Elena Mendizabal. 'Lege propioa'
Non: Mentxu Gal aretoa, Irun. Noiz arte: 2024ko otsailaren 18ra arte.
Hotz egiten du kalean, ilundu ere goiz egiten du, eta etxeko goxotasunetik ateratzeak nagia ematen du, bereziki behin ilunduta eta asteburuetan —niri behintzat—. Igande goizean ezin nintzen bertaratu; beraz, Mentxu Gal aretoa bisitatzeko aukera bakarra nagiari aurre egitea izan zen, igande goizaz gain, ostiral eta larunbat ilunabarretan soilik irekitzen baita espazioa. Elena Mendizabalen erakusketa inauguratu berri zutela entzun nuen, eta aurten La Tallerren aurkeztu zuen proposamena ikusteko aukerarik izan ez nuenez, gogo berezia nuen beste hau ikusteko, Lege propioa izenekoa.
Baina zeri egiten dio tituluak erreferentzia? Artistari berari egin diezaioke erreferentzia, Mendizabalen legeei, baina baita arteen eta arte sistemaren eremuak dituen lege propioei ere, nahiz bizitzak berak dituenei ere bai. Honetaz guztiaz erakusketan sartu eta espazio batetik bestera zoazen heinean ohartzen zara; ez lehenago. Sartu, eta pare-parean dagoen murrua —normalean erakusketako testua egoten dena— hutsik baitago ia, erakusketaren izenburu soilarekin. Ikusiko den horri nondik heldu behar ote zaion jakiteko zantzuren bat ematen duten hitzak egon ohi dira bertan, ikusleak aretoan naufrago ez sentitzeko erabiltzen dituenak, eta pausoren bat behintzat ziurretik eman ahal izateko. Erakusketa honetan, ordea, bisitariak babesgabe sartzen dira aretoetara, baina aske, esan daiteke ia norberaren lege propio-en arabera.
Erakusketara sartu eta testuek eskaintzen diguten sostengu horren bila, ezkerreko aretora daraman espazioaren amaiera aldera, idulki baten gainean A3 tamainako testuen fotokopiak ikusi nituen, pilan. Hara! Hor dago falta genuen oinarria. Nire pentsamenduak okerrak ziren, baina. Erakusgai zegoen proiektuetako baten osagarria zen, audio lanaren transkripzio zatiak.
Hor zeuden aurikular zuriak, ezkerretako aretoan, hura betetzen zuten hiru moduluen gainean bana. Tentuz eseri nintzen haietako batean, aurikularra belarrietan jarriz, esertzera gonbidatzen zuten kuxinik gabe, Mendizabalen eskulturak izan baitzitezkeen haiek: egunerokotasunera garamatzaten objektuz —plastikozko fruta kaxaz— eraturiko egitura geometriko zurrunak dira, konstruktibismoaren eta minimalismoaren oihartzunen estetikarekiko hurbilak. Ia bi eremu antagoniko diruditenen arteko solasaldia eratzen dute, objektuen tituluak berak ere azpimarratzen duena: Altzariak.
Elementu hibrido horien gainean, lau emakumezkoren arteko elkarrizketa entzuten da aurikularretatik; elkarrizketa nahiko pertsonala da, eta isilpean zelatan aritzearen sentsazioa gailentzen da, entzutea ez dagokizun hizketaldi batean egongo bazina bezala. Barbara, Leonora, Lygia eta Louise dira protagonistak; Barbara Hepworth, Leonora Carrington, Lygia Clark eta Louise Bourgeois, alegia. Emakumezko gorputzetatik abiatuta, arteaz, bizitzaz, zahartzaroaz, amatasunaz... ari dira, haiek sortutako baldintzez, eraginez eta egoerez. Beren kezkarik pertsonalenak partekatzen dituzten fikziozko elkarrizketa bat da; edukiak, ordea, ez du deus ere fikziotik.
Aretoko beste espaziora igarotzean, hura bitan zatitzen duen burdinazko instalazio handi batek ematen du arreta nagusiki: Horma izeneko lana da; hain zuzen ere, burdinazko horma handi bat da, beste aldea ikustea oztopatzen duena. Hormaren atzealdetik datozen soinuak, murmurioak eta hizketaldiak entzun egiten dira, ordea; berriz ere, espazioan, nahi gabean zelatan ari bagina bezala sentiaraziz. Begiradaz gain, areto hauetan ohikoa ez den elementu bat jartzen du horrela jokoan artistak: entzumena, eta entzumenaren bidezko espazioen eta lanen pertzepzioa.
Hormaz bestalde, Mendizabalek azken urteetan egin dituen lanak gogorarazten dituzten proposamenak daude, 3D inpresioan egindako koloretako eskulturatxoak. Itxura organikodunak dira, guztiak plastikoz eginak: plastikozko azal eta ileak dira, eta beste garai batzuetako bere lanen oihartzunak dituzte —Melena zein Arrautza-renak tartean—, baita beste aretoan hizketan diharduten artisten zenbait obrenak ere. Bertan gaudela, berriz ere ahotsak, hitzak eta esaldiak entzuten ditugu, indiskrezio osoz, baina nahi gabean. Hormaz bestalde datoz.