Kazetaritzaren argi-ilunak erakustea. Asmo hori du Iñaki Irasizabal (Durango, Bizkaia, 1969) idazlearen Arrakastaren aparrak nobelak. Ohikoa duen generora jo du Irasizabalek libururako: genero beltzera. Aita izan berri den 40 urteen bueltako kazetari bat da nobelako protagonista; bizi duen prekaritate egoeratik ihesi, 2000ko hamarkadan telebistan ekoizle garrantzitsu izandako Lujuaren enkargu bat onartuko du: ustez inori kalte egingo ez dion delitu bat egitea. Hasieran erraza zirudien enkargua korapilatu egingo da, ordea, eta bere bizitzaren kontrola galduko du protagonistak. Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak lagunduta eman ditu liburuari buruzko azalpenak idazleak. Hamalaugarren eleberria du oraingoa.
Gaur egungo kazetaritza baino gehiago, 2000ko hamarkadako «telezabor» deitutakoaren garaia ekarri du liburura Irasizabalek. Liburuan telebista kate jakinik aipatzen ez bada ere, irakurleak Tele5 kateko hasierako saioak oroituko dituela ohartarazi du idazleak, eta arrazoi argia eman du horretarako: «Programa horiek hasi zirenean, Crónicas Marcianas eta beste, hemen bereziki sekulako audientzia izan zuten, baina inoiz ez da hemen aipatu horrelakorik».
Hainbat pertsonaiaren bidez erakutsi ditu kazetaritzaren argi-ilunak idazleak, baina ez hori bakarrik. Familiarteko harremanek garrantzi berezia dute istorioaren joanean. Irakurlea protagonistaren familian murgilduko da, baina baita galbidera eraman duen Lujuarenean ere. Hala, izenik gabeko protagonistaren familiak eta Lujuaren familiak ere presentzia nabarmena dute.
Liburuan azaltzen diren bi pertsonaia nabarmendu ditu Irasizabalek bereziki: protagonistaren alaba, oraindik hitz egiten ez duena, eta haren txakurra. «Kontakizuna lehenengo pertsonan kontatua dago, protagonistaren ikuspuntutik, eta haiek dira gauza gehienak ulertu ez arren begirada objektiboa duten bakarrak, edo bakarrenetakoak behintzat».
Genero beltzean ohikoa izaten den delituari beharrean, delitu horren arrazoiei, zergatiei eman die garrantzia Irasizabalek eleberrian. Hala, nobelako pertsonaiak elkarren artean talka sortzeko aproposak direla nabarmendu du. Egoera «oso bortitzak»deskribatzen dira liburuan, eta, nobela beltzetan anitzetan gertatu ohi den bezala, kontakizunaren tentsioa eta abiadura handituz doaz testuak aitzinera egin ahala. Idazleak berak nabarmendu du azken esaldira arte dagoela tentsioa. «Nobela azken esaldian bukatzen da, azken esaldiraino dago informazioa».
Hezur-haragizko pertsonak
Aitzineko ezaugarri horiez guztiez landa, liburuaren bertze ezaugarrietako bat nabarmendu du Xabier Mendiguren editoreak: «Liburuaren bertuteetako bat da dilema moral batzuen aurrean jartzen gaituela». Mendigurenek kontatu duenez, nobelan, aitzinera egitean, Lujuak narratzailea delitu bat egitera bultzatzen du; ustez inori kalterik egingo ez dion delitu txiki bat, baina narratzaileak buelta asko emango dizkio aukera horri, bera ez delako horrelakoa. Diru kontuak ere badaude tartean, diru erraza delako. Azkenean, protagonistak delitua egin egiten du, eta hor hasiko dira arazoak. «Hori da nobelaren arrazoietako bat», nabarmendu du Mendigurenek. Ideia bera azpimarratu du Irasizabalek ere: «Hanka sartze bat dago, okerreko erabaki bat. Hori da abiapuntua. Nobela beltza izanik, gauza batzuk ezkutuan daude. Lujuak delitu hori agintzeko bere arrazoiak ditu, eta horrek bide ematen dio nobelari».
Nobelaren bertze ezaugarri bat nabarmendu du Mendigurenek: «Pertsonaiak ezagutarazten dizkio irakurleari. Pertsonaia errealak dira, beren akats eta gorabeherak dituztenak eta aurretiazko intentzio txarrik ez dutenak». Irasizabalen idazkeraren bidez, irakurleak gertatutako dena ulertzeko gaitasuna duela nabarmendu du editoreak. «Tragediaren mekanismo bat bezalakoa da». Ideia hori bera nabarmendu du idazleak ere: «Nobela batean, gauzak ez dira azaldu behar; erakutsi egin behar dira, eta irakurleak atera behar ditu ondorioak».
Eszena bat eguneko
Hiru hilabete eskasean ondu du Irasizabalek Arrakastaren aparrak lana. Hala kontatu ditu idazketaren nondik norakoak: «Prozesu laburra izan da. Ni oso urduria naiz, eta urduri idazten dut. Eguneko, eszena bat. Saiatu izan naiz gehiago ere idazten, baina berehala konturatzen naiz testuaren erritmoa moteldu egiten zaidala, eta idazkera kamustu». Idazle teknikoa dela kontatu du, eta idazten hasi aitzinetik istorioaren nondik norakoen garapena idatzita uzten duela: «Istorioa garatzen dut idazten hasi aurretik: badakit zein diren aldaketa puntuak, korapiloak, mugak. Beti tarte bat uzten dut erabaki gabe». Aurretiazko erabakiak hartzearen garrantzia nabarmendu du. «Idazten den guztia intentzio batekin idatzi behar da, pieza guztiak elkarrekin ongi txertatuta egon daitezen. Idazleak hasieratik jakin behar du zer gertatuko den».
Erabaki okerrek dakartena
Iñaki Irasizabal idazleak kazetaritzaren argi-ilunak landu ditu 'Arrakastaren aparrak' nobela berrian. Eleberri beltz honetan presentzia handia du familiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu