EOSen soinu propioa garatu nahi du Jun Maerkl musika ahokulari berriak

'Berrelkartzeak' lelopean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak zerbitzatzen duen gizartearekin topo egingo du 2014-2015ko sasoiko 11 abonamendu programetan

Jun Maerkl, Joxean Muñoz Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea eta Iñigo Alberdi EOSeko zuzendari nagusia, atzo. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2014ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Jun Maerkl (Munich, Alemania, 1959) EOSen Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren musika aholkulari berriak ezagutzen ditu orkestrako musikariak, 2012ko irailetik gaurdaino lau emanalditan zuzendu baititu. «Gazteak dira, motibatuta daude, ondo jotzen dute, eta, gainera, hori transmititu nahi diete ikus-entzuleei».

EOSek orkestra zuzendari titularrik gabe osatuko du 2014-2015ko denboraldia; baina Iñigo Alberdi zuzendari nagusiaren esanetan —kargua utziko du uztailaren 30ean, horretan zortzi urte egin ondoren—, zuzendari titularraren zereginak beteko ditu musika aholkulariak. «Zuzendaritzan aldaketa bat gertatuko denez —ez dakigu kudeatzaile berriak nola antolatuko duen instituzioa—, egokiena iruditu zaigu musika aholkulariaren alde egitea; musikariak beraiek, gainera, ados daude erabakiarekin», esan zuen Alberdik, atzo, EOSen 2014-2015ko denboraldiaren aurkezpenean —33.a du—. Eta Maerklen helburu nagusia honako hau da: «Orkestraren soinu propioa garatzea».

Hurrengo sasoian, 11 abonamendu programa edukiko ditu EOSek —45 kontzertu guztira, Donostia, Bilbo, Gasteiz, eta Iruñean—, eta, Berrelkartzeak lelopean, zerbitzatzen duen gizartearekin topo egingo du orkestrak aurtengo iraila eta 2015eko ekaina bitartean, Alberdiren hitzetan: «Iraganean edo orainean orkestrarekin bat egin zuten edo bat egiten duten konpositore, elkarte, bakarlari eta zuzendariekin elkartuko gara berriro». Gainontzeko jarduerak kontuan hartuta —Miramongo matineak, Musika Gela, herrietako emanaldiak, Musika-Musica, Musika Hamabostaldia...—, ehun bat kontzertu eskainiko ditu EOSek.

Irailaren 26an abiatuko du denboraldia Bilbon, Euskalduna jauregian. Rumon Gambaren zuzendaritzapean arituko dira musikariak, eta Maria Bayo sopranoa izango da gonbidatua. Egun horretan, estreinakoz interpretatuko dute Piotr Ilitx Txaikovskiren 3. Sinfonia.

Hamalau obra lehendabiziko aldiz joko ditu EOSek datorren sasoian, eta, gainera, erabateko bi estreinalditan parte hartuko du. Isabel Urrutiak orkestraren enkarguz sortutako Eresoinka pieza da horietako bat—urrian—, eta Angel Illarramendiren 9. Sinfonia bestea—apirilean—.

Orkestrarekin aritu izan diren hainbat bakarlari eta instrumentista gonbidatuko ditu EOSek, berriro, datorren denboraldirako: Miguel Borges Coelho, Marta Zabaleta, Elisabeth Leonskaja, Joaquin Atxukarro (pianistak), Johannes Moser (txelo jotzailea), Carlos Mena (kontratenorra) eta Frank Peter Zimmermann (biolin jotzailea).

Zuzendariei dagokienez, Maerklek eta Andrei Boreyko orkestraren zuzendari titular gonbidatuak Josep Caballe-Domenech, Jose Miguel Perez Sierra, Carlos Rizzi, Enrico Onofri maisuak aukeratu dituzte kontzertuak gidatzeko —azken hori da EOS aurrenekoz gidatuko duen bakarra—.

Juan Jose Oconi, berriz, Jose Mari Usandizaga donostiarraren (1887-1915) La Llama opera zuzentzeko ardura eman diote. Obra hori osatu aurretik hil zen, eta haren anaia Ramonek amaitu zuen gerora. Alberdik atzo azaldu zuenez, 1918an estreinatu zuten, eta geroztik apenas interpretatu den. «Sekulako kalitatea eta finezia zeukan musika idazteko». Operaren partiturak berreskuratuko ditu Oconek, eta martxoan berrestreinatuko dute. Horretan abestuko dute Miren Urbietak, Elena Barbek, Maite Marurik, Mikeldi Atxalandabasok, Fernando Latorrek, Damian del Castillok, Xabier Anduagak eta baita Ainhoa Artetak ere.

Euskal Herriko konpositore batzuen lanez gain —Francisco Ibañez, Jesus Guridi, Aita Madina...— beste hainbat obra handi interpretatuko ditu EOSek: Richard Straussen Heroi bizitza bat, Bela Bartoken Orkestrarako kontzertua, Hector Berliozen Sinfonia fantastikoa, Johannes Brahmsen 1. Sinfonia eta Antonin Dvoraken 7. Sinfonia.

«Orkestren mundukoa»

Maerklek jakinarazi zuen Bartoken, Straussen eta Berliozen lan horiek aukeratu dituela teknikoki oso zailak direlako. «Lan horiek balioko dute Euskal Herrira etortzen diren orkestren eta gurearen arteko maila konparatzeko». Hiru abonamendu programa eta Musika Hamabostaldiko orkestraren saioak zuzenduko ditu datorren sasoian.

Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak ere parte hartu zuen aurkezpenean, eta esan zuen Alberdiren ordezkoa aukeratzeko prozesuan murgilduta daudela. «Orkestren munduko norbait izango da, baina oraindik ezin dugu ez izenik eman, ezta datarik zehaztu ere».

@ Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.euskadikoorkestra.es
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.