Epika, edo ‘western’ bat Antzinako Grezian (II)

Balea Zuria argitaletxeak Homeroren Odisea euskaraz kaleratuko duen honetan, abagune aproposa da Homeroren poesia epikoari erreparatzeko.

Telemakoren itzulera. ARTGATE FONDAZIONE CARIPLO
Telemakoren itzulera. ARTGATE FONDAZIONE CARIPLO
2024ko azaroaren 17a
05:10
Entzun

Homeroren poema epikoak aztertzen hasita, bada egitate bat beste ezeren aurretik kontuan hartu beharrekoa, Jaume Portulas helenistak zorrotz eta lakoniko adierazia Hitzaurrea Iliadarisaiakeran: antzina, Iliada eta Odisea «ez ziren literatura, guk hitz horri eman ohi diogun zentzuan [...]; literatura, izatekotan, gerora bihurtu ziren». Gaurko egunera behintzat obra literario gisa iritsi zaizkigu, eta halaxe irakurri izan dira azken mendeetan ere, baina guztiz bestela izan zen Grezia Klasikoan. K.a. V. mendearen bueltarako, poemok luze eta zabal barreiatuta zeuden Helade osoan, eta denek ezagutzen zituzten Akilesen amorrua eta Odiseoren itsasaldiak. Erreferentzia sorta partekatu horrek gozamen ludiko-estetikotik haragoko helburua zuen: poemek funtzio pedagogiko argia zuten; hots, eredugarritzat jotzen ziren. Portulas irakaslearen hitzetan, Homeroren olerkiek «balio sistema bat hezurmamitzen zuten», greziarren komunitatearen zutarri eta ideal bilakatu zena.

Balio eredugarri horietako bat zen xenia kontzeptua, arrotza etxean ostatatzeko araua. Odisea-ko mundu nabarmen aristokratikoan, atzerritarrei abegi ona egitea betebehar morala zen, eta zibilizazioaren adierazle, gainera. Horren adibide, Odiseok, ziklopeen uharteetara iritsirik, beste ezeren aurretik jakin nahi du ea bertako biztanleak «legerik gabeko basajendea» diren edo, kontrara, atzerritarrak ongi hartzen dituztenak. Telemako semea ere xenia-ren arauari esker ibiltzen da Pilosen eta Espartan, erregeen etxeetan ostatu harturik. Arrotza abegiz hartzeko betebeharra bereziki garrantzitsua bilakatu zen Grezia Klasikoan, heleniarren mundua zabaltzen ari zelarik; hain zuzen, arau horren bidez sortutako adiskidetasun-harremanak txit garrantzitsuak izan ziren bai merkataritzarako bai diplomaziarako.

Balio eredugarri horietako bat zen xenia kontzeptua, arrotza etxean ostatatzeko araua. Odisea-ko mundu nabarmen aristokratikoan, atzerritarrei abegi ona egitea betebehar morala zen, eta zibilizazioaren adierazle, gainera

Balio sistema horrek zibilizazio mizenikoan du jatorria (K.a. 1000. urtetik gora). Horixe da Iliada eta Odisea-ko heroiak kokatzen diren mundua, baina akats bat da, eta sarri egiten dena, poemak zuzeneko iturri historikotzat hartzea, zibilizazio mizenikoaren erretratu errealista bat balira bezala. Werner Jaeger helenistak Paideia azterlanean dioenez, «gizarte hura [...] ezagutza historikoan arrastorik utzi gabe desagertu zen, baina haren pintura idealizatua, poesia homerikoan adierazia, kultura heleniko osoaren oinarri bilakatu zen». Horra, beraz, epika homerikoaren zentzua: mundu mizeniko galduaren estilizazio bat da, idealizazio bat, gerora Aro Klasikoko greziarrek eredugarritzat hartu zutena.

Hain zuzen, errealitatearen erabateko estilizazioan datza epika: protagonistek bertute goranahiak eta zoritxarreko akatsak haragitzen dituzte, eta heroien kategoriara heltzen dira; haien abenturak balentria mitologikoak dira; mundua, fantasian edo gerran sublimatutako agertoki bat; bertsokera, hexametro daktilikoa, deklamazio jasorako ezinago aproposa. Dena da estilizazio eta goratze; dena larger than life, bizitza bera baino handiagoa.

Itzulera bat, hiru istorio

Eta, halere, eta batik bat Iliada-ren eredu epiko zurrunagoaren kontrakarrean, Odisea bereziki da nobelistikoa. Odiseo protagonista edozein nobela modernotatik ateratako pertsonaia bat izan zitekeen; tramak tartekatzen dira, ikuspuntuak aldatzen (Odiseok bere ahotsean kontatzen ditu bere itsas abenturak), eta, epikaren estilizazioaren erdian, Odisea ia errealismo suerte batera hurbiltzen da tarteka, xehetasunez adierazten baitu oinarri duen mundua.

Eta, halere, eta batik bat Iliada-ren eredu epiko zurrunagoaren kontrakarrean, Odisea bereziki da nobelistikoa. Odiseo protagonista edozein nobela modernotatik ateratako pertsonaia bat izan zitekeen

Hiru ildo nagusitan bana daiteke Odisea-ren argumentua. Tramarik ezagunenak Odiseoren nostos-a kontatzen du, gerratik etxerako itzulera, alegia. Istorio arketipikotzat jotzen da, eta protagonistaren hautu bat dago haren oinarrian. Odisea-ren bosgarren liburuan, Odiseo protagonista Kalipso jainkosarenean dago, eta aukera du sekula betiko harekin geratzeko, hilezkor eta atsegale. Ordea, ninfaren edertasun orbangabea aitortuta ere, bere emazte akastun (haren hitzetan «xume») eta hilkorrarengana bueltatzea erabakitzen du; horrekin, bizitza aldakorraren aldeko hautua egiten du, hilkortasunaren aldeko hautua. Eta horrek dakar gainerako guztia.

Bigarren trama, Odisea-ren hasiera-hasierakoa, Telemakia da, zenbaiten ustez jatorrian aparteko olerki bat izan zitekeena. Odiseoren seme Telemako coming of age betean dago; aitaren esperoan gogaiturik, haren bila partitzen da, bide batez helduaroa (gizontasuna) konkistatzeko itxaropenez. Aitarekin elkartutakoan, haren laguntzaile bilakatzen da Odisea-ren hirugarren traman, zeina baita olerkiaren parterik ezezagun eta (horrexegatik) interesgarrienetako bat. Ezen irakurlea harritu egiten da ohartzean Odiseo liburuaren erdi parean iristen dela Itakara. Orduan, baina, ez da dena bukatu, Penelope emaztearen pretendienteak aurkitzen baititu bere jauregian ostatu harturik, xenia-ren arauak behartuz. Ordura arteko peripezia fantastikoen istorioa bengantza odoltsu bihurtzen da bukaerarako, ia western baten kutsuan. Bestalde, hirugarren atal horretan bereziki nabarmentzen dira Euriklea eta Eumeo esklaboak, biak ere samurtasunez eta zintzoki ondutako pertsonaiak, guztiz ezohikoak heroi aristokratikoz betetako mundu batean.

Epikatik orobat urruti dago Odisea-ren keinurik ederrenetako bat, itxura batean nahiko nobelistikoa dirudiena: uhartera iritsitik, izaki bakar batek errekonozitzen du Odiseo, Argos zakur zaharrak. Hogei urteren ondoren ere nagusia ezagututa, ez du indarrik harengana joateko ere, baina buztana astindu eta belarriak uzkurtzen dizkio nagusiari. Gero, heriotzak eramaten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.