EOSek Escuderoren 'Illeta' obra joko du Musika Hamabostaldian

Musikagilea jaio zela ehun urte bete direla eta, 50 ekintzatik gora egingo dira Gipuzkoan urtea amaitu bitartean

Francisco Eskudero musikagile zarauztarra. BERRIA.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Kontzertuak, emanaldiak, jardunaldiak, erakusketak... Francisco Escudero (Zarautz, 1912-Donostia, 2002) musikagilearen jaiotzaren mendeurrena dela eta, urtea amaitu bitartean 50 ekintzatik gora egingo dira Gipuzkoako hainbat herritan. Donostiako Musika Hamabostaldian, esaterako, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak EOSek eta Andra Mari abesbatzak maisuaren Illeta obra interpretatuko dute. Abuztuaren 17an izango da. Pare bat hilabete lehenago, berriz, ekainaren 14an, EOSek berak kontzertu bat eskainiko dio Escuderori, Kursaalean. 26 kontzertu emango dira guztira. Programazioa osatu ahal izateko, 20 instituzio eta elkarte baino gehiago aritu dira lanean, atzo Donostian egindako aurkezpenean Garazi Lopez de Etxezarreta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak adierazi zuenez.

Aldundiari berari, Zarauzko Udalari eta Eresbil Euskal Musikaren Artxiboari Donostiako Musika eta Dantza Eskola, Musikene, Francisco 
Escudero Musika Kontserbatorio Profesionala, Musika Hamabostaldia eta Eusko Ikaskuntza batu zaizkie, besteak beste. Aldundiak, adibidez, musikagilearen bizitzari zein obrari buruzko monografiko bat kaleratuko du, batetik, eta liburuxka dibulgatibo bat, bestetik. Eresbilek, berriz, webgune bat osatuko du, baita Escuderoren obren katalogo arrazoitu bat ere.

Musikagilearen Fantasia Geosinfonia grabatuko du Musikenek, eta gauza bera egingo du Zarauzko Udalak Sinfonia Mítica obrarekin. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Sailak, hain zuzen, obra horren unitate didaktikoa argitaratuko du. Musikenews (Musikene) eta Euskonews (Eusko Ikaskuntza) aldizkari digitalek ere haien ekarpena egingo dute, eta 
Escuderori buruzko informazioa emango dute monografiko, artikulu eta elkarrizketen bidez.

Musikaste Errenteriako musika asteak ere musikagilea omenduko du, eta datorren maiatzean haren lau obra eskainiko ditu. Urriaren 3a eta 24a bitartean, berriz, 
Escuderori buruzko jardunaldiak egingo dira Koldo Mitxelena kulturunean. Donostiako Musika eta Dantza Eskolak ere parte hartuko du ekintzetan, eta musikagilearen obra argitaragabeak plazaratuko ditu.

Halere, Zarautzen, 
Escuderoren jaioterrian, joan den martxoaren 1ean ekin zioten mendeurrena ospatzeari, haren irudian oinarritutako margolanen erakusketa batekin. Escuderok euskal musika tradizionala eraberritu eta indartu zuen. Harenak dira, besteak beste, Pinceladas Vascas eta Eusko Salmoa, eta Zigor eta Gernika euskal operak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.