Ismael Manterola
Begiz

Epika

2024ko abenduaren 3a
05:05
Entzun

Ez dira lirikarako garaiak. Denak zirraragarria eta ikusgarria izan behar du, nahiz eta segundo gutxi iraun. Aurreko astean graduazio ekitaldiei buruz hitz egiterakoan konturatu nintzen emozioak ukitzeko gauzak eskatzen ditugula. Bazkariak, bidaiak, edo txangoak esperientzia hitzaren bidez ordezkatu ditugu. Esperientzia horiek kontatzeko modukoak eta erakusteko modukoak izan behar dute, sare sozialetara igotako argazkien bitartez, ahal bada. Harrigarria da esperientzia deitzea mundu digitalean bi segundo besterik iraungo ez duen zerbaiti.

Badirudi euskaldunak ez ginela oso emozionalak; orain, kontrako muturrera pasatu gara, eta besteen musu eta besarkaden bidez hunkitzen gara. Norbaitek lasterketa edo ez dakit zein txapelketa irabazi duelako edo unibertsitate titulu bat jaso duelako malkoak botatzeko prest gaude; zer esanik ez Gabonetako argiak piztu dituztelako, edo oparia jaso dugulako.

Gauza bera gertatzen da ekitaldi politikoekin ere. Negarra eragiteko moduko mitinak ezagutzen genituen, erotzeko moduko buruzagiren baten agerpenak ere ez ziren arraroak, baina gaur egun politikaren estetizazioa diskurtsoetara ere iritsi da. Lelo hutsek emozionatzen gaituzte, aspergarriak bihurtu diren manifestazioak berotzeko zerbait asmatu behar dugu: banderak astindu, ikurrak fabrikatu edo binakako ilaretan desfilatu.

30eko hamarkadan asko hitz egiten zen politikaren estetizazioren inguruan, batez ere proiektu totalitarioei buruz hitz egitean. Pertsonalitateari kultua, erakustaldi jendetsuetako eszenografiak, banderen eta pankarten aireratze disziplinatuak, ordenatutako desfileak eta kantu eta banden musikaren erritmoa. Hori guztia gorputzaren miresmenarekin nahastuta, gure garaiko heroien antz handia duela iruditzen zait.

Jarrera epiko horiek guztiak mundu salbatzaileen estrategia bihurtu ziren interes politiko eta ekonomiko jakin batzuk inposatzeko. Gaur egun, badirudi horretan gabiltzala berriz ere, nahiz eta alderdi komiko edo esperpentikoek gain hartzen dieten jarrera estetizista horiei. Ezker-eskuin zabalduta dagoen populismoak epika eskatzen du, lirika gutxi. Norberaren barrura begiratzen duten adierazpen artistikoak ez daude modan. Arteak funtzioa izan behar du, bat izan edo bestea izan. L’art pour l’art hilda dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.