Epika guztien azpitik

Josu Martinezen ideia batetik abiatuta, bost presoren inguruko dokumental banarekin osatuko dute film bat bost zinemagilekDiskurtso nagusietatik at landu nahi dute filma, eta 2012ko Zinemaldian aurkeztu

Mireia Gabilondo, Josu Martinez, Eneko Olasagasti, Enara Goikoetxea eta Txaber Larreategi atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Ez dute politikan sartzeko asmorik, ez behintzat letra larritako politikan sartzekoa. «Pertsona erakutsi nahi dugu. Presoei sarri pertsona izatea ere ukatzen zaie. Haien argazkiak erakustea ere debekaturik dago, eta guk euren istorioak irudien bitartez kontatu nahi ditugu. Paradoxa horretatik abiatuta, kontatu nahi dugu istorio bat letra txikiz. Ez dugu aldarririk egin nahi, ez dugu panfletorik egin nahi. Norberaren begietatik abiatuta, preso bakoitzaren bizipenak kontatu nahi ditugu».

Josu Martinez zinemagilea (Bilbo, 1986) izan da Kartzelako poemak film kolektiboaren (behin-behineko izenburua du soilik) sorburua eta sustatzailea. Itsasoaren alaba filmatu zuen 2009an (GALek eraildako baten alabari buruzkoa) eta Sagarren denbora2010ean (deportatu baten eta haren bikotekideari buruzkoa), Txaber Larreategirekin batera. «Jauzi bat» egin nahi izan du hurrengo proiektuan, eta istorio konplexuagoa egitea deliberatu du, bai gai aldetik, eta bai formaren aldetik. «Lehen filma neuk bakarrik egin nuen, eta protagonista bakarra zuen. Bigarrena, beste zuzendari batekin filmatu nuen, eta bikote bat zen protagonista. Oraingoan, bost izango gara zuzendariak, eta bost izango dira istorioak eta protagonistak».

Euskal Herriko gatazkarekin loturiko trilogia osatuko du horrela Martinezek. Presoen errealitatera hurbilduko da hirugarrengoan. Eta aurrekoetan bezala, hurbilketa «humanoa» egitea du helburutzat. «Hiru diskurtso handi nagusitzen dira gizartean: 'heroien aldeko apologia', 'hiltzaileen kontrako apologia' eta giza eskubideei dagokiena. Film honek beste modu batean helduko dio gaiari, eta epika guztien gainetik, edo hobe, azpitik kokatuko da».

Egitasmoak «aniztasuna» du helburu nagusietakoa: aniztasuna, presoen izaera eta istorioei dagokienez, eta aniztasuna, begiradei dagokienez ere. Horretarako, bost istorio eta bost zuzendari batzeko ideia izan zuen Martinezek. Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea eta Txaber Larreategi dira beste lau zuzendariak. Bost presoak aukeraturik dituzte, baina oraindik izenak ez dituzte esan, «filma amaitu artean inolako arazorik izan ez dadin».

Bost istorio, osotasun bat

Bost istorioak independenteak izango dira, «baina film bat osatzeko» xedez eginak. Horretarako elementu grafiko eta estilistiko zenbait erabiliko dituzte. Dokumentala izango da generoa, bainanork bere begirada agertuko du. Dagoeneko ari dira filmatzen istorioak, eta datorren urteko Donostiako Zinemaldian estreinatzeko asmoa dute.

Josu Martinezek berak ia amaiturik dauka filmatu beharreko guztia, nahiz eta, «oraindik aldaketak egon daitezkeen». Martinezek ez du begirada kartzelan edo espetxealdian jarriko, preso sartu arteko prozesuan baizik: «Iragarritako espetxeratze baten kronika da nirea. Horrek sortzen dituen paranoiak eta tentsioa islatuko du filmak».

Sagarren denbora dokumentalean zuzendarikide izan zuen Martinezek Txaber Larreategi (Ea, Bizkaia, 1986). Hark Martinezen istorioaren ifrentzua kontatuko du, hau da, espetxetik ateratzen den presoa baten istorioa. «Askok pentsatzen dute kartzelaldia amaitzen dela kartzelatik ateratzen zaren egunean, baina gero kontuan izan behar dira barruan egindako ametsak ere zertan geratzen diren, nola den gizarteratzea, nola den lehen ezagutzen zenituen bezalakoak ez diren lekuetara itzultzea...».

Bere istorioa espetxean kokatuko duena Mireia Gabilondo (Bergara, Gipuzkoa, 1965) da. Aurrenekoz egingo du dokumental bat Gabilondok. «Pertsona bati buruz hitz egin behar izate horrek erakarri ninduen. Urte askoan kartzelan dagoen emakume bati buruzkoa izango da nire istorioa. Bizitza kartzelan pasatzea zer den azalduko dugu». Orain artean ez dute espetxe barruan filmatzerik izan, baina aukera hori ez dute baztertzen egileek. «Hori da dokumental bat egiteak duena. Gauzak egunetik egunera alda daitezke. Proiektu bizia da, eta Euskal Herriko egoera aldatzen ari denez, ezin jakin zer gerta litekeen», zehaztu du Gabilondok. Oraingoz baimenik ere ez dute eskatu espetxe barruetan filmatu ahal izateko. Espetxeak kanpotik baino ez dituzte filmatu, eta «bestelako baliabideak» erabili dituzte presoaren errealitatera hurbildu ahal izateko: ingurukoen testigantzak, gutunak...

Eneko Olasagastik (Donostia, 1960) rol bikoitza izango du bere film zatian, zuzendari ez ezik protagonista ere izango baita. Martinezek Olasagastiri egindako proposamena «pozoitua» iritsi zitzaion. «Besteek euren presoak aukeratu dituzte, eta niri proposamena izen eta abizenekin etorri zitzaidan. Nik badut lagun bat gaur egun preso dagoena, eta urte askoan harremanik izan ez dudana. Bilaketa pertsonal baten istorioa izango da, beraz. Ni izango naiz lagun zahar horren bila abiatzen dena. Prozesu hori kontatuko dut. Oraindik filmaketan ari gara, eta emozio aldetik sekulako bidaia izaten ari da. Eta iruditzen zait izan daitekeela herri honek egin behar duen bidearen argazki bat. Lagunaren bila abiatu naiz, eta aurkitu dut».

Kartzelako poemak egitasmoan azkena sartu dena Enara Goikoetxea da (Hernani, Gipuzkoa, 1973). «Ez zen nire asmoetan sartzen halako film bat egitea. Gai honi heltzeko gogo gutxi izan dut beti, baina agian iritsi da momentua, beste ikuspuntu batetik horrelako gai bati heltzeko», adierazi du Bizitzako Kopa eta The Last Passage (2011n estreinatzeko dagoena) lanen egileak. Dokumentalaren generoan arakatzeko baliagarri izan zaio istorioa Goikoetxeari. «Ez du ohiko dokumentalaren trazarik, gehiago hurbiltzen da saiakerara. Iraultza eta metamorfosiaren edota barne aldaketa eta kanpo aldaketaren arteko jokoa planteatu nahi izan dut. Horretarako preso egokiarekin topo egin nuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.