Epaitutako zerria

Gizatasunaren eta animaltasunaren inguruko gogoeta egin du Patxi Zubizarretak 'Zerria'-n, Lizardi saria bigarrengoz eman dion nobelan

Antton Olariaga eta Patxi Zubizarreta, liburuaren aurkezpenean, Donostian. IÑIGO URIZ / FOKU.
mikel lizarralde
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
«Gorpu batzuk deskubritu ditut Tsanfleuron glaziarrean, momifikatuak, gutxienez bi. Objektu bat baino gehiago ere bai, aldamenean». Suitzako Alpeetako gailurretan jaso du Bereketek Gasparden deia telefonoz. Biak dira glaziologoak, eta albisteak erabat asaldatu du Bereket. Hortik aurrera, orainaldiaren eta iraganaren artean mugituta, Bereket ikertzen hasiko da, XIX. mendean gertatutakoa jakin nahian. Hori du abiapuntu Patxi Zubizarretaren Zerria nobelak (Erein).

Zerria-k iazko Lizardi saria irabazi zuen, hain zuzen ere, Zarauzko Udalak (Gipuzkoa) antolatzen duen sariketa horren 40. aldian. Orain arte, sariketak haur literaturako lanak hartu ditu aintzat, baina azkeneko ediziotik aurrera, bi urtetik behin, gazteentzako obrak sarituko ditu, eta horietako lehendabizikoa da Zerria. Zubizarretak gaur jasoko du sariaZarauzko Modelo aretoan, 12:00etan hasiko den ekitaldian.Ez da lehen aldia Zubizarretak Lizardi saria irabazten duena, orain 30 urte Matias Ploff-en erabakiak lanarekin ere saritua izan baitzen.

Gazteentzako liburu izendapena duen arren, Inazio Mujika Iraola Ereineko editorearen iritziz, «helduentzako lana» da Zerria. «Hau da, edozeinentzako lana da, baita 13-17 urte arteko jendearentzat ere. Stevenson, Conrad edo Kypling gustuko dituenarentzako liburu bat da. Harribitxi bat».

Alpeetan hasten bada ere, istorioak Pirinioetara eta Zuberoara eramaten du irakurlea abenturazko eta intrigazko literaturaren osagaiak erabilita, eta Lizardi sariko epaimahaiaren arabera—Castillo Suarez, Kati Olaizola eta Alex Gurrutxagak osatua—, liburuak «gizatasunaren eta animaltasunaren inguruko gogoeta bat» planteatzen du. «Estilistikoki, testu dotorea da Zerria: kapitulu biribilak eta ederki josiak, irudi indartsuak, deskribapen interesgarriak... Eta, hori guztia, idazkera jori bezain gustagarrian emana».

Gertaera bat, akuilu

Zerria idazteko abiapuntua egiazko gertakari batek eman zion Zubizarretari. «Liluratuta gelditu nintzen jakin nuenean Frantziako herri batean zerri batek etxe batera sartzea lortu zuela, sehaska irauli, eta umea marruskatzen eta jaten hasi zela». Ordurako ere bazekien Euskal Herrian halakoak gertatuak zirela, besteak beste Ataunen (Gipuzkoa), baina Frantziakoak bazuen elementu oso deigarri bat: «Zerria epaitu egin zuten, eta heriotzara kondenatu. Jabeak ez; jabeak zigortu zituzten exekuzioa bertatik bertara ikustera. Eta ez bakarrik jabeak. Inguruko nekazari guztiek joan behar izan zuten, ikus zezaten nola hiltzen zuten zerri hiltzailea».

Liburuko ilustrazioak Antton Olariagak egin ditu, eta, azaldu duenez, «beti bezala», bere helburua izan da testuari traiziorik ez egitea. «Testuak ezartzen dit marko bat, azpiegitura bat, eta nik errespetatu egin behar dut marko hori». Halere, aitortu du testuak proposatzen duen bidaiaren «irakurketa propioa» egin duela, «iradokiz testuan azaltzen dena».

40 urteko historian, besteak beste, Mariasun Landak —lehen saritua izan zen Txan fantasma-rekin—, Bernardo Atxagak, Txilikuk, Felipe Juaristik, Castillo Suarezek, Alaine Agirrek, Nerea Arrienek eta Yolanda Larreategik irabazi dute Lizardi saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.