Erabakiak hartuta

Gitarra bat gutxiagorekin baina «jarrera berberarekin», hirugarren lana kaleratu du Sermond's taldeak

Gitarra bat gutxiago izanda, taldearen soinuak stoner-punkera egin du azkeneko lanean. IBON URIZAR.
2013ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
«Jarrera berbera mantentzen dugu». Hirugarren diskoa kaleratu berri du Elorrioko Sermond's taldeak, Bidegurutzean (Mauka Musikagintza). Eurak ere bidegurutzean egon dira lan berriari heltzerakoan. Izan ere, gitarrista batek taldea laga zuen Amaiera hasieran dator aurreko lanaren ostean. Dena dela, aurrera egin dute, Koldo Zubia baxu jotzailearen berbetan: «Erabaki asko hartu behar dira, gauzak definitu. Pentsatu genuen ea beste gitarrista bat sartu edo ez... Azkenean, apustua egin genuen laurok jarraitzeko».

Sei abestirekin osatu dute diskoa: «Albora laga ditugu abesti batzuk, ez genituen ikusten egoki disko honetan sartzeko. Gure inguruan, musika munduan dabilen jendeari planteatu genien, 40 minutuko diskoa egin beharrean, 25-30 minutukoa egitea». Erantzun ona jaso zuten, eta horrekin aurrera jotzea erabaki. «Beste disko batzuetan, hamar abestikoak, badaude hiru edo lau betegarri modura. Ez dugu ikusten honetan horrelakorik. Hasieratik bukaerara arte ez zaitu aspertzen. Jendeak esaten dizu 'hara, gogoarekin geratu naiz». Horri positiboa irizten diote taldekideek, Zubiak adierazi duenez.

Lehendik jorratzen zuten punk-rock estiloari eusten jarraitzen diotela esan du, baina soinu ezberdinarekin: «Lehen, bi gitarrarekin egiten genuen, eta apurtxo bat moldatu behar izan dugu formazio berrira. Sermond'sen esentzia mantendu dugu, baina aldaketa txiki bat egon da. Lehen gitarrak pisu handia zeukan, eta disko honetarako pisu hori bateriari eta baxuari eman diogu, gitarra apur bat sinplifikatu egin dugu». Beti punk-rocka egin gura izan dutela dio Zubiak, «baina eremu oso zabal batean. Aurreko diskoa punk-rocka zen, baina esentzia eskandinaviar handiarekin, baita rock klasikoarekin ere. Orain, esan dezakegu stoner-punka dela gehiago, lehengoari eutsi arren. Stoner-punka da, zeren hori inork ez du egiten, guk bakarrik».

Errealitate soziala, presente

Egoitz Etxeberria abeslariak egin ditu abestien hitzak, eta Peru Magdalenaren laguntza jaso du Parez pare abestirako. Bidegurutzean abestia begitantzen zaio nabarmentzekoa, izatekotan, Zubiari: «Neuretzat, asko gura du esan. Taldetik kanpo abestia entzuten baduzu, oso aldarrikatzailea da. Zure bizitzan beti egin behar duzu edo aurrera, edo eskumara, edo ezkerrera, edo trabatuta gelditu hor. Egunerokotasunean presentzia daukan abestia da. Erabakiak hartu behar dituzu, eta horiek zure bidea egiten dute». Bidegurutze batean topatu dutela euren burua eta erabakiak hartu behar izan dituztela esan du: «Horiek ekarri gaituzte hona, eta gustura gaude».

«Hitzak ere sakonagoak dira, beste heldutasun puntu bat daukate. Ez dakit hori urteengatik ote den, edo...». Euskal Herrian bizi den jendea direla nabarmendu du, eta hemengo errealitate sozial eta politikoa beste edonork moduan pairatzen dutela: «Hori ere agertzen ahalegintzen gara hitzetan. Lagunak kartzelan dauzkagu, lagunak kanpoan dauzkagu ihes eginda, lagunak langabezian dauzkagu, dauzkagun lan baldintzak ere ez dira onak... Sistema honek saldu dizkigun gezur guztien biktimak gara. Orduan, ahalegintzen gara hori erakusten. Ez modu zuzen-zuzenean, baina hori aldarrikatzen dugu gure erara».

Tolosan, Bonberenean grabatu dute diskoa, Karlos Osinagaren eskutik. Aldaketa garaian egon direnez, «oso dudatsu» joan zirela uste du baxu jotzaileak: «Grabatzerakoan oso seguru sentitu behar duzu. Guk eduki ditugu gauzak apurtxo bat berde, airean... Behar izan dugu pertsona bat guri segurtasuna transmitituko ziguna, esango ziguna gauzak ondo zeudenean 'ei, ondo dago'», azaldu du, Osinagari erreferentzia eginez. Hari planteatu zizkioten euren beldur, gabezia eta indarguneak: «Aurreko diskoan asko inplikatu zen, eta oraingoan ere bai, baina beste modu batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.