztasuna. Aurrera aterako bagara, ez gara aterako bata besteari konpetentzia eginez. Erantzun bateratu bat eman behar dugu; bestela, alferrikakoa izango da.

Esan duzu sektorea oraindik ez dela suspertu 2008ko krisitik. Ez ziren hartu neurri egokiak?

Hori ezin zaio faktore bakar bati lotu. Batetik, kultura industria bat da, bere ekarpena egiten du lanpostuetan, BPGan... Horregatik, egin beharko lirateke beste apustu batzuk eta inbertsio handiagoak. Baina kultura ez da kontuan hartzen inbertsio gisa, diru laguntzetara lotuta egoten da. Horregatik, guk beti aldarrikatu dugu kultura industria gisa tratatu behar dela.

Bestetik, globalizazioa dago, digitalizazioa, Interneteko plataforma handiak... Horrek denak ere kalte egin dio liburuaren sektoreari. Kaltea orokorra izan da, Europa osoan, baina kultura gutxituentzat larriagoa izan da. Zuk saltzen badituzu 3.000 ale liburu bakoitzeko, krisiarekin gutxiago salduko duzu, baina izango duzu zeri heldu; euskal tiradak dira hain estuak, ezen jada ez daukagun nondik galdu.

Eta egoera horretan, beste krisialdi bat heldu da...

Bai, eta, gainera, lehengoa krisi ekonomikoa zen, eta ekonomiaren arabera jokatzeko aukera genuen, baina, honetan, ekonomiaren kanpotik etorritako baldintza batzuk ezin ditugu kontrolatu. Orain ezin dugu erabakirik hartu, eta ezjakintasuna erabatekoa da.

Aurreikusten dituzuen kalteak kopurutan eman dituzue, eta ez dute itxura onik…

Esan dugu momentu honetan salmentetan izan ditzakegun galerak izan daitezkeela %25-30ekoak. Baina oso datu itsuak dira; agian bihar ez dute balio. Ez dakigu hurrengo ondorioak zeintzuk izango diren, ezta konfinamenduak noiz arte iraungo duen ere. Hau bihur daiteke zulo handi bat, non oso zaila izango den ateratzea. Izan ere, egoera normalizazio bidean jartzean, jendea hasiko da kontsumitzen berehala eta kontsumoa hasiko da suspertzen? Jendea minduta aterako da, beldurrez. Eta zer gertatuko da hainbeste denbora kontsumitu gabe egon ondoren?

Eskaera jakin batzuk egin dizkiozue Eusko Jaurlaritzari. Zeintzuk dira nagusiak?

Batetik, eskatzen dugu 2,5 milioi eurorainoko kreditu lerro bat irekitzea euskal kulturarako, murrizketa fiskalak onartzea, eta enplegua erregulatzeko espedienteetarako erraztasunak jartzea. Bestetik, argia ematea testuliburuen eta literaturaren produkziorako diru laguntzei, eta, behin proiektu bat onartuta, diru laguntzaren %50-60 ahal den azkarrena aurreratzea. Eta guretzat garrantzitsuenak kontsumoa suspertzera bideratutakoak dira; honako hauek: batetik, irakurketa bultzatzeko publizitate gehiago jartzea, eta adieraztea irakurketa ere badela behar-beharrezko elikagaia. Horrekin batera, liburutegiak ondo hornitzea, bai fisikoki eta bai e-liburutegietan —eta hau badirudi aurrera doala—. Eta azkenik, liburu bonuak sortzea. Azken hau beharrezkoa izango da ez badugu nahi liburu denda eta argitaletxe askok itxi behar izatea.

Zure ustez, gakoa, beraz, kontsumoa sustatzea da?

Kontsumoa sustatuta, kultura sustatuko dugu. Kultura ez da zerbait ez dena ikusten, ez da immateriala; hortik jendea bizi da. Sortzaileak dirua kobratu behar du, berea lan bat da eta ekarpen kultural bat. Kultura aurrera ateratzeko, kontsumoa behar da, eta, kontsumoa berpizteko, halako inbertsioak behar dira; ez laguntzak, baizik eta inbertsioak.

Zer jarrera ikusten duzue erakundeen partetik?

Harremanetan gaude instituzioekin, eta [Jaurlaritzako] Kultura Sailetik borondatea eta jakin-nahia ikusten dugu. Alde horretatik, ez dugu kexarik, baina borondateaz gain, pauso bat gehiago behar da: erabakiak segituan hartu ezean, berandu izango da. Eta, bestalde, harrituta gaude Hezkuntza Sailaren isiltasunarekin. Euskal argitaletxeok 60.000 lizentzia baino gehiago eman ditugu dohainik, jendeak etxean ikasi ahal izan dezan. Ahalegin hori egin dugu, eta Hezkuntza Sailari idatzi diogu, baina ez dugu erantzunik jaso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.