Epaile batek geldiarazi egin ditu Donostiako Arte Ederrak eraikineko lanak

Ancorak jarritako salaketa aintzat hartu dute, Eusko Jaurlaritzak eraikina kultur ondare izendatu zuelako, jada kategoria hori kendu dioten arren

Andoni Imaz
2021eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Donostiako Arte Ederrak eraikinaren afera auzitegietara itzuli da. Donostiako Administrazioarekiko Auzietako 3. Epaitegiak onartu egin du Ancora ondarearen babeserako elkarteak joan den astean jarritako salaketa, eta Arte Ederrak eraikinaren barrualdeko lanak geldiarazteko agindu du, kautela neurri gisa. Joan den astean bertan hasi zituzten lanak, hotel bat egiteko asmoz, eta ostiralean heldu zen eteteko agindua.

Ancorak irudi batzuk aurkeztu ditu epaitegian: haiek erakusten dute «barruan eraisketa lanak hasi direla», eta epaileak, hori ikusirik, ebatzi du badela nahikoa froga lanak berehala eteteko. Gaurtik aurrera, Donostiako Udalak eta Sade enpresak —eraikinaren jabeak— hiru egun izango dituzte alegazioak aurkezteko.

Epaileak adierazi du Eusko Jaurlaritzak eraikina kultur ondare izendatu zuela 2015ean, eta, horregatik, barrualdea eraitsi eta fatxada moldatuz gero «konpondu ezinezko kaltea» egingo diotela. Bi urte baino ez zizkion iraun ondare izendapenak, baina:2017an kendu zioten, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aginduta. Ondasun izendatu zutenenean ez baitzuten kontuan hartu eraikina «hondamen faktikoko» egoeran zegoela.

Eraikinak kultur ondare izendapena galdu zuela interpretatuta eman zion Donostiako Udalak Saderi lanak egiteko lizentzia, eta, obra geldiarazteko epaiaren ostean ere, horregatik defendatu dute haiek legearen arabera jokatu dutela. Hortaz, seguru asko alegazioren bat aurkeztuko dute hotelaren proiektuarekin jarraitu ahal izateko. Sadek ez du ezer esan.

Ancorak beste era batera interpretatu zuen 2017ko ebazpena. Elkartearen ustez, eraikina «formalki babestuta» dago oraindik. «Eraikin bat hondamen egoeran egotearen eta haren kultura ondasun izendapenaren artean ez dago bateraezintasunik». Gainera, Icomos ISC20C erakundeak—Unescoren kontsulta erakundea da— arriskuan dagoen ondareari buruzko nazioarteko alerta bat eman zuen 2017an, Arte Ederrak eraikina babestu beharrekoa zela ondorioztatu baitzuten. Ancorak esan du Donostiak «sinbolo bat» galduko duela lanekin jarraituz gero: «Ez da ez aldaketa bat, ez eraberritze bat: eraisketa bat da».

Udalari galdera

Elkarrekin Donostia udal taldeak aurreratu du eraikineko lanei buruz galdetuko diola udalari Espazio Publikoaren, Obren eta Hiri Zerbitzuen hurrengo batzordean. Aitzole Araneta taldeko bozeramaileak esan du zinegotzi ordezkariak iaz baieztatu zuela ez zutela eraikina eraitsiko; galdetuko dio zer arrazoirengatik aldatu den udalaren jarrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.