Epaile baino gehiago, sistemaren laguntzaile

Agus Perez eta Jaime Valverde euskarazko antzerki kritikariak EHAZEk antolatutako jardunaldian mintzatu dira, eta adierazi dute ez dutela «hirugarren begirik» baina haien zeregina «beharrezko kalte hori» dela.

Igor Susaeta.
Donostia
2014ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Kultur sistema batek publikoa, artistak eta ikertzaileak behar dituela pentsatzen du Jaime Valverde Gara egunkariko antzerki kritikariak. «Baina baita kritikariak ere». Horietako batzuek, ordea, epaile lanak hartzen dituzte, Agus Perez BERRIAko kritikariaren esanetan; hala iruditzen zitzaion, behintzat, hasi zenean, orain 20 urte pasatxo. «Baina epailea izan beharrean laguntzaile izan behar duzu». Valverdek aipatutako sistemarena, alegia. EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak antolatutako Esperientzixak jardunaldian mintzatu ziren, atzo, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, komunikabideetan euskaraz idazten bi kritikari bakarrak.

Eta horregatik beragatik da atipikoa, Karlos del Olmo moderatzailearen hitzetan, antzerkiaren euskal kritikagintza: «Hamabi izan beharrean, alboan bi lagun baino ez ditudalako». Valverde, gainera, hasiberria da, sei hilabete besterik ez daramalako zeregin horretan. Tarte horretan argiago ikusi ahal izan du inork nahi ez duen auzokidearen modukoa dela kritikaria. «Baina on bezala kalte egiten dio sistema horri; beharrezkoa den kalte hori gara». Perezen aburuz, tentsio puntu hori egotea onuragarria da alderdi guztientzako.

Ramon Agirre aktorea kulturunera bildu zen atzo, eta adierazi zion Perezi adeitsu jokatzen duela haiekin. «Gure sistema, azkenean, kuadrilla txiki bat da. Joango dira kritikak zorrozten...». Baina Agirrek nabarmendu zuen eskertzen duela Perezen egitekoa, antzerkia maite duen pertsona batek idatzita dagoela nabaritzen delako.

Perezek balizko bi irakurle hartzen ditu kontuan bere kritikak idazterakoan. Batetik, konpainiak beraiek. «Ahalegin bat egin dutelako, merezi dutelako kanpoko batek egindako analisia». Eta, bestetik, obraren ikuslea bera. «Gaur egun, beharbada, dena dago Interneten, baina antzerkiaren militate horiei argibide esanguratsuenak eman behar zaizkie». Antzezlanak Euskal Herriko konpainienak direnean, gehiago erreparatzen dio «aldi artistikoari», eta kanpokoa denean, aldiz, ikuslearen larruan sartzen da. Perspektiba horretatik ontzen ditu Valverdek bere kritikak, eta saiatzen da, «ahal den neurrian behintzat», pedagogikoa izaten eta pistak ematen, «ikusleak antzezlanarekin ahalik eta gehien goza dezan».

Kritikariaren beste zereginetako bat da, Perezen aburuz, obra deseraikitzea. «Horretan ahalegindu behar duzu, gero atzera egituratu eta irakurleari emateko». Lanera, ikusten ari direna deszifratzera joaten baitira, lehen ikustaldian, antzezlanetara. «Kritika ez baduzu buruan, beste era batera ikusten duzu», esan zuen Perezek, atzo. Idatzi beharrekoa buruan daukanean, ordea, horri jarriko dion izenburuarekin tematzen da, adibidez. «Oso egituratzailea baita. Eta batzuetan ez dut argi izaten». Valverderen iritziz, ez da gauza bera kritika egin behar duzunean ikustea edo bestela. Pentsatzen du, gainera, haiek ez direla ikusle pribilegiatuak eta ez dutela hirugarren begirik: «Ahalegintzen gara ikusten ditugun gauza guztiei zentzu bat ematen».

Feedback eskasa

Botere bat dutela iradoki zien moderatzaileak. Ez bata ez bestea ez daude ados, baina. Valverderentzat, ardura bat da daukatena. Halere, ez dute argi zenbaterainokoa den haien zereginaren eragina jendearengan, aitortu baitute feedback askorik ez dutela jaso. «Idatzi ostean oso zaila da jendearekin harremanetan jartzea, blog bat-edo ez baduzu, behintzat. Alde horretatik, lanbide bakartia da», esan zuen Perezek. Batzuetan, baina, idazten duena adituekin kontrastatzen saiatzen da. «Kontzienteki egiten dut». Valverdek arrebari erakusten dizkio, kezka bat edukitzen duelako orrialde zuriaren aurrean jartzen denean. «Ikerketa mundutik nator, eta hor testuak oso teknikoak dira. Beraz, idazten dudanean sentitzen dut adreilu samarrak izan daitezkeela komunikabide baterako. Hori fintzeko ahaleginean nabil». Perez ere ez da hizkuntza teknikoegiaren aldekoa, «irakurleak, bestela, hurrengo orrialdera joko duelako segituan».

Ander Lipus antzerkigileak ere hitza hartu zuen bukaera aldera, eta aitortu zuen ez duela maite, «erregutzen ez badidate behintzat», lan batez edo besteaz aritzea, gustatu zaion edo ez gorabehera. «Baina kritikariena lanbide bat da», amaitu zuen Lipusek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.