Epai bat, baina bestelako sentipena

Nahikari Gabilondok ezustekoa emanda irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hirugarren final-laurdena, Zestoan

Nahikari Gabilondo hunkituta atzo, epaileek jakinarazi ziotenean saioa irabazi zuela. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Beñat Zamalloa Akizu.
Zestoa
2015eko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Ezustekoa emanda irabazi zuen atzo Nahikari Gabilondok Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hirugarren final-laurdena, Zestoan. Saioan zeharreko sentipena oso bestelakoa zen, eta Alaia Martin bigarren sailkatua indartsu eta aurretik sumatzen zen bukaeran. Distira bereziz jardun zen sarri. Irabazleak bigarrenari alderik handiena kartzelan atera zion: 19,5 puntu. Gabilondok sei puntuko motzetik kartzelara arteko ariketetan gorantz egin zuen, eta kartzelan oso fin aritu zen. Martin, ordea, ez zen apalago aritu: gaiak ematen zion kokapenean kokatu, gaia abiapuntutzat hartu eta aurrera egin zuen. 700 bertsozalek lepo bete zuten Gurutzeaga pilotalekua. Gaur jokatuko da azken-aurrekoaren final-laurdena, Ormaiztegiko Zubipe pilotalekuan (17:30): Ander Lizarralde, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Felix Zubia, Iñaki Apalategi, Maider Arregi eta Unai Gaztelumendi ariko dira kantuan.

Lehen zortziko handiko bertsoak Artetxek eta Gabilondok baserritarren ahotik, etaMujikak eta Urangak herriko jaien antolatzaileenetik kantatu zituzten. Batzuek zein besteek ez zioten euren gaiari hari argirik aurkitu, eta nahiko nahasiak izan ziren.

Besterik izan zen Maia eta Martinen kasuan. Batez ere, bien lehen bi bertsoetan. «Sei urteko haur baten gurasoak zarete, Jon eta Alaia. Haurra telebistari so dagoela hizketan hasi dira. Haurrak isiltzeko eskatu die», jarri zien gaia Asier Iriondok zortziko handian aritzeko gaia. «Nola arraio egingo degu/ heziketa hau, laztana?/ Internet bada haurraren aita/ eta telebista ama?», bukatu zuen lehen bertsoa Maiak. Beste galdera baten bidez proposamena eginez erantzun zion Martinek: «Nahiz isiltzea den gure haurrak/ orain eskatu duena/ ez al da hobe igual kentzea/ umeari bolumena?». «Mandoarekin apuntatu dit/ eskopetakin bezela/ iruditzen zait aitta ta amakin/ zapping egin nahi duela», bota zion orduan Maiak. Bestelakoa zen Martinen proposamena: «Mugak jartzeai geratzeari/ behar genioke ekin/ bestela pentsa zer egingo dun/ 18 urterekin».

Zortziko txikian ere Martin eta Maia gailendu ziren, bakoitza bere ofizioan. Martinek Gabilondorekin egin zuen lana itzela izan zen. Elkarrekin bizi ziren, Gabilondo pisukideak untxi bat zuen maskota gisa, eta, Gabilondori jakinarazi gabe, Martinek untxia egingo zuen sukaldean. Aurreneko bertsoa honela amaitu zuen Martinek: «Lehen untxia zen/ orain untxi ta patata/ lasai egon sufritu/ gabe joan da-ta». Tonu berekoak izan ziren hurrengo bi bertsoak ere. «Jan zazu goxo-goxo/ eta azkenean/ beti eramango duzu/ zure barrenean», bota zuen bigarrenean. Proposamen batekin bukatu zuen: «Beste bat eros zazu/ harategi baten».

«Lagunak dira Jokin eta Jon, eta sarri ateratzen dira elkarrekin parrandara. Jokin dantzan hasten da lehenengo tragoa hartu orduko; Jon geldi egoten da azkeneko tragoan ere», egokitu zitzaien gaia Uranga eta Maiari. «Ez dituzu mugitzen/ ez beso ez zango;/ dekorazioaren parte / ba ez zera izango?», kantatu zuen Urangak bere lehen bertsoaren azkenean. Maiaren kasuan ez zen lehen bertsoa izan lehergarriena, hurrengo biak baizik. «Ba bai ni Jon Maia naiz/ ta zu zera Jokin/ ta neri ez inola/ burmuinak irakin./ Ni honelakua naiz/ nahi badezu jakin/ ta nahi badezu atera/ beste Jon Mayakin», jolastu zuen izen bereko dantzariarekin Maiak.

Sei puntuko motzean guztiek utzi zuten puntu finen bat ala beste, baina ez zen ordura arteko bi ariketetan izan zen lako lan distiratsurik izan.

Pausoak eskaileretan

Kartzelan berriz egin zuen saioak gora. «Etxe barrutik eskaileran gora datozen pauso hotsak entzuten dituzu», izan zen kartzelako gaia. Ama izanik oinordekoa zuten eskaileretan gora Artetxek eta Gabilondok, erasotzen zuen senarra Mujikak, bikotekide ohia Urangak, alaba Maiak eta maitalearenetik datorren gizona Martinek. Azken lanean ere Martinena izan zen lanik bereziena. Honela kantatu zuen azken bertsoa: «'Kaixo, maitea: Barkatu/ egitea enbarazu/ mobilari ez diot ta/ egin nik aina kasu'./ Gainera, esaten duzu/ ironiko, irrifartsu./ Lehen beldurrez nengoen bai/ baina gaur nago indartsu./ Gurea eusten saiatu naiz/ ahalegindu nahiz jo ta su/ baina beste norbaitekin/ zuk beste gu bat daukazu./ Zu, lasai, ni joango naiz/ gaur eskuzabal naukazu/ hemen geratzen zarete/ zure gezurrak eta zu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.