Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) Francisco Escudero omenduko du, musikagile zarauztarraren jaiotzaren urteurrenean —herenegun bete ziren 100 urte—. Hala, eta Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan, Escuderoren Illeta obra interpretatuko du EOSek, Errenteriako Andra Mari abesbatzarekin batera, Kursaaleko auditoriumean, 20:00etan hasita.
Xabier Lizardi poetaren poema batean oinarrituta 1952an ondutakoa da Illeta obra. Euskal kulturako hainbat elementu lotu zituen Escuderok horretan. Musika Hamabostaldiko antolatzaileen esanetan, «euskal requiem handia» da.
Pascal Rophek zuzenduko du kontzertua, eta, harentzat, Frantziako eskolarekin lotura handia dauka Illeta-k. Izan ere, horretatik edan zuen egileak. Etziko emanaldia eskola horretako bi erreferenteren obrekin osatuko dute, Maurice Ravelen eta Paul Dukasen obrekin. Bi musikagile horiek izan ziren XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran Parisen mamitutako giro sortzailearen ikurretako bi. Escudero bera, adibidez, Dukasen ikaslea izan zen.
Kontzertua, hain zuzen, Dukasen obra batekin hasiko da, L'Apprenti sorcier-ekin. Johann Wolfgang Von Goethe musikagile alemaniarrak urte batzuk lehenago egindako izen bereko lanean oinarritu zen Dukas 1897an berea osatzeko. Sorgin izateko ikastun baten abenturak eta zorigaitzak kontatzen ditu. Ondoren, berriz, Ravel lapurtarraren Kontzertua sol maiorrean (1929-1930) interpretatuko dute. Eta bukatzeko, berriz, Illeta. Kontzertuaren aurkezpena egin zen atzo, eta, musikagilearen alaba Arantxa Escuderoren ustez, obra «handia» bezain «gogorra» da. Maitatutako pertsona bati egin beharreko azken agurrari buruzkoa da. «Aurreneko aldiz entzuten duenari ez zaio oharkabean pasatuko. Obra ezagutu eta berriro kontzertura joaten dena, berriz, hunkitu egingo da atzera», Arantxa Escuderoren iritziz.
Bi bakarlari edukiko ditu etziko emanaldiak. Batetik, Marta Zabaleta piano jotzailea; bestetik, Jose Manuel Diaz baritonoa.
Hurrengo emanaldia, 20an
Donostiako Musika Hamabostaldiko hurrengo emanaldia hilaren 20an izango da. Interprete Gazteen Zikloan, Gustav Mahler, Arnold Schoenberg eta Escuderoren beraren obrak joko ditu Ciclus Ensemble taldeak Miramar jauregian, 20:00etan. Eta, Kursaaleko programazioari dagokionez, Parisko Orkestrak Claude Debussy, Ravel eta Antonin Dvorak gogoratuko ditu 23an (20:00).
EOSek eta Andra Mari abesbatzak Escuderoren 'Illeta' interpretatuko dute
Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruko kontzertua da, eta Kursaalean izango da, etzi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu