Irauli egiten du botere harremana Matxalen Bilbao dantzariak (Bermeo, Bizkaia, 1961). Ez du onartzen dantza musikaren menpe jartzerik; musika jartzen du berak dantzaren esanetara. Mugimendu biluzia da bere lehengaia, eta isiltasunean hasten da horregatik beti lanean. Eta soilik gero heltzen da musika, dantzaren gainera. Mugimendua azpimarratzera soilik. Euskal Herriko dantzari garaikideen lehen belaunaldiko kide da Bilbao, eta urteak daramatza horretan: inprobisatu, findu, musika gehitu, eta erakutsi. Kanpora joateko aukera baztertu, eta Euskal Herritik aritu da beti. Ez omen da erraza izan, baina jadanik badu pieza sorta bat bizkarrean, eta bere azken lana fintzen dabil orain Bilboko Fundicion aretoan. Self deitu du, eta Robert Jackson dantzariarekin sortu du. Larunbatean eta igandean du estreinaldia.
Jacksonen eta zure arteko hartu-emana da lanaren ardatza.
Nik hitz egin nahi nuen oso ezberdinak diren bi pertsonek espazio bera konpartitzeari buruz. Hori da Roberten [Jacksonen] eta nire arteko kasua. Orain hamar urte ezagutu genuen elkar, eta lagun egin ginen, baina ez dugu orain arte izan elkarrekin dantzatzeko aukerarik. Hamaika kontuk bereizten gaituzte: jatorriak, sexuak, adinak, hizkuntzak... baina, dantzan ari garenean, elkar ulertzen dugu. Eta horri buruz aritu nahi genuen, nortasun horietaz. Bakoitzarena den izaera horretaz. Egun globalizazioarekin, badirudi klonak bilatzen ditugula. Antzera janzten gara, antzeko informazioa kontsumitzen dugu... Berezitasunaren defentsa bat da pieza. Ezberdintasunean badagoelako elkarrizketarako espaziorik, eta baita elkar kutsatzeko aukerarik ere. Baina hau literatura hutsa da. Sorkuntzarako baliatu ditudan jarraibideak. Publikoak ez du zertan lanean hori ikusi.
Urteak daramatzazu mugimendua abiapuntu hartu, eta gero hari musika gehitzen. Zergatik?
Beti aritzen naiz hala. Isilik abiatzen dut sorkuntza prozesua, mugimenduari lehentasuna emanez, eta gero sartzen ditut gainontzeko elementuak. Mugimendua azpimarratu eta nabarmentzeko. Inolaz ere ez alderantziz.
Baina alderantzizkoa izaten da ohikoena. Noiz irauli zenuen prozesua?
2003an. Ordura arte ni neuk ere musikaren gainean sortzen nuen dantza. Musikak markatzen du halakoetan mugimenduaren neurria. 2003an aldatu zen hori, Willie Dorner dantzariarekin tailer bat egin nuenean. Mugimenduaren analisia lantzen du Dornerrek, eta orduan hartu nuen lan egiteko modu hori. Orduan ohartu nintzen garrantzitsuena mugimendua zela. Mugimendua ez dela beste zerbaiten apaingarria. Eta hamar urte daramatzat hala.
Gorputzaren fisionomia errespetatu beharra ere azpimarratzen duzu.
Robert [Jackson] ez da ohiko dantzaria. Ez, behintzat, jendeak dantzari bat aipatzen zaionean buruan izaten duen dantzari mehe eta gihartsuen modukoa. Eta ni neu ere ez naiz ohiko dantzaria. Bikoiztu egiten dut ofizio honetan dabiltzan askoren adina. Ez gara dantzari tipikoak, eta hori gustatzen zait. Roberten mugimenduak ikusgarriak dira, baina ez datoz giharretatik, baizik eta haren gorputzaren eta espazio fisikoaren jakintza sakonetik. Dantzak ez du zerikusirik atletikotasunarekin, baizik eta zeure gorputzaren konplexutasunen gaineko jakintzarekin. Hori da dantzan interesatzen zaidana.
Adinak ere izan du eraginik?
Nik orain ezin dut egin lehen egin nezakeena, eta zintzoa izan behar dut. Eroso egotea da kontua, eta ez nire aukeren gainetik aritzea. Eszenara lasai ateratzea. Proposamenean dago arriskua.
Dantzari askok utzi dute Euskal Herria, publiko eta azpiegitura handiagoko guneen bila. Zuk ez. Zergatik?
Ikasketak egin nituen kanpoan, baina nire bizitza Euskadirekin lotuta dago. Behin hori erabakita, hemen koreografo gisa lan egiteko modua bilatu nuen. Badira dantza laguntzen duten erakundeak, baina ez dira nahikoak. Garapen motelagoa izango nuen agian hemen, baina hori da nire erritmoa. Bi edo hiru urtean behin estreinatzen ditut piezak, eta ez urtero. Testuingurua ez da bereziki dantzaren aldekoa, baina sarea eta azpiegitura txiki bat sortu dugu. Gauza asko falta dira. Hezkuntzan, adibidez. Sekulako zuloa dago. Ongi dago hemengo jendea testuinguru hobeen bila joatea, baina, denok alde eginez gero, akabo. 25 urte daramatzagu hemen, eta, gutxi diren arren, badira dantzari esker bizi diren pertsona batzuk. Apustu egin behar da horren alde.
Bertako lehen dantzari garaikideen belaunaldikoa zara.
Luque Tagua eta Laura Etxebarriari esker hasi nintzen ni, 1986an Fundicion ireki zutenean. Dantza klasikotik nentorren, baina hor ezagutu nuen dantza garaikidea. Hor ikusi nuen neure burua. Con Buen Pie konpainia sortu genuen, eta Damian Muñozekin aritu nintzen gero. Sortzaileentzako laguntzak azaldu ziren orduan, eta oso kontu erosoa ziren: ez zenuen enpresa sortu beharrik. Eta orduan ezagutu nuen sorkuntza. 2003an sortu nuen nire konpainia, eta, oharkabean, hamar urte badaramatzat, eta oraindik ez diot izenik ere jarri konpainiari! Matxalen Bilbao deitzen da, finean, gehienetan bakarrik aritzen naizelako.
Erosotasuna. Behin baino gehiagotan aipatu duzu ideia hori. Zure lanaren ardatz da, agian?
Baietz uste dut. Eroso egin behar dira gauzak. Bestela, malda gora joaten zaizkizu egun guztiak. Izatea erabaki dudan honekin disfrutatzen ez badut, ez diot zentzu handirik ikusten kontuari. Ekonomikoki hau ez da inongo pagotxa. Erabaki arriskutsu xamarra hartu nuen: Euskal Herrian dantzari izatea. Eta, halere, tristura baino poz gehiago izatea da nire asmoa. Gaztetan gehiago sufritzen nuen. Orain, adinarekin, amore eman dut agian. Saiatzen naiz erosotasun hori bilatzen.
Matxalen Bilbao. Dantzaria eta koreografoa
«Erabaki arriskutsua hartu nuen: Euskal Herrian dantzari izatea»
Euskal Herriko lehen dantzari garaikide belaunaldiko kide da Matxalen Bilbao, eta ezagutzen ditu ofizioaren argi-itzalak. Larunbatean estreinatuko du 'Self' pieza Robert Jackson dantzariarekin Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu