Entzutekoak diren argazkiak

Jose Madrid argazkilariak 'Diskomania' erakusketa ireki du Bilboko Berreginen Museoan

Eskultura klasikoen artean ikus daitezke Jose Madriden erretratuak Bilboko Berreginen Museoan. MONIKA DEL VALLE/ FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Geldi dirudi denak irudietan, baina kantuan ari dira denak. Jose Madrid Santurtun argazkilariak (Bilbo, 1954) Euskal Herriko musika eta kulturari lotutako 25 pertsona erretratatu ditu eurentzat garrantzitsua den disko banaren azalarekin, eta Bilboko Berreginen museoan jarri ditu orain ikusgai. Erromatar garaiko eta Grezia klasikoko estatuen erreprodukzioen artean topatuko ditu bisitariak Iñaki Garitaonandia Gari, Doctor Deseo taldeko Francis Diez, Elena Caballero La Basu, Miren Agur Meabe eta Uxue Alberdi, guztiak sofa berean eserita, baina bakoitza bere modura, eta ikusleari abesti bat proposatuz. Diskomania deitu dute erakusketa, eta apirilaren 25era bitarte egongo da zabalik.

1970eko hamarkadaren erdialdeaz geroztik aritu da Madrid argazkilari lanetan. Musikaren mundua landu izan du bereziki, eta hamaika aldizkaritan argitaratu dituzte haren lanak: Triunfo aldizkarian, Disco Expres-en, Ruta 66-n, Ajoblanco-n, Muskaria-n eta beste hamaikatan. Behin baino gehiagotan antolatu ditu erakusketak bere lanekin, eta Bilboko Berreginen museora heldu da orain. Museoko marrazki ikastaroko ikasle ere izan zen, eta han sortu zitzaien ideia argazkilariari eta museoko zerbitzu teknikoko kideei.

«Argazki estudio txiki bat osatu genuen hemen bertan», azaldu du argazkilariak. Eta, beraz, museoan bertan ateratakoak dira orain museoan ikus daitezkeen irudiak. Goiz erdiko saioak egin zituen erretratatu bakoitzarekin, eta gonbidatu haietako bakoitzarekin izandako solasaldiak izan ditu gogoan artistak erakusketaren aurkezpenean ere. «Normalean kalekoagoa izaten da nire lana, eta erretratuek parte intimoagoa erakusten dute. Erretratatutako pertsonen bizipenekin eta iraganarekin izandako solasaldiak dira argazkiak».

Sofan ia etzanda ageri da Jon Barrasa disko saltzailea; eserleku gainean hankak gurutzatuz eserita Uxue Alberdi; asperduraren eta desafioaren arteko keinu batekin Gari. Eta detaile txiki horiek ematen dute argazkiko pertsonaren nortasunaren berri, eta baita saiorako hautatutako musikak ere. Bob Dylan aukeratu ote duten, The Beatles, Mikel Laboa, Miles Davies, The Velvet Underground edo Antton Valverde. Eta haien hautaketaren zergatia azaltzen duen testu txiki bat ere gehitu dute erakusketarako prestatutako poltsikorako katalogoan.

Jenisjoplin eleberriko pertsonaiagatik hautatu du Alberdik Janis Joplin abeslariaren Ball & Chain kantua, esaterako. Eta Ruben Bladesen Todos vuelven hautatu du Garik, adibidez, Hertzainak taldearekin Europan egindako biran behin eta berriz entzun zutelako. Francis Diez, berriz, The Velvet Underground & Nicoren bananaren azal ezagunarekin ageri da erretratuan. Sunday Morning abestia hautatu zuen hark, eta egindako gonbidapenagatik esker ona azaldu dio argazkilariari erakusketaren aurkezpenean. «Sasoi zailak dira hauek, eta polita da inor zurekin gogoratzea, musikaria zarela gogorarazten baitizu».

Musikazaleek osatzen duten komunitatea izan du gogoan Joserra Rodrigo musika dibulgatzaileak. Bob Dylanen Desire aukeratu du hark, eta, azaldu duenez, haren bidez piztu zitzaion zaletasuna. «Bilbon badago underground kultura bat, eta, orain ere, gutxi gorabehera, ehun pertsona berberak elkartzen gara aldiro Bilboko Kafe Antzokiko kontzertuetan».

Argazki bakoitzaren azpian topatuko du bisitariak sakelakoarekin irudietan aipatzen den abestia entzutera heldu ahal izateko lotura. Eta, beraz, ikusi ahala, argazkiak entzuteko aukera ere izango du horrela.

XX. mendeko berreginak

Adi egotea izan da Madriden metodoa erretratuak egiteko. «Batzuetan keinu batek ematen dizu arreta. Batzuetan ehun argazki egin ditut, eta lehenengo ateratakoa aukeratu dut erakusketarako, eta beste batzuetan bila eta bila aritu behar izan dut».

Berreginen museoan argazkilaritzak duen lekua aldarrikatu du Itziar Martija Bilboko Berreginen museoko teknikariak. Haren hitzetan, argazkigintza ez baita gehiegi urruntzen museoak normalean erakutsi ohi dituen eskultura greko eta erromatarren kopien espiritutik. Ez, behintzat,itxura batean eman dezakeen bezainbeste. «Diskoa eta argazkia, musika eta irudia, erreproduzitzeko bi modu garaikide dira». Eta, beraz, antolatzaileen hitzetan, «XX. eta XXI. mendeetan gehien erabili den berregite teknika artistikoa» museoan txertatzeko modu bat ere izan da erakusketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.